
Adiskidea joan zaigu, aspaldiko adiskidea, hain zuzen ere. Hala jakin dut gaur arratsaldean telefono hots baten bitartez. "Henrikek utzi gaitu", horiek izan dira hitzak, latz eta gogor. Hitzok, alabaina, ez dira aski sentimenduak eta gogoak borborrean etortzen zaizkizunean, arrapaladan, bata bestearen gainetik. Hartara, begien aurrean dituzu bat-batean elkarrekin igarotako bilera eta ordu luzeak, erlojuari muzin eginda eta Euskaltzaindiaren zereginetan murgilduta.
Izan ere, halakoxea zen Henrike Knörr: eskuzabala, goimailako ikertzailea, euskararen katea urte hitsetan Araban bermatu zuena eta zer esanik ez, Euskal Herri osoan ere.
Henrikeren biografian badira azpimarratzeko moduko kultura ekimenak: irakasle, idazle, eragile, erakundeen gobernu-gizona... horiek guztiak biltzen dira haren baitara, zer non egoki kokatuta. Bazen, bide beretik, biok gustukoa genuen historiako kontua, hain justu ere, Albretar erregeen euskalgintzarena. Hamaikatxo aldiz jardun dugu horri buruz bitzuok, elkarri datuak trukatzen, batez ere Aramaioko jardunaldietan.
Ibilbide luzekoa izan da Henrike Knörr Euskaltzaindian, kargutan zein ekimenetan. Zuzendaritzakide urte luzetan izanik, erakundearen ardura gehienak ezagutu ditu. Aldi berean, Onomastika batzordean nahiz testu zaharren argitalpenak bere zereginik esanguratsuenak izan dira.
Landazuri, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Eusko Ikaskuntza eta beste asko dira aipatzeko modukoak Henrikeren biografian. Horietan guztietan beti langile era eredugarri, Euskal Herriaren onerako eta mesederako. Prentsan eta literaturan ere ugari ibili zen, gure egunkarietan sarri-sarri irakurri ditugula haren artikulu egokiak.
Bada Henrikeren ahaleginetan beste puntu garrantzitsua, munduari begira ibili baitzen beti, txokokeria guztien gainetik. Izatez, euskara eta euskal kultura maite zituen, beti ere hitz larrietan idazten den kultura nagusi horren barruan. Hortaz, haren kezkak eta ardurak bat zetozen euskararen esparrura munduan zehar egiten zena ekarri nahian, euskaldunok gure hizkuntzaren balioaz jabe-tzeko. Ibiltari hutsa baino, euskal kulturaren zin-zinezko enbaxadorea izan da Henrike Knörr.
Joanak joan, etorkizunari begira jarri behar gaitu Henrikeren gomutak. Hark horixe nahiko zuen. Guk lanean jarraitzea, euskarak, Euskaltzaindiak eta euskal kulturak aurrera egin dezaten.
Horretarako asmo sendoa zuen Henrikek eta sendotasun horren indarra guri eskualdatzen jakin izan du.
Lekuko hori hartu eta aurreran-tzean ere, Henrike, zeure lanari segida emango diogu, besteak beste, aurki kalean izango baita zeuk atondu eta ikusi ez duzun onomastika liburua.
Hortaz, Henrike adiskidea, bihotz-bihotzez, adiorik ez, gero arte baino.
* Euskaltzainburua
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Hosting |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |