Azken urteetan egindakoari jarraituz, San Joan festak iragarriko dituen kartelaren lehiaketa abiatu du Tolosako Udalak. Lehiaketa irekia da parte hartu nahi duten guztientzat. Gaia, koloreak eta lana egiteko teknika libreak diren arren, udal ordezkarien hitzetan, “aurkeztutako proposamen guztiak originalak izan behar dute” eta Sanjoanak 2024, ekainak 21-24 – Tolosa esaldia jaso beharko dute. Horrekin batera, Tolosako ikur komunikatiboa ere integratu beharko dute, kartelaren behealdean.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, “udal webgunetik deskargatu daitezke bertsio ezberdinak”. Kartelek 50 x 70 zentimetroko proportzioa izango dute bertikalean eta formatu digitalean aurkeztu behako dira. Irabazle aukeratzen den lanaren egileak bereizmen altueneko formatuan aurkeztu beharko du bere proposamena.

Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 5a izango da. Izan ere, 14.00ak arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Lehiakide bakoitzak gehienez hiru proposamen aurkeztu ahal izango ditu, guztiak fitxategi digital moduan, udalaren webguneko sanjoanetako atalaren barruan horretarako prestatutako aplikazioaren bitartez.

Aplikazio horretan kartel bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio eta zenbaki hori izango da epaimahaiarentzat kartelaren identifikatzailea.