Andoni Iturzaetari, errespetuz eta harriduraz
Tolosako hautetsi independentistak
Noa abeslari israeldarraren kontzertua igaro da eta aurreko egunetan eragin duen hika mikaren harira zenbait hausnarketa plazaratu nahi genituzke. Ez gara eztabaidaren mamira joango, izan ere, batzuk eta besteek argi adierazi dute euren eritzia eta norberak badu erabakitzeko argudiorik. Hala ere, Andoni Iturzaetak Tolosako Udaleko kultura batzordeko lehendakari moduan esandakoak gure harridura piztu duela aitortu behar dugu.Iturzaeta jaunaren aburuz, Noa-ren aurka antolatu den boikota eta oraindik orain zenbait euskal musikarik jasaten dutena pareka daitezke. Hau da, Euskal Herriaren askapen prozesua eta sionismo kolonialista parez pare jar daitezke. Beraz, eta simetria berberarekin jarraituz, Andoni Iturzaeta jauna modu "baketsu eta demokratikoan" palestinarrak euren lurretatik bidali, ogibidea ukatu eta elikagai zein sendagairik gabeko heriotzara kondenatzen dituen "sionista demokrata" litzateke. Ezta?
Bide batez, ez al du Iturzaeta jaunak euskal musikariengatik erakusten duen ardurak "oportunismo" kutsu nabarmena? Entzun al dugu inoiz kultura batzordeko lehendakaria gure kultur eragileak Españatik datozen erasoetatik babesten? Zergatik orain? Zenbat aldiz kontratatu ditu orain burua zuritzeko baliatu dituen talde horiek?
Harridura sortzen digu zenbait abertzalek, hain guay azaldu nahian, egin dezaketen ridikuloaren tamainak. Hain dute barneratua ezker abertzalearen aurkako diskursoa, ustez defendatzen duten helburu estrategikoa bera, Euskal Herriaren askapena, inperialismo basati eta hiltzaileenarekin parekatzera iristen bait dira. "Demokratak eta biolentoak" diskursoaren amua hain sakon irentsi dute, zapaltzaileak eta zapalduak lotsarik gabe nahasteko gauza bait dira. (Joxe Azurmendi filosofo zegamarraren izen bereko liburua gomendatuko genuke)
Iturzaeta jaunak "helburuak bitartekoak justifikatzen ditu" esaldiari buelta eman eta "bitartekoak helburuak justifikatzen ditu" eman nahi du aditzera. Bere aburuz, prozesu historikoak ez dira bilatzen duten helburuaren zilegitasunaren arabera bereizten, erabiltzen duten bitartekoaren arabera baizik. Baina horretarako, ezinbesteko zaio zapaltzaileak erabiltzen duen bortizkeria ezkutatzea, edo gutxienez, ahaztea.
Mundu osoan zehar, nazioak ukatu eta zapaltzen dituzten Estatu boteretsuek, herri horien aurka ezartzen duten biolentzia, egiturazkoa eta fisikoa, ezkutatzeko ahalegin itzelak egiten dituzte, eta askotan lortu ere bai. Era askotako adibideak jar daitezke: Palestina, Txetxenia, Sahara, Irak edota Tibet, besteak beste. Aldiz, herri horiek erantzun moduan erabiltzen duten biolentzia desitxuratu eta kriminalizatu egiten dute, "terrorista" izenpean.
Gatazka horiek konpontzeko arazoaren erroetara joan behar da eta ardurarik haundiena zapaltzailearena da beti, boteretsuarena. Ezinbestekoa da bi aldeek elkar haintzat hartzea eta elkarrizketaren bidez herri horietan egoera demokratikoak ezartzea, non eskubide guztiak, kolektiboak eta norbanakoarenak, errespetatuak izango diren. Horregatik, alde bakarreko gaitzespenak ez du inoiz bakea ekarriko munduko gune gatazkatsu horietara. Eta printzipio horrek mundu osorako balio du, baita Euskal Herrirako ere.