Diario de Noticias de Gipuzkoa

Tribuna Abierta

Subirautza bidez, eskola eredu bakar eta euskalduna eraiki!

EULATE ZILONIZAURREKOETXEA enviar a un amigo imprima este texto texto normal texto medio texto grande

Bada pertsona orok jaio eta hil artean berebizikoa duen elementu bat, eta hori hezkuntza da. Jaio eta hil artean, egunero, orduro, minuturo, segunduro, zerbait berria ikasten ari da, nahiz eta askotan horretaz ohartzen ez den. Guztia da hezkuntza, edota hezkuntza da guztia. Pertsona eta bizidun ororen enbor nagusienetakoa bai, bederen.

Alta, hezkuntzak duen garran-tzia, eta pisua, ez da aintzat har-tzen irakaskuntza esparruan. Hezkuntza ez da soilik norbanakoak egunerokoan hartu ahal dituen ezagutzen multzoa; hezkuntzaren barruan uler baitezakegu eskolaldian, irakaskun-tzaren bitartez, hartu ditzakegun ezagutzak, modu berezian gainera.

Hezkuntza sistema nazionalaren beharra behin eta berriz entzun dugun eskaera izan da, jendarte honetako eragile sozial ezberdinetatik. Iaz, pozez eta itxaropen-tsu, Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren jaiotzaren berria jaso genuen; Euskal Herrirako eta euskal herritarrentzat izango den hezkuntza eredu nazional eta euskaldunaren egikaritzarako lehen akordioa sinatu zen. Izan ere, gaur gaurkoz, Euskal Herria banaturik dago, ez dago Euskal Herriaren osotasuna aintzat har-tzen duen marko aitorturik. Hori ez da ezer berria; baina esparruren batean modu berezi batean nabari bada, hori eskolaren eremuan da. Euskal Herriaren banaketa eta zatiketa administratiboak egun, gure lurraldearen osotasuna aintzat hartzen ez dituzten irakaskuntza ereduak martxan egotea ekartzen du. Eta honek, nazio eta herri ikuspegi batetan eraikuntza lanetan gabiltzanontzat izugarrizko atzerapausoa da.

Guztiok pasa izan gara eskolatik, txiki-txikiak ginenetik, heltzen joan garen arte. Guztiok jaso ditugu maistra-maisuaren jarraibideak, maistra-maisuaren purrustadak. Eta askotan, horiek egokienak balira bezala hartu izan ditugu. Baina gaurkoan horiek zalan-tzan jartzera gatoz; irakaskuntza Euskal Herrian, gaur gaurkoz, ez delako Euskal Herriak behar duen irakaskuntza.

Eta Nafarroa Garaitik hasiko gara, Carlos Perez-Nievas nafar Gobernuko hezkuntza kontseilariak azken asteetan egindako adierazpen bitxi batzuk probestuz. Indusketa lanetan jarri du Perez-Nievasek Nafarroa Garaiko hezkuntza esparrua; zegoenarekin konformatu ez, eta aldaketa andana egitekotan da datorren ikasturtetik aurrera. Eredu berri baten ezarpenaren berri eman zuen, TIL Tratamiento Integrado de Lenguas, izen bitxiaren azpian. Duela hilabete batzuk euskara indartzeko neurriak hartzera dei egiten zuen bezala, oraingoan eredu berri honekin datorkigu, non honen helburua, ingelesa gaur egun existitzen diren A ereduarekin (guztia erdaraz, euskara irakasgai modura izanik) eta G ereduekin (guztia erdaraz) bat egitea den. Baina nafar Gobernuaren ankerkeriak ez dira horretara mugatzen. Geografikoki euskararen estatusa zatikatzen duten lur-eremu honetan, erdal irakaskun-tzaren aldeko apustua egiten dute, eredu guztiz arrotzak ezarriz, A, B, G, "Hello", "British" eta dena delako ereduak medio; Lanbide Heziketan eskaintza irrigarria egiten dute, goi-mailako hezkuntzan erdarazko irakaskuntzara bideratzen dituzte erabakiak, helduen euskalduntzean ere traba eta oztopo ugarirekin egin izan dugu topo…

Baina oztopo, traba eta zangartekoz hitz egiten hasita, existitu egiten garela onartu ere egiten ez dutenen aldetik jasotzen ditugun politika basatiez ere mintzatu behar; izan ere, estatu frantsesak ahalegin bereziak egin izan ditu eta dabil azkenaldian, Europako lurralde zaharrenetariko bat mapatik ezabatzeko asmoz. Helburu horretarako, gure herriaren ezaugarri funtsezkoenetariko bati erasotzen dio, hizkuntzari, euskarari; guztiak balio baitu politika zentralista eta unionista baten ai-tzakiapean. Protestaldiak urte luzez ezagunak izan baditugu ere, azkenaldian oldarraldia da nagusi Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuako kolegioetan. Hezkun-tza ministerioak eskola mapa berria aurkeztu du datorren ikasturterako. Eta nola ez, honek eragin zuzena du euskarazko irakaskuntzan. Azken urteetan sei irakasgela elebidun zabaldu badira, datorren urterako bakarra aurreikusten dute. Eta irakasle postuetan? Hezkuntza Ministerioak bakarra eskaini du (Seaskak 13,5 postu aldarrikatzen zituen bitartean). Euskarak bizi duen errealitateaz ohartu barik, neurri murriztaileen bidetik jarduten dute, aurrera daramaten politika neoliberalen erakusle gisa.

Eta erasotuaren eroapenak mugarik izango badu, ezin orain artekoaz amaitu; lurralde zatiketan sakonduz lan egiten duen Eusko Jaurlaritzak merezi du esparru honetan zeresanik eta. Derrigorrezko hezkuntzak ikasleak euskaldundu ez (3 ikasletik 2 euskalduntzen ez direnaren baieztapena ezaguna zaigu), horretaz jakitun izan (16 urteko gazteen artean egindako azterketa baten ondorioaz, 1982tik hona daroaten politikaren porrota onartu zuten) eta proposamen berria egitekotan dira datozen egun-aste-hilabeteetan. Halaber, zantzu guztien arabera, proposamen horrek ez du belaunaldi berriak euskalduntzea ahalbidetuko duen formularik kausituko; errezeta zaharrak eta ez-eraginkorrak nagusi! Unibertsitatearen antzera, non orain arteko eskasia eta baliabide falta kontuan hartuz, Europa aldetik datozen aldaketek egoera hobetuko ez duela aurreikusi dezakegularik…

Hau guztia posible egiten dutenen zerrenda ere badugu. Ez da zerrenda luzea, baina izen abizen propioak ikus ditzakegu bertan. Egungo hezkuntza arduradunak dira, Max Brisson, Tontxu Campos eta Carlos Perez Nievas. Iruzurrek gaur egun izen-abizen propioak dituzte, gure lana da iruzur horiek salatu eta beharrezko tokian kokatzea.

Eta esandakoaz jabeturik, Euskal Herriko irakaskuntza(k) gaixorik daudela baiezta dezakegu. Irakaskuntza(k) diogu, lurralde antolaketaren araberako eredua ezar-tzen delako eremu bakoitzean, edota politika arrotzetan eskusaturik agintari arrotz batzuek aplikatzen dituzten neurriak direlako.

Euskal Herriak eta bere hizkun-tza nazionala den euskarak, nazioaren osotasuna aintzat hartuko duen marko baten beharra du orain, inoiz baino gehiago. Marko horren jabetza barik, egiten den proposamen orok (EAEkoa kasu) antzua izaten jarraituko du, ez baita Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoen jabe izango. Eta burujabetza da horretarako giltzarria. Euskal herritarrek beharko genuke izan gure herriak eta hizkuntzak behar duenaren erabakiak hartuko lituzketenak. Euskal herritarrak gara subirautza printzipioaren jabe izan behar dugunak, gure herriaren eta hizkuntzaren eraldaketa sozio-politikoa bilatze aldera.

Euskarak behar duen lege berria, subirautza printzipio horri jarraiki lortuko dugula sinestu beharrean gara. Urte asko daramatzagu agintarien zabarkeriari eutsiz; orain, gure garaia da, euskararen ofizialtasuna auzolanak eskaintzen dizkigun erreminten bitartez lortuko dugu.

Eta zentzu horretan, irakaskuntza esparruan eman beharreko aldaketa burutuko dugu, betiere termino horietan. Euskal eskolak ez du ereduen festarik nahi, euskal eskolak eredu bakarra eta euskalduna nahi du. Euskararen etorkizunaz ari bagara, ezinbestekoa izango da honen ezagutza jendartean zabaldua izatea. Hori, euskara ezagutaraztea eramango duen ikas-ereduaren bitartez lortuko dugu, bakarra eta euskalduna. Euskalduntze plan eraginkorrak abiarazi beharko dira horretarako, egungo egoera iraultze bidean. Horrekin batera, hezkuntzako langileri euskalduna izatea ezinbesteko baldintza izango da, hasi irakasletatik eta administrazio zerbitzuetaraino (etorkizuneko langile zein iraganekoak). Honi loturik, irakasle eskolak euskaraz aritzearekin, helburua aise beteko genuke. Eta bai honetan, zein bestelako neurrien bitartez euskalduntzen ez direnekiko, plan bereziak buru-tzea aurreikusi beharko litzateke.

Zerrenda luze bezain amaigabea egin dezakegu. Zerrenda luze eta amaigabe horrek, haatik, ez digu euskararen etorkizuna ziurtatzen, paper hutsean geratzeko arriskua baitago. Urratsak behar ditugu, euskararen normalizazioa, euskararen ofizialtasuna, eskola euskalduna, Euskal Herri euskalduna eraikitzea ahalbidetuko diguten urratsak. Gaurkoan gako batzuk eman ditugulakoan, eguneroko lanari eutsi eta auzolanak eskainitako fruituez baliatuko gara, urratsez urrats, guztion indarrez, Euskal Herri euskalduna eraiki-tzeko. Lotu eskolak euskaldun-tzearen aldeko borrokari!

*- EHEko kidea

buscar vivienda en gipuzkoa
miles de casas y pisos en navarra
DEPORTES
REMO
Todos pendientes del mar en la primera jornada en La Concha
SUSCRÍBETE
BOLETÍN DE TITULARES DEL DÍA
Introduce tu dirección e-mail y recibirás cada mañana los titulares más importantes en tu correo

Haznos tu página de inicio | Visite también www.noticiasdealava.com | www.noticiasdenavarra.com

© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA · Tel 943 319 200 · Fax Administración 943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902

Enlaces patrocinados: Inmobiliarias | Disfraces | Agencias de publicidad | Tiendas de electrónica | Cirugía estética | Inmobiliarias | Asesorías | Peluquerías | Muebles | Clínicas | Seguridad | Mudanzas | Viajes | Hostales | Taxis | Hogar | Hoteles | Cerrajeros | Farmacias | Rótulos | Armarios | Trabajo | Ocio en Gipuzkoa | Hoteles en Madrid | Hoteles en Barcelona |