Kultur ondarea eta musika elektronikoa uztartzen dituen Dantz Point jaialdia apirilaren 13an izango da, 18.00etatik 24.00etara, Okendo plazan. Eguraldi txarra izanez gero, apirilaren 20ra atzeratuko litzateke.

Point desberdinak

Programazio artistikoari dagokionez, Point-ak lau saio izango ditu, eta horietatik bi kolaborazioak izango dira. Horrela, topaketa 18.00etan hasiko da Rubio B2B Paolo Solo saioarekin, biak Lasarteko artistak. Rubiok bere saioak hardcore eta deep bide iluna hartuz sortzen ditu, eta Paolo Soloren sorkuntzak erritmoz beteta daude, deep house lasaienetik techno house sendoeneraino. Jaialdiak Furonia B2B Lilaren saioarekin jarraituko du.

Ondoren, lurraldeko underground eszenako izen nagusietako bat izango da, Kapitaina hain zuzen, eta Point-a Jonferren saioarekin amaituko da.

Dantz Point musika-plataforma bat da, eta saioak espazio enblematiko edo historikoetan egiten ditu, kasu batzuetan gutxi ezagutzen direnetan. Aldi berean, helburua du publiko berriak, ordutegi berriak eta mota guztietako publikoarentzako esperientzia berriak sortzea.

Beste ekintzak

Aurretik, 16.00etan, masterclass bat egingo da, diskoak jartzen ikasteko. Parte hartu nahi duenak info@dantz.eu helbidean eman behar du izena. Era berean, Okendo plazako irudi historikoekin photocall bat instalatuko da, historian zehar eraldaketa ugari jasan baititu. Argazki nagusia 60 eta 70 hamarkadakoa da. – A.M.