
Jose Luis Elexpe, 'Pelex', atzo, 'Hotsez hots' erakusketaren aurkezpenean, Usurbilen.
bi urte baino gehiago behar izan ditu Jose Luis Elexpek, Pelex , Usurbilen atzo aurkeztu zuen erakusketa prestatzeko. Hotsez hots du izena eta txalapartaren inguruan sortutako margoak eta eskulturak biltzen ditu. Maiatzaren 25a arte, Sutegi kultur etxean eta udalak duen egoitzan, Barrenkalen izango da ikusgai.
"Hemen aurkezten dudan erakusketa hau duela bi urte hasitako egitasmoaren emaitza da eta txalaparta bere osotasunean hartzen du gaitzat", azpimarratu zuen Elexpek.
Artistak azken denboraldi hau txalaparta ikertzen eman du eta azterketa horren emaitza bildu dituen 135 sormen lanak dira (45 eskultura eta 90 margo, gutxi gorabehera). Pelex en esanetan, "Mugimendu handia duen zerbait egin nahi nuen eta mugimendu hori txalapartarekin lotu nuen berehala. Orduan pentsatu nuen batzuk musika jotzeko txalapartaz balia-tzen diren bezala, ni egurraz baliatuko nintzela txalaparta irudi bihurtzeko". Momentu horretan txalapartari buruzko liburuak irakurtzen hasi zen.
"Egur lantzeak ere, kolpez kolpe, nolabaiteko txalaparta hotsak sortarazten zituenez, "oso erraz uztartu zituen bere lana eta txalaparta, azpimarratu zuen artistak.
Material asko erabili izan badu ere -burdina, altzairua, brontzea, harria, soka edo zumea- egurra izan da oinarria. "Gaia jorratu ahala, konturatu nintzen txalapartaren baitan eboluzio bat zegoela materialaren aldetik: egurra, harria, burdina... Eta txalaparta jotzeko ere modu ezberdinak zeudela; hortaz, bi osagai horiek lotu nituen hasiera beretik; materialak eta notak", adierazi zuen Elexpek.
omenaldia
Jexux Artze
Materiala inportantea da erakusketan, baina koloreari ere garrantzia eman nahi izan dio artistak. Kolorearen bidez ere irudikatu nahi baitu txalapartaren eboluzioa.
"Horretarako, egin dudan eskultura eta koadro batzuei zahar tankera eman nahi izan diet eta kolorerik gabeak dira; beste batzuetan, berriz, kolore asko erabili dut gaurkotasuna adierazi nahian, kolore hotzak eta beroak uztartuz", esan zuen Elexpek.
Bestalde, erakusketaren bidez omenaldi txiki bat egin nahi izan die Pelex ek txalapartariei. Jexux Artzeri, hain zuzen ere, modu honetan bere lanari "osotasuna eman eta borobilduz".
"Txalapartarien artean bat aipatu nahiko nuke bereziki, Jexux Ar- tze. Irakasle izan nuen, baina baita lagun ere. Hori dela eta, erakusketa honek harentzako omenaldia ere izan nahi du", azpimarratu zuen artistak.
Horrez gain, erakusketarekin batera, artistaren lanak biltzen dituen katalogo bat argitaratu dute. Xabier Mikel Errekondo, Usurbileko alkatearen hitzetan, "katalogoa bere lana zabaltzeko aukera bat da eta, bide batez, txalapartari garrantzia ematekoa".
"Nire aldetik konforme geratuko nintzatekoHotsez hots hau norberak bere baitan sentitzea lortzen badut", bukatu zuen Elexpek.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902