Euskal Eskola Publikoaren Jaia 1994az geroztik urtero errepikatzen den ekitaldia da, eskola publikoa euskal hezkuntza-sistemaren ardatza izan dadin aldarrikatzearen helburuarekin. Aurten, ekainaren 2an ospatuko da Ordizian, urtero ekaineko aurreneko igandean antolatzen baitute. Ekitaldi honen antolaketan, gainera, Ehige guraso elkarteak parte hartze handia du. Ostegun honetan, ikasleek "Publikoa ai do!" abestia eta bideoklipa aurkeztu dute.

"Publikoa ai do!"

Abestiaren izena, aurtengo leloaren berdina da, "Publikoa ai do!". Honekin, publikoa den heinean denona eta denontzakoa dela aldarrikatu nahi da, baita euskara eta euskal kultura sustatzea. Bideokliparen zuzendaria Kim Maiteny bideo-ekoizlea izan da eta letrak Jon Maiak idatzi du. Musikari dagokionez Kau Kori Kura taldearen eskutik joan da,  pop surrealista egiten duen Ordiziako musika taldea. Ahotsak beraiek egin dituzte ere Maite Arroitajauregi, Andoni Aizpuru, Ritxar Gomez, Urdaneta eta Oianguren Eskola Publikoetako ikasleekin batera. Azken hauek ere bideoan agertzen dira irakasle, guraso eta José Miguel Nietorekin batera.

Abestian euriaren metafora erabiltzen dute berdintasuna, pentsamenduen inklusibitatea, erlijioa eta abar aipatzeko. Hau da, "leihoa ireki" eta "haize freskoari sartzen" uztera animatzen dute "euripe honetan" "denok gara berdinak" aldarrikatzen.

Plurala eta inklusiboa

Logoan agertzen diren irudiak Eukene Lekuona Ordiziako Urdaneta eskolako komunitatearen kide den disenatzaileak eginak dira. Bertan, euri tantak eta hostoak era erraz eta garbian irudikatu ditu hiru ardatz azpimarratzeko, publikoa, euskalduna eta aniztasuna, eta inklusiboa. Bi elementuak koloreztatu egin dira sortzen dena plurala eta inklusiboa dela adierazteko.

Espazioak eta programa

Jaian egingo diren programak herri barneko hainbat guneetan ospatuko dira. Hala nola, asteazkeneroko Azoka egiten den Plaza Nagusian, Garagartza plazan, Frontoia eta zuhaiztian, JM Barandiaran plazan eta Barrena parkean. Hauetaz gain, beste hainbat kale jarduera egongo dira. Gainera, plazaratzen joango diren beste sorpresa batzuk egongo dira barne.

Hona hemen "Publikoa aI do!" abestiaren letra:

Euria behetik gora

lurretik zeruraino

goian haurrak, umeak

behean amets ta laino

Ba al da ederragorik

herri eskola baino?

Guztion artekoa

guztiontzat egina

xirimiri gozoa

euskara euri fina

bagara esaten dugu

hau ja ez da bagina!

Mundu guztiko jende

ta euri zaparrak

pentsamendu, erlijio

guztien kazkabarrak

edonor blai dezake

gure euri langarrak!

Publikoa ai do! Publikoa ai do!

Publikoa ai do! ai ei

Gazta berde purpurak

arroxak belardiak

artzain replikanteak

koloretako ardiak

Ordiziko plazara

publikotik jalgiak

Publikoa ai do! Publikoa ai do!

Publikoa ai do! ai ei

Publikoa ai do! Publikoa ai do!

Publikoa ai do! ai ei o

Iragarpenek Publikoa ematen dute

hurrengo egunetarako.

Gorde beldurren aterkiak

eta irten kalera!

Zabaldu leiho guztiak

eta utzi publikoaren

haize freskoari sartzen!

Guztiontzat da

eta guztiontzat dago!

Bakoitzak bere pozak

bakoitzak bere minak

janariak, ohiturak

amets ta imajinak

baina euripe hontan

denok gara berdinak

Publikoa ai do! Publikoa ai do!

Publikoa ai do! ai ei

Euskal Herri berdea

gorri, beltza, horia

publikoa ta euskalduna

biharko Euskal Herria

Euskararen tenperaturak

gora egingo du Ordizian

eta Euskal Herri osora

hedatuko da.

Goiz goizetik familia estrato guztiak izango ditugu!

Eta adi! Aniztasunaren eta inklusioaren antizikloia

nagusi izango dugu

datozen urteotan!

Ai do! Publikoa!