1996/97 ikasturteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) urtero eta arrakasta handiz, 55 urtetik gorako 50 lagunentzako Esperientziaren Gelak deituriko ikastaroak antolatzen ditu, beraietan parte hartzeko inongo titulurik eskatu gabe.

Ikastaldia bi fasetan gauzatzen da. Lehenengoak lau urteko iraupena du, eta, haren bukaeran ofiziala ez den eta, beraz, lan mundurako baliorik ez duen Giza Zientzietan Unibertsitate Titulua banatzen da. Bigarrena, Helduentzako Unibertsitate Ikastaroak, hiru urtekoa da, eta berau egin ahal izateko, arestian aipaturiko tituluaren jabe izan behar da. Azken ikastaro hauek EHUko zenbait gelatara joateko aukera ematen du, hori bai, entzule gisa soilik.

Urteko jarduna bi lauhilekoetan banatzen da, eta bi motatako ikasgaiak dauzkate: derrigorrezkoak edo tronkalak, eta hautazkoak. Ikastaldi osoan 18 ikasgai tronkal lantzen dira, denak gazteleraz, eta eskaintzen diren 24 hautazkoetatik ikasleek aukeratutakoak. Azken hauetatik hiru baino ez dira euskaraz ematen.

Hizkuntza-datuei erreparatuta, lasai asko esan genezake hizpide ditugun ikastaroetan euskarari emandako tokia eskasa dela; hutsaren hurrengoa, alegia. Ulertzekoa da hasiera hartan ia dena erdaraz egitea, euskaraz irakurtzen eta idazten ondo moldatzen ziren 55 urtetik gorako pertsonak gutxi izango zirelako. Baina geroztik gauzak errotik aldatu dira, eta egun asko dira euskaraz eskolatutakoak.

Hori dela eta, hainbat ikasle taldek behin baino gehiagotan ikastaroak euskaraz ere emateko eskatu dute, baina arduradunek azken eskaerari ezezko borobil batez erantzun diote, inongo argibiderik eman gabe. Agian eskaeraren atzean oinarri sendorik gabeko talde txiki bat dagoelakoan.

Horiek horrela, aurten hainbat ikasle, ikasle ohi eta euskaltzalek Esperientziaren Gelak Euskaraz ere izeneko plataforma eratu dugu, helburu garbi batekin: aipatutako ikastaroak euskaraz ere egin ahal izatea. Eta berriro egingo dugun eskaera aintzat hartua izan dadin, euskal komunitatearen laguntza behar dugu. Euskalgintza osatzen duten taldeena ez ezik, herritar arruntena ere bildu nahi genuke, egitasmoa jende askok begi onez ikusten duela antolatzaileei ikusarazteko. Beraz, plataformaren asmoekin bat baldin bazatoz, irakurle, mesedez eman izena mezua jaso eta bi asteko epean helbide honetan: https://forms.gle/TEJb-gUNG5RtRNMdK8

Hala egiten baduzu, biziki eskertuko dizugu. Eta gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, helbide honetan aurkituko gaituzu: esperientziarengelaeuskarazere@gmail.com.

Bidali zure gutuna! 

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.