Mariana Travacio idazle argentinarrarentzat, beste edozeren gainetik, literatura gai “gramatikala” da. Segidan etorriko diren hitz edo pasarteak zeintzuk izango diren jakin gabe hasi ohi ditu bere eleberriak. Bi edo hiru esaldi osatu eta gero, kontakizunak berak eramaten du idazlea ezezagun zaizkion txokoetara. Horixe da, hain zuzen, Como si existiese el perdón bere lehen eleberriarekin gertatu zitzaiona. Brasilgo landa eremu batean, jai giroan bizitako esperientzia batek eragin zion nobela horren lehen atala idazteko bulkada. Gerora, ordea, bi urtez geratu zen horri zerk jarraituko ote zion jakin gabe, hastapenetako kapitulu horretan lortutako musikaltasunari eta kadentziari nola berriro heldu ez zekiela. Ekinaren ekinez lortu zuen eta 2016an eman zuen argitara, “buruz errezitatzeko” kapaz izateraino landutako nobela. Orain, gainera, euskarara ekarri du Erein argitaletxeak Travacioren liburu hura, Barkamena existituko balitz bezala izenburuarekin. Fernando Rey arduratu da, jatorrian “oso gaztelania berezia” duen hizkuntzaren itzulpen lanaz. Horretarako, Travacio beraren laguntza izan du, zenbait “argentinismo” nola euskaratu ebazteko, bidean hitzen “samurtasuna” galdu gabe.

Ereingo editore Uxue Razquinen bultzadaz ekarri da Euskal Herrira eta euskarara idazle argentinarraren lana. Liburua gaur, astelehenarekin, aurkeztu du Inazio Mujika Iraola idazle eta editoreak Donostian. Bertan izan da Rey, baita Travacio ere, Atlantikoaren beste aldetik zuzenean bideokonferentzia bidez. Zeinu geografiko edo denborazko erreferentziarik gabeko kontakizuna ondu zuen Travaciok, “edonon edo edonoiz” kokatua dagoena. Argentinako Panpan girotua egon liteke, baita Euskal Herriko landa eremu batean ere. Bi herrialdeetako “landa giroak elkar besarkatzen dutela” iruditzen zaio Mujika Iraolari. “Protagonistak gautxoak izan daitezkeela suposa dezakegu. Agian Panpan daudela, baina idazleak ez du espreski esaten. Argentinaren inguruan dugun imajinarioaren arabera, hala iritzi dezakegu”, esan du editoreak.

“Hezur-haragizko” protagonistaz osatutako nobela da argentinarrarena. Testuinguruari dagokionean, indarkeria bortitzez blaitutako gizartea erakusten du. “Western-aren” koordenadetan kokatu ohi den kontakizuna dela aipatu du Mujika Iraolak. Alta, “greziar tragediekin” ere erlazionatu daitekeela uste du: biolentzia, krimenak eta heriotzak nagusi baitira hasiera-hasieratik.

Mariana Travacio eta hizkuntzaren soiltasuna

Kontakizunaren gogortasuna baieztatu du Reyk, gerora gehitzeko Travacioren testuak “sekulako edertasuna ere baduela”. Berehalaxe harrapatzen zaituen istorioa omen da eta hizkuntzari dagokionean “erritmo eta soiltasun poetikoa” nagusi direla gaineratu du, idazleak irakurleari “toki handia uzten diola” bere imajinazio gaitasunari dei eginez. Itzultzailea bera, egoera “kontenplatibora” eta isiltasunera eraman zuela testuak lehen irakurraldian. Prosari “lakonismoa badario ere” eta deskribapen soilak erabiltzen baditu ere, “pertsonaien psikologia” eta egoeraren atmosfera primeran marraztu dituela uste du itzultzaileak.

Azken hari horri tiraka, editoreak aditzera eman du Travaciok atmosfera beste pertsonaia bat bailitzan darabilela, irakurleak testuko “bero kiskalgarria” ere nabaritzeraino.

Juan Rulforen bidetik...

Travacioren prosan Juan Rulforen idazketaren zantzuak topa daitezkeela esan du Mujikak. Idazle argentinarrak eskerrak eman ditu horrelako laudorioa entzunda. Eta amaitzeko, Rulforen hitzak bere egin ditu: “Idazten duenak paradoxaren gainean nabigatu behar du: hizkuntzaren aurrean mesfidati agertu behar da, hizkuntza bera puskatzeraino eta, aldi berean, hizkuntzaz baliatu behar du”. Horixe da berak, Barkamena existituko balitz bezala eleberrian egin nahi izan zuena, hizkuntza puskatu eta berau baliatu.