|

Iazko Sagardo Egunaren irudi bat.argazkia: ruben plaza
Donostia. Sagardotegi erraldoi baten itxura hartuko du bihar Donostiako Konstituzio enparan-tzak. Goizetik hasita, Gipuzkoa osoko 50 sagardogile bilduko dira Alde Zaharrean bertara inguratzen direnei beren urteko edarien kalitatea erakusteko. Guztira 10.000 sagardo litro inguru zerbitzatuko dituzte 11.00etatik 13.45era baina, horretaz gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte Euskal Jaien lehenbiziko egunerako: Sagardogileen elkarteko beteranoei egingo zaien omenaldia, kasu.
Kupelak eta sagardo botilak 11.00ak aldean irekitzen hasiko dira, Estanga anai-arreben txikitixa doinuek 23.urtez jarraian antolatzen den jaiari hasiera eman bezain laster. Urtero bezala, jendez gainezka egongo da Konstituzio enparantza eguerdirako. Izan ere, Sebastian Lizaso eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien saioa izango da 12.30ean.
Jarraian, goizeko momentu hunkigarrieneako baten txanda ailegatuko da. Gipuzkoako sagardogileen elkarteko lehendakaria den Arantxa Eguzkizak atzo jakitera eman zuenez, Jose Cruz Kalonge, Ascensio Intxauspe, Ramoni Lopetegi, Juan Mendizabal eta Lourdes Portugal omenduko dituzte. "Elkarteko kideen artean 65 urte betetzen dituzten produktoreak omentzeko ohitura dugu eta aurten bost lagun hauei urtetan egindako lana eskertuko diegu", aurreratu zuen Eguzkizak.
Ekitaldiaren ondoren, Mikel Ugartek txalaparta soinuak eskainiko dizkie plazan bildutakoei.
eskaintza haundia Sagardozaleek 3 euroko prezioa izango duen basoa erosi beharko dute edaria dastatzeko eta, ondoren, nahi adina litro edan ahal izango dituzte Donostiako Kultura ordezkariak, Ramón Etxezarretak, esan zuenez.
Gainera, txorizo egosia, bakailao tortila eta gazta ogitartekoak jateko aukera izango da 14.45ak bitarte. Ordu horretatik aurrera, mahaiak bildu eta Gaztelubide eta Euskal-Billera elkarteetan elkartuko dira sagardogileak urtero egiten duten anaitasun bazkariaz gozatzeko.
Eguzkizak eta Etxezarretak Konstituzio plazara inguratzeko gonbitea luzatu zieten donostiarrei, "Euskal Jaien hitzordu garrantzitsua delako".
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902