Igande honetan Irulegi mendira (Nafarroa) egingo da txangoa Zumaiko Indamendi elkartekoak antolatuta. Egun osoko irteera izango da eta, horregatik, bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du. Gainera, antolatzaileen esanetan, “bide osoan zehar ez dago iturririk, beraz, norberak bere ura ere eraman beharko du”. 

Irteerako autobusa 7.30ean irtengo da Patxita Etxezarretatik. Hau da, Kantauriko geltokitik. Autobusaren prezioa helduentzat hamahiru eurokoa izango da eta haurrentzat zazpi eurokoa.

Gauzak horrela, maiatzaren 5ean, Arangurenetik hasiko dute ibilbidea. Ondoren Taxoare herrira arteko ibilbidea egingo dute. Gainera, tartean Irulegi mendira (893 metroko garaiera du) igoko dira.

“Irulegi mendiko tontorrean Iruñea defendatzen zuen gotorleku bat zegoen eta oraindik ere bertan daude haren aztarnak. Gainera, azken urte hauetan inguru hau indusketa gunea da eta hainbat aurkikuntza egin dituzte. Tartean, 2021. urtean aurkitutako Irulegiko eskua. Esku hau metalezko pieza bat da kristo aurretik lehenengo mendearen bukaeran hondatutako herri baten aurrietan aurkitu zuten”, adierazi dute Indamenditik.

Irteera 19 kilometrokoa izango da eta 843 metroko desnibel positiboa du. Izena eman daiteke jada eta apuntatzeko azken eguna bihar izango da. Horretarako Indamendiko webgunean (www.indamendimb.eus) eman beharko da edo Whatsapp bitartez 688 860 852 zenbakira mezua idatzita. 

Azkenik, Indamendikoek gogorarazi dute, ohi bezala, edonor joan daitekeela, “ez da beharrezkoa bazkide izatea”.