|

Julen Aranberri eta Xabier Zaldua, Gurrutxaga baserriaren ondoan, elkarri eskua ematen.argazkia: a.z.
zumarraga. Bihar, astelehena, Pazko Bigarreneko jaia ospatuko da Zumarragako Antigua baseliza inguruan. Hasteko, 16.30etik aurrera, haurrentzako jolasak eta txokolate-jana izango dira. Ondoren, 18.00etan, Udal ordezkariek Amabirjina bisitatuko dute. Jarraian herri-kirol jaialdia izango da. Bukatzeko, erromeria izango da trikitilari eta txistulariekin. Euria egiten badu ekitaldi hauek guztiak Euskadi plazako arkupeetan izango dira.
Bihar arratsaldeko herri-kirol erakustaldian lau lagunek parte hartuko dute: Gurrutxaga baserriko Xabier Zalduak, Elorriaga baserriko Jabier Aranberrik, Julen Aranberri bere semeak eta Jose Mari Esnaola zegamarrak. Hasteko, lau aizkolarien arteko lehia izango da. Gazteek, Xabier Zalduak eta Julen Aranberrik, 45 hazbeteko launa enbor ebaki beharko dituzte. Helduek, berriz, 54 hazbeteko launa enbor.
Ondoren bi gazteak nor baino nor arituko dira. 45 hazbeteko bi enbor eta 54 hazbeteko beste bi ebaki beharko dituzte. Bukatzeko, Jabier Aranberrik eta Jose Mari Esnaolak kana-erdiko seina enbor moztuko dituzte.
Herri-kirolak gustukoak dituztenentzat benetan pozgarria da bi gazte elkarrekin lehian ikustea. Izan ere, asko dira gure kirolen osasunagatik kezkatuta daudenak. Julen Aranberri aizkorarekin ari-tzea ez da harritzekoa, bere familian tradizio handia bait dago. Aita bigarren mailako txapelduna izan zen, lehen mailako txapelketak jokatu zituen eta egungo txapeldun nagusia den Floren Nazabali apustua irabazi zion 1990ean. Julenek 17 urte ditu eta 8 urterekin hartu zuen lehenengoz aizkora. Iaz gazteen arteko txapelketan parte hartu zuen.
Xabier Zalduak 30 urte ditu dagoeneko, baina duela urte eta erdi inguru hasi zen aizkorarekin. "Beti izan dut gustuko, baina orain arte idi-probetan ibili naiz batez ere. Iaz nire buruari erronka jarri nion: Pazko Bigarreneko jaian 50 kiloko harria 30 aldiz altxatu nuen, kana-erdikoa ebaki nuen eta bukatzeko Izazpira joan-etorria egin nuen".
Desafio horretarako hartu zuen aizkora serio lehenengoz eta Ino Ugarteburuk lagundu zion. "Teknika menperatzeko urte asko behar dira, baina jarraitzen badut lortuko dut", aipatu du gazteak.
Jabier Elorriagak Pazko Bigarreneko jaian bere semearen aurka aritzea eskaini zion eta Zalduak ez zion uko egin. Julenek aizkorarekin lanean berak baino askoz ere urte gehiago daramatzan arren, ez da bere beldur. "Teknika aldetik ni baino askoz hobea da, baina nik 30 urte ditut eta beraz eginagoa nago. Dena den, teknika txarra izanez gero, indar asko alperrik galtzen da", onartu du.
Hori dela eta, ez da faboritoa nor den esatera ausartzen. "Asteartean esango dut", dio. "Nire ustez Xabierrek irabazteko aukera gehiago ditu. Gainera katarroa dut", aipatu du Julenek. Bi aizkolari hauek lehenengoz arituko dira bata bestearen aurka. Apirilaren 12an Urretxun izango den herri-kirol desafioan berriro elkar ikusiko dute. Astelehenean ez dute ordurako ezer ezkutatzeko asmorik. "Plazara irten eta gero, guztiei irabaztea gustatzen zaigu. Egia da astelehenean batak besteak nola lan egiten duen ikusiko duela, baina egun guztiak ez dira berdinak", azaldu du Xabier Zalduak.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |