Arragua biziberritzeko proiektua herritarrekin partekatu eta aberasteko parte-hartze saioak aste honetan hasi dira. Auzoan bertan eta Elizalden egindako bileretan 100 herritarretik gora bildu dira.

Hortaz, pozik eta oso baikor azaldu da Oiartzungo Udala jasotako erantzunarekin, egitasmoak interes handia sortu baitu. Bere aldetik, auzotarrek egindako lana eskertu eta babestu dute.

Elizalde auzoko Doneztebe plaza.

Parte-hartze eragiketa

Hurrengo astean, auzoguneak izango dituen espazio berriek izango duten izaera lantzeko parte-hartze ariketa egingo dute. “2006an aurreikusi zen urbanizazio proiektua nabarmen hobetuta, momentu polita da orain bizitzeko eremu bat sortu eta bizi kalitatea lortzeko irizpideak elkarrekin zehazteko, horien arabera egingo baitira espazio publiko berriak”, esan dute Udaletik.

Erantzunak

Bi saio egingo dituzte horretarako, bat Arraguan (asteazkenean, frontoi ondoko lokalean) eta bestea Elizalden (ostegunean, udaletxeko areto nagusian). 18.30ean izango dira eta ariketa berdina egingo da bietan. Lau edo bost gai ezberdinen baitan taldeak osatuko dituzte, parte-har-tzaile bakoitzaren interesaren arabera. Nolako plaza nahi dugu?, ze berdegune egingo ditugu?, ze zerbitzu edo ekipamendu behar ditugu? galderei erantzuna emango zaie.

Lehenengo saioetan Arraguak azken 60 urtean izan duen bilakaera fisikoa eta urbanistikoa azaldu zuten. 2006an Lartzabal etxadia garatu eta beste 1.000 etxe inguru aurreikusita zeuden.

Hurrengo urtean negoziazio prozesu zail bat abiarazi zen eta azkenean ezarritako eraikigarritasuna %43 murriztea lortu zen.

Horiek horrela, 200 etxe inguru gutxiago egingo dira eta eraikiko direnen %70 babestuak izango dira. Erdigunean espazio publiko zabalak aurreikusi dira.