Larunbatean Krostadarrean parte hartzera deitu dute herriko hainbat kirolarik. Atzegik eta Marea Urdinak antolatu duten Krostadarra dago ostiral honetan ospatuko den Aniztasun Izpiak-Kilometroak txikia egitarauko ekimenen artean, eta jende askok parte hartzea da antolatzaileen helburua. “Krostadarra aniztasunaren alde egingo den ekimen bat da. Alde eta molde guztien arteko elkartasuna, bateratasuna eta kidetasuna balioesteak elkar aberasten gaituela aldarrikatu nahi dugu.

Parte hartzea

Beraz, herritar oro animatu nahi dugu Krostadarrean edota egun horretako beste edozein ekintzatan parte hartzera”, adierazi zuten kirolariek.

19.00etan Azpeitiko plazatik aterako da Krostadarra. 1,2 kilometroko ibilbidea izango du, eta herritar orok parte hartzeko modukoa izango da. “Aniztasuna ardatz duen egun horretan, aniztasun funtzionala, adin aniztasuna, kultur aniztasuna eta aniztasun guztiak kontuan har-tzen saiatu gara, inor aparte utzi gabe. Horregatik, kros edo martxa hau, ez da izango lehiaketa edo txapelketa bat; martxa bat izango da, bakoitzak bere erritmora egin dezakeena. Anitza eta koloretsua izatea beste xederik ez duena”.

Azpeitiko plaza

11.15 emango zaio hasiera Aniztasun izpiak, Kilometro txikia egunari aurresku batekin eta hizkuntza ezberdinetako ongietorriekin. 11.30ean, zumba saio bat izango da eta 12.00etan, haurrentzako jolasak Azoka plazan. Ordu berean, herrialde desberdinetako jakiak eta kulturaren ezaugarriak dastatzeko eta ezagutzeko aukera egongo da.

Sarrerak doan

14.00etan, herri bazkaria izango da Azoka plazan eta 16.30ean Ekain-Txouren ikuskizuna helduko da. 19.00etan Krostadarraren txanda izango da eta 19.30ean Skapaie elektrotxarangarena. Egunari amaiera emateko, Belako eta Nize taldeek kontzertua eskainiko dute Sanagustinen, 22.30ean. Sarrera doan da.