Hirigintza arloan pausoak ematen jarraitzen du Belauntzako Udalak, bertako ordezkariek azaldu dutenez. Izan ere, datozen hilabeteetan, zenbait “proiektu interesgarri” jarriko dituzte martxan.

Etxebizitza berriak

Batetik, ostatu azpian dagoen belazean sei etxebizitza eraikiko dituzte, baita oinezkoentzako bidea ere. Horretaz gain, aste honetan bertan, plaza eraberritzeari ekingo diote eta hiru eremutan banatuko dute. “Batetik, parkea egongo da, bestetik, estalpe moduko kiosko txiki bat eta, azkenik, eremu berde bat”, azaldu du proiektuaren inguruan Iñaki Telleria alkateak.

Obrarekin hasiak dira jada, eta Telleriak azaldu duenez, lanak pixkana egitea da helburua. “Une honetan, lehen fasearekin lanean gabiltza eta dagoeneko plazako lanak egiten hasi dira. Hurrengo pausoa parkea eraiki eta estalpea jartzea izango da eta, ondoren, bigarren faseari ekingo diogu, hau da, etxeak amaitzeari”, baieztatu du alkateak. Plazari amaiera ematea izango dute azken fasea eta, bertan, eremu berdea eta oinezko bidea eraikiko dituzte. Obra guztia Tolosako Construcciones Hugar SL enpresa ari da egiten.

Aurrerantzean ere, “hainbat proiektu interesgarri abiaraztea” da Belauntzako Udalaren helburua, “herriaren etengabeko hobekuntzaren bidean”.