
Zaldua, atzo Donostian, liburua aurkeztu aurretik.argazkia: irati cacharro
donostia.Euskaldun guztion aberria nobela laburraren protagonista Joseba Anabitarte irakaslea da. Alaskako Anchorage Unibertsitateak Euskal Herriari buruzko ikastaroa ematea eskaini eta hara iristen denean, gure herriaren historia fantastiko bat asmatzea erabakitzen du. Mikel Hernandez idazleak aurkezpenean adierazi zuenez, Iban Zalduak Donostia, 1966) lan "polita eta dibertigarria" egin du. Bere ustez, gure historia eta literatura faltsutu ditu eleberri "entretenigarria" idazteko, baina "hori baino sakonagoa da" Alberdaniak plazaratutako lana, hausnarketa pizteko balio baitu.
'gauza' Berriro ere, abiapuntua gauza izan du -hala deitzen dio Zalduak euskal gatazkari-, Si Sabino viviria (Lengua de Trapo) nobelaren jarraipena ez bada ere. "Honen umorea ez da horren ganberroa, ironikoagoa eta tristeagoa baizik", azaldu zuen donostiarrak. Dena den, antzekoak izan daitezke biak huts egindako ipuinak izan zirelako. "Ipuin bat gaizki ateratzen zaionean, idazleak bi aukera ditu: zakarrontzira bota edo konformatu eta horren gainean nobela bat idatzi. Euskaldun guztion aberria liburuarekin gauza bera gertatu zitzaidan", gehitu zuen.
Jakina denez, izenburuan keinu bat egin dio "Euzkotarron aberria Euzkadi da" EAJren lemari. Atzokoan, gainera, 105 bete ziren Sabino Arana hil zenetik. "Egun aproposa da aurkezpena egiteko. Goian bego", esan zuen txantxetan. "Abertzaletasuna eta gure identitatearen (edo identitateen) auziaz" aritu da, baina ez du "euskal abertzaletasunaren kritika soila" egin. "Mesfidantzaz begiratzen diot nazionalismo orori, eta tituluak horri egiten dio erreferentzia. Horregatik gehitu dut 'guztion' hori, funtsean ez dudalako sinesten aberri bat, inolako aberririk, 'guztiontzakoa' izan daitekeenik, inoiz eta betirako", esan zuen.
Unibertsitate giroko liburu honetan Erasmus Literatura delakoaren "irakurketa satirikoa" egiten saiatu da egilea, eta oraingoan ere "elipsiaren alde" agertu da. "Xehetasunen aldeko aldarrikapenak eta elipsiaren kontrakoak modan jarri dira. Halako kontuak irakurri dizkiot Jokin Muñozi eta Joan Mari Irigoieni", gaineratu zuen. Azkenik, liburuaren atzeko azalean "Euskaldun guztion aberia EusKafka da" esaldia jarri du Zalduak, "aberri baten inguruko nobela bat baino, aberia baten ingurukoa" delako. "Eta Kafkari buruzko erreferentzia ez dut usta azaldu beharra dagoenik".
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902