Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrenean idatzitako Urretxutik mundura obra sinfoniko korala Santanderren taularatu zuen larunbatean.

Autobusa

Urretxuarren babesa izan zuen, Udalak autobusa antolatu baitzuen. Kontzertuak harrera bikaina izan zuen: Palacio de los Festivales de Cantabria aretoa bete egin zen. Gorka Hermosak (akordeoia), Juanlu Escuderok (aktorea), Marina Pardok (mezzosopranoa) eta Orquesta Sinfonica y Coro de la AFCk (Asociacion Filarmonica de Cantabria) parte hartu zuten, Cesar Vinagreroren zuzendaritzapean. Escuderok, Toti Martinez de Lezeak eta berak Iparragirreri buruz idatzitako testuak errezitatu zituen.

Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa Ruben Plaza

Hermosa oso pozik ageri da. “Nire bizitzako egunik politenetakoa izan zen. Euskaraz egindako eta Urretxun sortutako ekoizpen batekin Santanderreko areto bat betetzea, sekulakoa da. Dena ondo atera zen. 200 bat WhatsApp jaso ditut. Eta Urretxutik autobus bat etortzea, oso hunkigarria izan zen. Santanderreko alkatea eta Kultura zinegotzia eta Urretxuko Kultura zinegotzia ere bertan izan ziren. Ametsetan ere ezin zitekeen hobeto atera”.