Egunkarietako kirolen saila eta hilberriak besterik irakurriko ez badugu ere, ez diezagutela behintzat esan digitalki alfabetatu gabeak garenik. Hori azkena litzateke, desohore gorena. Gailuak eskuan itsatsirik, azalean txertaturik bagenematza bezala, teknologiak garatutako baliabide guztiak darabiltzagu une oro. Arloteenentzat garatutako gailu eta aplikazioak dira, horregatik moldatzen dira hain aise ia zernahitan: eguraldiaren iragarpena, norbaiti egin beharreko transferentziaren bat, herriko kultur agenda, norbere futbol talde kuttunaren sailkapena eta hurrengo partidak, Korrikan eroritakoen bideoak, sareetako eta whatsapp taldeetako kuku besteenak baino originalagoak... Hori arloteenek erraz egiten dute, baina gu azkarrak gara eta askoz harago jo dezakegu. Pertsona onak ere bagara, ordea, eta gure ahala eta jakintza ez dugu ongia egiteko baizik baliatzen. Beste zenbait sugegorrik, aldiz...

Rocio Vidal kazetari eta zientzia-dibulgatzaileak idatzi zuen herenegun: “lehengoan jakin dut Adimen Artifizialarekin berregindako nire zenbait argazki zabaltzen ari direla Interneten. Zalantzan egon naiz, kontatu edo ez, baina uste dut beharrezkoa dela aurre egin beharreko arazo hau ikusaraztea. Jatorrizko foroa aurkituta, bere buruari Adimen Artifizialeko artista deitzen dion norbait zela ikusi dut. Argazki pertsonalizatuak saltzen ditu, eta zuk nahi duzuna biluz dezake. Adibide publikoak eskatu zizkioten eta, zorigaitzez, ni naiz horietako bat.” Alegia, gutariko edonork jo dezake sasiartista horrengana. Geuk biluzik ikusi nahiko genukeen edonoren argazki bat bidaltzea aski da, hortik aurrerakoa artistaren esku: Adimen Artifizialaren bidez eite bertsua duten gorputz biluziak xerkatuko ditu sarean eta guk bidali diogunaren aurpegiari itsatsiko. Handik aurrera, ia dena libre. Ikusi al duzue gure ikaskidea/bizilaguna/kultura zinegotzia biluzik? Eta, ttak!, whatsapp taldera. Eta beste batera, eta hurrengora. Egungo tresnekin ia inorentzat ia ezer ez da zailegi, baina albait arinen ezarri beharko ditugu zilegi denaren mugak.