18 urtez Ordiziako lehen taldean jokatu eta gero, orain dela bi aste, denboraldiko azken partidarekin, amaiera eman zion Axier Alvarez de Eulatek bere kirol ibilbideari, goierritarrek Ohorezko A Mailan mantentzea lortu zuten norgehiagokan. Bigarren lerrokoa pozik agertu zen berak aukeratu ahal izan duelako errugbia uzteko momentua, “are gehiago horrelako egun handi batean”.

Nola bizi izan zenuen zure azkeneko partida eta ondorengo omenaldiak?

Sorpresa handia izan zen. Ez nuen inondik inora espero horrelako ezer bizitzea tokatuko zitzaidanik. Oso polita izan zen. Kuadrillak eta familiak ezkutatu egin zidaten. Taldetik gonbidapenak hartzeko aukera eskaini ziguten, eta nik kuadrillakoei eskaini nizkien. Gutxi batzuk eskatu zizkidaten. “Badakite azkeneko partida izango dela eta nahi duena etorriko da eta nahi ez duena ez”, pentsatu nuen. Nik ez nion beste munduko garrantzirik eman azkeneko partidari. Zorionez, bestela agian haserretuko nintzen (barre egin du). Naturaltasun guztiarekin azaldu nintzen Altamiran. Beroketa amaitutakoan bat edo beste ikusi nuen nire aurpegia zeraman kamisetarekin. Hasierako minutuetan oso harrera beroa jaso nuen zalegoarengandik. Zelaira irten nintzenean jende asko zegoen zutik, txaloka, egin dudan ibilbidea eskertuz. Egiten zuen beroarekin, lehenengo zatiko erdialdetik aurrera leher eginda nengoen. Gero, partidan zehar, momentu hil batzuetan, erreparatu nion jende asko zegoela kamiseta gorriekin, eta orduan hasi nintzen kontura-tzen norbait molestatu zela zerbait oso handia eta oso polita antolatzen. 

Taldekide ohi asko agertu ziren.

Espero nuen bakarra taldekide izandakoak gerturatzea zen, beti egin izan dugun zerbait delako. Imajinatzen nuen azkeneko partida zerbait berezia izango zela, eta orain badakit zapore arraro eta berezi bat duela, ez nuke definitzen jakingo. Taldekide ohiei gustatzen zaie, ala zaigu, despedidetara joatea. Orain, utzi dudanean, gehiago ulertzen dut zer garrantzia duen azkeneko partidak. Pentsatzen nuen horietako ba-tzuk etorriko zirela sagardotegira taldekideekin. Mañeru izeneko herrian daukat familia eta kuadrilla, eta banekien beraiek ere etorriko zirela, eta pentsatzen nuen 30-50 bat lagun juntatuko ginela, besterik gabe. Sagardotegira azaldu eta ikusi nuenean ehun eta piko pertsona geratu zirela bazkaltzera “Pasatu gara berriro!”, pentsatu nuen. Behin eta berriro errepikatzen nuen ez nuela espero, ia deseroso sentitzen nintzen, ea merezi ote nuen zalan-tzan jarriz. Oso polita izan zen, baina egia esan... erabat gaindituta nengoen.

“Oso eskertuta nago errugbia neronen erabakiz utzi izanarekin. Are gehiago, horrelako egun handi batean, salbazioa lortuta”

Zelaian, azkeneko agurrean, soilik eskerrak eman zenizkien taldekideei eta beraiekin jokatzea plazer bat izan zela esan zenuen...

Ez nuen ezer prestatu. Egia esan, ez dut asko gehiago esateko. Oso eskertuta nago gaur egungo taldekideek eman didatenarekin, eta ibilbide luze honetan izan ditudan taldekide guztiekin, bai taldean bai selekzioetan. Beraiengandik berotasun handia jaso dut pasatu ditugun momentu on eta txarretan. Ez zait iruditzen esateko beste ezer izan dezakedanik: biziki eskertu beraiekin jokatzeko, entrenatzeko, nire parte sentitzeko, eta beraien parte izateko aukera hori eskain-tzeagatik. 

Egun batzuk pasa eta gero, nolako gorputzaldiarekin geratu zara?

Joan den asteko ostegunean entrenatzera joan nintzen, eta taldekideek galdetu zidaten zer sentizen nuen behin errugbia utzita. Eta oraindik ez dakit. Iruditzen zait irailean etorriko zaidala kolpea. Orain sentitzen dut denboraldia bukatu dudala, baina imajinatzen dut gero gorputzak berriro eskatuko didala berriro taldekideekin biltzea eta berriro entrenatzea. Zorionez, nik nahi izan dut etapa hau bukatzea, eta errugbiarekin harreman sano bat izanda bukatu. Nire beldurrik handienetarikoa lesio batekin edo beste edozein arrazoirengatik errugbia uztea zen. Oso eskertuta nago errugbia neronen erabakiz utzi izanarekin. Are gehiago, horrelako egun handi batean, salbazioa lortuta, dena ondo bukatuta. 

Horregatik erabaki zenuen errugbia uztea?

Bai. Nire beldurrik handienetako bat errugbiari zelaian bertan ezin agur esatea zen, zerorrek agur esan gabe kirol horri. Kirolari ezberdinak ditut buruan. Taldekide izan ditudan Unai Lasa, Aizpun, Aitzol Idiakez... edo Irujo pilotaria. Asko etorri zaizkit burura azken urteotan. Ez nuen nahi hainbeste denbora eman diozun kirol ibilbide bati lesio baten ondorioz bukatutzat eman behar izatea. Zorionez, oso pozik geratu naiz oso egun borobil batean bukatu nuelako nire jokalari ibilbidea. 

“Nire beldurrik handienetako bat errugbiari zelaian bertan agur ez esatea zen. Egun borobil batean bukatu nuen”

Titular izanda esan zenion agur zelaian, 37 urterekin...

Bai, titular izanda eta partida osoa jokatuta. A zer sufrimentua izan genuena! Oso kontentu bukatu nuen, ia beste urtebetez jokatzeko animatuta (barre egiten du). Aurten denboraldi hasieran esan nuen hau azkena izango zela. Aurreko denboraldia ere nire asmoa azkenekoa izatea zen, baina gorputza ondo sentitu nuen, eta ezer esan ez nuenez, pentsatu nuen ez zela bekatu izango beste urtebete bat luzatzea. Eta beldur handiarekin hartutako arrisku hura, zorionez, ondo bukatu da. 

Eskubaloian jokatzen zenuen. Zerk erakarri zintuen errugbira?

Eskubaloiko talderik gabe geratu nintzen. Etxean beti izan dugu oso gertukoa errugbia. Anaiak animatu ninduen, eta, egia esan, asmatu nuen erabaki hura hartuta. 

2006an egin zenuen debuta. Badakizu zenbat partida jokatu dituzun?

Bai, 336 deialditan egon naiz. 2006 hartan hasi nintzen lehen taldearekin jokatzen, 19 urteko ume moko bat izanda, inongo aspiraziorik gabe eta presiorik gabe, ilusio handiarekin. Lesioekin ere zorte handia izan dut eta horri esker pilatu dut halako partida kopuru handia.

Hirugarren lerroan hasi zinen, eta azken urteotan bigarren lerroan aritu zara...

–Behin konturatuta metroak egitea gehiago kostatzen zitzaidala, beste rol batzuk hartzeko joera izan nuen. Baloia gutxiago bilatu eta lagunei laguntza gehiago eskaini diet. Nahiago dut bigarren lerroan jokatu ordezkoa izan baino, eta nahiago dut ordezko izan eta jokatu ez jokatzea baino. Beti gustatu izan zait taldearen zerbitzura jartzea.

“Ez dakit non dauden Errege Kopako dominak, baina bidean egin ditudan lagunen telefono zenbaki guztiak ondo gordeta dauzkat”

Zure ibilbideari begiratuta, zein da burura datorkizun lehen oroitzapena?

–Lehenengo oroitzapena Trevijanon kokatuko nuke, lehenengo entrenamenduetan eta, noski, lehenengo partida haietan. Gero, egon dira beste momentu oso berezi ba-tzuk. Adibidez, Sevillan, 2010-11. denboraldian. Azken jardunaldi ero hartan galduz gero jaitsiko ginen. Tartean berri txarrak ere izan ditugu: Kawaren heriotza orain dela urte gutxi, denboraldi honetan bertan Urtzi Abanzabalegiren heriotza... Batez ere, jende asko etortzen zait burura. Jende asko ezagutzeko aukera izan dut, beraien lagun izateko aukera, eta horixe izan da aberastasunik handiena. Ia ez daukat ideiarik ere non dauden Errege Kopako dominak edo bigarren geratu ginenekoak, edo “ia” kenduta, baina bidean egin ditudan lagunen telefono zenbaki guztiak ondo gordeta dauzkat, eta ziur ondo etorriko direla parrandarako, bazkarietarako, elkarren artean laguntzeko eta elkarri “Kaixo” esateko.

2012an eta 2013an irabazitako bi Errege Kopek ere leku berezi bat izango dute zure oroitzapenetan.

Bai. Egun horiek ondo gordeta daude bihotzean, oso intensoak esan ziren. Batez ere lehengo Kopa. Ordiziara iritsi, autobusetik jaitsi eta ematen zuen festak aurreratu zituztela, herri guztia kalean guri itxoiten, plaza beteta... ez genuen inondik inora espero. Oso giro polita, bai Ordizian, bai Palentzian bertan. Gainera, pentsa nola iritsi ziren bi kopa horiek, bi erremontada ia ezinezkoak eginda.

Kopa batekin gorabehera batzuk izan zenituzten ospakizunetan...

Kopa bat galdu genuen! Erreplika bat ematen dute. Lehenengo kopa irabazi genuenean norbaiti okurritu zitzaion originala gordetzea, eta bigarrena norbaiten eskuetan geratu zen. Edaten eta poteatzen aritu ginen, eta kopak zakarrontzi batean bukatu zuen, Andre Mari kalean. Hurrengo egunean, WhattsApparen bidez, argazki kurioso bat iritsi zi-tzaigun. Baten batek ikusi eta berreskuratu egin zuen. Barre dezente egin genuen. Garaikurra berari garrantzia gutxi ematen genion; denok elkarrekin kirol aldetik puntu oso altura iritsi izanari ematen genion garrantzia. Gainera, klubarentzako ere maila horretako lehen garaipena izan zen.

Liga irabazteko zorian izan zara hainbat aldiz. Arantza hori iltzatuta al daukazu?

Orain dela bi denboraldi puntu-puntuan ibili ginen. Bagenuen motibazio oso handi bat liga irabazteko, baina, tamalez, ez zen posible izan. Beste hamaika arantza egon daitezke, eta kentzeko gustura jokatuko nuke beste denboraldi bat. Arantza horiek kamustu egin beharko ditut ahalik eta min gutxien emateko. Baina atzera begiratzean konformatzen naiz egindako ibilibidearekin;harro nago egin dudan ibilbidearekin.

Zelaian, zein izan da gehien markatu zaituen taldekidea?

Bat bakarrik aukeratzea ezinezkoa egiten zait, baina hori Joanes Aierberi askotan esan diot. Bera izan dugun kapitain handiena izan da, inguruan soldado raso pila bat izan zituelako: Xabi Lerma, Josu Oiarbide, Urtzi Abanzabalegi, Igor Isasi, Mikel Mate, Iñaki Puyadena, Suso, Iñaki Luloaga... Talde horretan geundenak oso lotuta ginen elkarri, errugbiari, kapitainari eta entrena-tzaileari, Axio Arañari. Ume moko bat nintzela igo nintzen lehen taldera eta besoak zabal-zabalik hartu ninduten.

“Jende asko ezagutzeko eta beraien laguna izateko aukera izan dut, eta hori izan da aberastasunik handiena”

Azken denboraldi hau nahiko gogorra izan da...

Bai. Nik oroitzen dudan gogorrena edo gogorrenetakoa. Bi aldetatik, arlo pertsonalean eta taldeari dagokionean. Denboraldi hasieran nire burua fisikoki oso ondo ikusten nuen, oso maila altuan, eta zazpi partida behar izan nituen lehenengo minutuak jokatzeko. Hori, egia esan, gogorra da kirolari batentzat, eta azkenekoetan dagoen jokalari batentzako, ia hilgarria. Ez dut ezkutatzen, zalantzak izan nituen ea merezi ote zuen jarraitzea. Zorionez, aukera izan dut gorputzaldi horri buelta emateko, eta gutxienez denboraldi bukaera duin bat egiteko. Sant Boiren kontrako partidara arte hiruzpalau partida irabazi genituen eta denboraldi polita egiteko aukera izango genuela ematen zuen. Ez genuen zalantzarik playoffetara iritsiko ginenik. Berriro bolada kaskar batean erori ginen eta, egia esan, bukaera oso gogorra izan da. Igual horrek ere lagunduko zidan nire azkeneko partida horretan ez pentsatzen; ez zen inolako festarik izango. Pentsatzen nuen: “Galtzen baldin badugu, egon zaitez zu ekainera arte entrenatzen hil ala biziko partida bat jokatzeko, gorputza txikitu samar genuela, eta denboraldi luze honetan animikoki dezente sufrituta”. Bukaera presio handikoa izan da. Putzu batean geunden eta, elkarri lagunduz, ateratzeko gai izan ginen, eta modu oso alai batean, gainera.

Errugbiari lotuta jarraituko duzu?

Denboraldi bat behar dut atseden hartzeko. Errugbiari lotua egon naiz ia bizi guztian eta espero dut etorkizunean ere elkarren bideak gurutzatzea, baina orain deskonektatzeko beharra daukat. 

Altamirako harmailetara, behin-tzat bueltatuko zara...

–Bai, gutxienez taldekideekiko laguntasunarengatik joan beharko dut, bizkarreko batzuk ematera, ba-tzuetan espabilatzeko eta bestetan animatzeko, baita eskertzeko ere. Bertan elkartuko gara.