Igande honetan, hilaren 21ean, ospatuko dute bigarrenez Orendaingo artisau azoka. Goizean 10.00etatik aurrera, 14.00etara bitartean, 33 postu jarriko dituzte. Orendaingo Udaleko Jone Tolosa kultur zinegotziak azaldu duenez, “denetariko eskaintza zabala” bilduko du azokak. Postu gehienak Urritzondo pilotalekuan jarriko dituzte, eta inguruan ere egongo da besteren bat.

Programa

Azokaz gain haurrentzako tailer bat eta bertako produktuen zozketa ere antolatu dituzte. Antolatzaileak azaldu duenez, aipatutako azokan herriko sei postu egongo dira eta horietatik hiru ekoizleenak izango dira, hain zuzen, Izpiliku xaboiena, Larreta esnekiena eta Zelaieta gaztena. Era berean, postu bana izango dute herriko joskintza ikastarokoek, baina ez dute ezer salduko, postua osatutako lanen erakusleihoa baino ez da izango. Gazte lokaleko gazteek, zeinak gozogintza landu eta lortutako dirua lokala hornitzeko erabiliko duten; eta Eltxo elkartekoek, zeinak jatekoa prestatu eta eskainiko duten, besteak beste, salda eta txorizoa. Tolosa zinegotziaren esanetan azokaren helburuetako bat da herriko eragileen artean “elkarreragin bat sortzea”.

Azokako 33 postuetatik 17 bertako ekoizleenak eta artisauenak izango dira. “Produktuei dagokienez, azoka ahalik eta aberatsena osatu nahi izan dugu, baina baita ahalik eta gertukoena ere”, azaldu du honen inguruan Kultura zinegotziak. Antola-tzeko garaian “zailtasun bakarra” izan dutela ere azpimarratu du. Izan ere, postua jartzeko eskaera gehiago jaso omen dituzte, eta “zailena” horien artean aukeratzea izan dela adierazi dute. Hortik harago, baina, eskaintza herritar zein adin guztien-tzat egokitzen ahalegindu direla ere nabarmendu du Tolosak. Hain zuzen, horri erantzuten dio haurrentzat antolatu duten tailerrak: Egin dezagun magia paperarekin! Tolosaren iritziz artisautza haurrengana gerturatzeko aukera paregabea izan liteke.

Azoka

Horretaz gain, aipatu bezala, azokan herriko adin guztientzako eskaintza antolatzen saiatu dira. Tolosaren esanetan, tailerra antolatu dute haurrentzat erakargarriena izango delakoan. Gazteek berriz, postua jarriko dute eta bildutako dirua lokala hornitzeko materiala lortzera bideratuko dute. Bukatzeko, helduek, azokan hartuko dute parte. Bide beretik, antolatzaileak nabarmendu du jarduera guztiak antolatu dituztela bai herritarrentzat, baina baita kanpotik bertaratuko direnentzat ere. l