Beste urtebetez, Euskal Herriko haragi mota ezberdinen erakusleiho izango da Tolosa, maiatzaren 2tik 5era, Bertako Haragien Azokari esker. Azokaren antolatzaileek ostegunean eginiko aurkezpenean azaldu zutenez, lau egun horietan formazioa, dastaketak, salerosketa eta festa uztartuko ditu hitzorduak, beti ere inguruko haragian zentratuta. Aste honetan eginiko egitasmoaren aurkezpenean, Tolosako Udaleko zinegotzia den Aitor Agirresarobek, Cárnicas Alejandro Goyako Miguel Cruzek eta Lizartzako Ueta baserriko Izaro Zubiriak azaldu zituzten azokaren nondik norakoak.

Agirresarobe zinegotziak azaldutakoaren arabera, aurreko urteekin alderatuta, “ikuspegi aldaketa ekarriko du haragian zentratzen den azoka bereziak”, bertako haragien ekoizpenean sakonduko baitu aurten. Modu horretara, inguruko ekoizleak eta beren proiektuak ikusgarri egitea da helburu nagusia, baita horiek duten haragi aniztasuna balioan jarri eta sukaldatzerakoan dauden aukerak ezagutzea ere.

Antolaketa

Izan ere, antolatzaileen ustetan, asko dira gurean ekoizten diren haragi motak, gero harategietan eros daitezkeenak edota erretegi eta jatetxeetan dastatu ahal direnak. Behikiak, oilakiak, ardikiak, zaldikiak edo txerrikiak, besteak beste. Aniztasun horren erakusle izango da Haragien Azoka. “Tolosaren nortasunaren parte izan da haragia, kate osoan, gainera: baserrietako lanetik hasi, eta erretegi eta jatetxeetako ohituretaraino, harakinek eraldaketan egiten duten lanaz ahaztu gabe. Gure txikitasunetik sektorea sustatzen lagun-tzen jarraitu nahi dugu, haragia zentzurik zabalenean eta eskaintza osoa kontutan hartuta. Ohiturak, askotan, haragi mota berak kontsumitzera bultzatzen badu ere, aukera zabal hori erakarri nahi izan dugu, hainbeste kontsumitzen ez diren haragi-motak eta piezak ere gerturatuz. Ekoizleen eta harakinen lanari bultzada ematea eta gastronomia sustatzea dira gure helburuak, eta horregatik zentratu gara eskaintza osoan”, azaldu zuen ostegunean Aitor Agirresarobek.

"Ekoizleen eta harakinen lanari bultzada ematea eta gastronomia sustatzea dira gure helburuak"

Aurreko urteko dinamika berdinarekin jarraituz, 4 eguneko iraupena izango du azokak. Ostegunean, eta igandera bitartekoa. Azokaren lehen eguna, “solaserako eta hausnarketarako” eguna izango da.

Tolosako kultur etxea.

Izan ere, Elkartu eta elkarbanatzen topaketa egingo da Tolosako Kultur Etxean, haragiaren sektoreko profesionalak elkartu, errealitateen inguruan eztabaidatu eta esperientziak partekatzeko. Bi hitzordu izango dira topaketa horren barruan. Batetik, Nerea Vianak, Sakanako Garapen Agentziako Elikadura teknikariak, Kalaska Kooperatiba ezagutzeko aurkezpen-hitzaldia emango du.

Hiltegiaren berrikuntza

Hain zuzen, bailarako abeltzainekin batera Sakanako hiltegia berritu eta haragia eraldatzeko zatitze gune kolektiboa sortu zuten. Eredu horren nondik norakoak partekatuko ditu hitzaldian. Ondoren, Haragiaren lurraldea: aukera eta erronkak izeneko mahainguruan parte hartuko du, sektoreko beste hiru emakumerekin batera: Izaro Zubiria, Helena Muñagorri, eta moderatzaile lanetan arituko den Josebe Blanco.

Ostiralean ere jarraipena izango du eskaintza formatiboak, eta Tolosako Zerkausia ikasgela bihurtuko da. Haragiaren ekoizpenean zentratu ordez, ordea, despiezea eta gastronomia uztartuko ditu Haragi ezberdinen zatikatze eta kozinatzea izeneko ikastaro praktikoak. Izan ere, Cárnicas Alejandro Goyako arduraduna den Miguel Cruzek hainbat animaliaren haragi piezak nola zatikatu azalduko du.

Bien bitartean, alboan, zuzeneko sukaldaritza erakustaldia egingo dute Javi Riverok eta Gorka Ricok, Xabi Gorrotxategik, Joxe Mari Barriolak eta Felix Belaunzaranek. Bertako Haragiaren Azokak, entzutetik bezala dastatzetik ere izango du. Larunbatean berriz, Bertako Haragi Ekoizleen Azoka izango da Trianguloan. Orotara zazpi postu izango dira, eta, horretaz gain, haragia dastatzeko aukera ere izango da, zuzeneko erreketak izango baitira.

Azokako postuetako haragi pintxoez gain, Txomin Parrillak bertako haragi pieza ezberdinak txingarretan erreko ditu, eta horien pintxoak eskainiko ditu. Igandean, azokari amaiera emateko, lehengo urtean estreinatutako Euskadiko Autore-Hanburgesa Lehiaketaren II. edizioa ospatuko da. Hanburgesa berritzaile onena eta hanburgesa tradizionalik onena ekoizten duten harategiek eramango dituzte sariak.