TEKS elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatuta, astelehenetik urte bukaera arte formazioen ziklo bat eskainiko dute Torrekua eraikineko hirugarren solairuan. Guztira hamar saio egongo dira eta izen-ematea zabalik dago http://teks.eus webgunean.

Hurrengo bost gaiak ardatz izango dira: Ekonomia Soziala, Software Librea, Hardware Librea, Garapen Aurreratuak eta Teknologia Denon-tzat deritzona. TEKS elkartea, Euskal Herrian teknologia libreak eta ekonomia soziala uztartuta lantzen dituzten enpresa eta eragileak saretzeko sortutako elkartea, Torrekuak emandako harreman eta babesean sortu da, eta orain, formazioen esparruan pauso berri bat eman nahi du Udalarekin elkarlanean.

Aditzera eman dutenez, teknologiaren formazioa garatzaileen ikuspegitik hasi eta edozein herritarren erabilera mailaraino zabalduko da, beraz eskaintza zabala izango da, euskaraz landutako ezagutzan oinarritua eta hartzaile profil ezberdinei bideratua. Lanketa berezia egingo da arrakala digitala pairatzen duten herritarrak formatzeko.

Formazio eskaintzan saio teorikoak, praktikoak, esperimentalak eta proiektuen sozializazioan oinarrituak gurutzatuko dira. Programa osoa http://teks.eus webgunean ikus daiteke.