Datorren astean, maiatzaren 13tik 18ra, Orreaga 824 izeneko kultur astea ospatuko da Astigarragan Nabarralde Fundazioak antolatuta, Udalarekin elkarlanean. Hainbat ekintza prestatu ditu aste honetarako: erakusketa bat, hitzaldi bat, antzezlan bat eta jardunaldi bat. Jarduera guztiak doakoak dira eta elebidunak.

Historia ezagutu

Aste honen helburua, asteazken honetako aurkezpenean azpimarratu zenez, nafarren eta baskoien historia ezagutzera ematea da. Data esanguratsuen artean garrantzitsuena 824 urtea da: Orreagan enperadore frankoen aurkako azken gudako urtea. Garaipen horren ostean, baskoiek independentzia irabazi zuten eta gobernu egonkor bat eratu zen, geroago Iruñeako Erresuma izango zena.

Orregako gudaren errepresentazio bat

Horiek horrela, 18 panelez osatutako Orreaga eta Pirinioetako erresuma erakusketa zabalik egongo da datorren aste osoan, astelehenetik larunbatera, Erribera kulturgunean. Irekiera ekitaldia astelehenean 19.00etan izango da, Nabarraldeko Angel Rekalderen eskutik.

Maiatzaren 17an, 19.00etan Erriberan, Segurako Historia Oroituz antzerki elkarteak Orreagatik iragan hurbilera antzezlana eskainiko du, Lourdes Imazen zuzendaritzapean.

Amaitzeko, maiatzaren 18an goiz osokorako jardunaldi bat antolatu da. Baskoien historian adituak diren historialariek hiru hitzaldi eskainiko dituzte eta atsedenaldiaren ondoren mahai-inguru bat izango da.

Sarrerak

Jardunaldian parte hartzeko interesa dutenei lehenbailehen izena emateko eskatzen zaie nabarralde.eus/astigarraga webgunearen bitartez, antolatzaileek banatuko duen materiala prestatu ahal izateko. Asteari amaiera emateko, nahi duenak bazkarirako txartelak ere eros ditzake.