Korrika, bada, guztiona den zerbait. Euskal izatearen balio guztiak bere baitan bilbatzen dituena. Hori da sentitzen duzuna Korrikan parte hartzean. Euskararen alde, euskara sentitzeko modua eraikitzen parte hartzen duzula, modu kolektiboan, modu dibertigarri batean, kirola eginez, kantatuz… Euskal Herri osoan barrena, gau eta egun.

Belaunaldi ezberdinetako jendea erakartzen duen ekitaldia da. Ezinik ulertzen ez duena. Aurrera begira gauzatzen dena. Eta barrutik pizten zaituena.

Korrikako bideoak eta argazkiak ikusten jartzen zarenean, ezin duzu bat bakarra aukeratu. Guztiak baitira ederrak. Aurtengoan, hala ere, egin dut saioa eta iruzkin eta bideo batekin geratu naiz.

Bideoan ikusten da sasoi oneko bikote bat, aitak sorbalda gainean hiru urte inguruko umea duela, korrikan eta, aldamenean, ama, sabel gainean hamar hilabete inguruko umea zorroan sartuta duela, korrikan. Aita-amak eskutik helduta. Sorbalda gaineko umeak ikurrina darama eskuan. Elikatzen gaituen titia ez dela ahanzten dioen esaera irudikatzeko modu ezin bikainagoa.

Iruzkina, ordea, aitona batena, bilobak Korrikarako prestatzen ikusteak sorrarazi dion zirraraz hitz egitean. Ez da, jada, gure kontu bat, ziostan. Bilobak zein urduri somatu dituen kontatzen zidan. Gauza oso berezi bat egin behar zutela azaldu diotela. Eta aitonak esan dienean bera ere korrikan egindakoa dela, bilobek amari galdetu omen diote, egia ote den.

Aitona konturatu da, bilobek harriduraz begiratu diotela, korri egiten ikusiko ez balute bezala. Alderdi fisikoaz harago, irribarrez aitortu dit aitonak, badagoela jabetza zentzu berri bat, eta da, gaztetxoek Korrika eurena eta eurek egitekotzat ikusten dutela. Eta ez aitonarena. Hor ere egin dugula bidea.

Esaten da, behin Korrikan parte hartu duenak, ez duela sekula ahanzten han bizitako emozioa. Errepikatu egin ohi duela esperientzia. Halakoa baita jasotzen duen indarra. Halakoa, ttipi eta ttapa, herriak batuz doan ibilaldi kolektiboak uzten dizun zapore gozoa: harrotasuna. Korrika, bada, gure herriaren markaren osagai bat.