TikTok sare soziala ostegun honetatik aurrera hasiko da adimen artifizialeko tresnekin (AI) sortutako edukia etiketatzen eta identifikatzen, irudien jatorria ezartzea ahalbidetzen duen Content Credentials teknologia erabiliz.

Adam Presser TikTok konpainiako operazio zuzendariak iragarri du neurria, ABC News telebista kate estatubatuarrak ostegun honetan emandako elkarrizketa batean.

"Publikoak errealitatea eta fikzioa zer den ulertzeko gaitasuna izatea nahi dugu", adierazi du Presserrek.

Content Credential teknologia ireki bat da, Content Authenticity Iniatitive (CAI) eta Coalition for Content Provenance and Authenticity (C2PA) enpresen inguruan bildutako konpainien koalizio batek sustatua (horien artean daude EFE Agentzia, Google, Intel, Microsoft, OpenAI eta Adobe).

Teknologia horri esker, informazioa (metadata) txerta daiteke irudietan (argazkiak, bideoak edo ilustrazioak). Irudiak editatu edo prozesatu ahala, Content Credentialek historia bat sortzen du, erabiltzaileek kontsulta dezaketena.

AAko konpainiak edukia identifikatzen hasi dira

OpenAIk, ChatGPTko enpresak, urte hasieran iragarri zuen irudi sintetikoak sortzeko bere sistemak, DALL.E 3 izenekoak, Content Credential txertatuko duela sortzen duen edukian, eta gauza bera egingo duela bideoa sortzeko bere sistemarekin, Sora izenekoarekin.

Metak, Facebook eta Instagrameko enpresak, bere plataformetan eduki sintetikoa identifikatzen hasteko asmoa ere iragarri zuen otsailean.

Baina TikTok teknologia hori erabiltzen duen lehen sare soziala da.

Kalkuluen arabera, 2022tik 2023ko erdialdera arte, adimen artifizialeko sistemek sortutako 15.000 milioi irudi inguru zintzilikatu ziren Interneten.