UPNko kide zenbait kezkaturik daude, nonbait, euskal kultura eta hizkuntza maite dituzten nafarrei arrotz zaielako alderdi honen proiektu politikoa. Horiek ere erakarri nahi-eta, alderdiaren izena euskaratzetik hasi gogo lukete halako arrangura dutenek. Ildo horretatik bi proposamen daude UPNk heldu den hilabetean eginen duen biltzarrerako aurkeztutako zuzenketen artean. Proposatuan, ordea, ez datoz bat. Atzo zabaldutako albistearen arabera, batek “Nafar Herriaren Batzea” (NHB) iradoki du Unión del Pueblo Navarroren lagun. Bertzeak “Elkarrekin Nafarroaren Herrikora” (sic) (ENH) edo “Navarrako Herriarentzat Elkarrekin” (arrasic) (NHE) jarri ditu hautara, nahiz eta zehaztu horiek behin-behineko konponbideak direla, “hizkuntzalari aditu” batek bere irizpena eman bitartean (lan hori merke samar eginen lukeenik ezagutzen dut nik bazterrotan). Aldiz, ez batak ez bertzeak nahi Nafarroako Herri Batasuna edo Nafar Herriaren Batasuna bezalakorik. Bi proposamenen egileek nabarmenki ihes egin diote “unión” itzultzeko ordain zuzenen edo ohikoenari. Berrogei urtez “batasunoen” kontra su eta gar ibilita, ezin onartu orain berentzat etsai historikoaren izena, etsai historikoak bere izena aspaldi aldatu badu ere. UPNk ez du halakorik egin. Lehengoari eusten dio, lehengo izenari eta lehengo izanari; azken asteetako hemerotekak bete-beteak daude gure hizkuntzaren kontra alderdi honek hitzez eta eginez abiatutako erasoez. Nire ustez, betiko siglen ondoan NHB edo gisako bat agertzea baino zerbait gehiago egin beharko du Esparzaren alderdiak Nafarroako euskaltzaleek aukeratzat inoiz hartu ahal izateko. Baina tira, beharbada zerbait mugitzen ari da mundu horretan eta gu, oharkabeok, ez gara oraindik jabetu. Hara, Partido Sozialista de Navarran inork ez du inoiz proposatu, guk dakigula bederen, izena euskaratzeko.