|

Gaur egungo Aizpea ostatua dagoen tokian kokatzen zen Gure Borda elkartea.
GAUR egun sagardotegi gehienak Buruntzaldean kokatzen badira ere, XX. mendearen erdialderaino Lezo udalerriak oso sagardotegi famatuak izan zituen. Izan ere, herritar askoren ustez bere lurretan Gipuzkoako sagarrik goxoenak biltzen ziren. Garai hartako bizimodua Lander Zurutuza historialariak Lezoko sagardogintzaren akabera idazlanean azaltzen du.
Zurutuzaren obra honen ardatza 1992an urtarrilaren 30ean Lezoko Bordatxo baserrian izandako berriketaldia da. Bertako nagusia den Gregorio Arruti Legorburuk emandako adierazpenekin, XX. mendeko sagardogintzaren kronika osatu zuen. Francisco Arruti Arana izan zen bere aita, eta hura hil (1952) baino lehentxeago hartu zuen Bordatxo sagardotegiaren ardura, herriko famatuenetarikoa. Txerrimuño sagardotegiaren ardura ere, itxi aurreko urteetan, berea izan zen.
Gregorio Arruti Bordatxo baserrian jaio zen 1927. urtean, eta bertan bizi izan da gaurdaino. Lezoko sagarra famatuena zen. Inguruetakoa baino gehiago ordaintzen zen, "kiloko ia pezeta bat gehiago", ziurtatu du. Hemengo sagarrak "pisu eta likido gehiago eta kolore eta granillo hobea zuen", adierazi zion baserritarrak Zurutuzari.
Gregorio Arrutiren ustez, honen arrazoia ez legoke itsasoaren hurbiltasunean, lurraren kalitatean baizik, Lezoko lurrak buztintsuak baitira.
Bestalde, Lezon sagar kantitate eta barietate handia zegoen. "Pysbetik Gaintxurizketaraino (Irun aldera) dena sagastia zen", gogoratu du Arrutik.
Liburuan azaltzen denez, Donostia eta Astigarragatik etortzen ziren Lezora sagarra erostera, eta baita Hernani, Errenteria eta Oiar-tzundik ere. Sagarraren tratua Gure Borda elkartean ixten zen urtero, Santakrutz jaien ondoren, irailaren 20 inguruan.
gerra zibila
Sagardotegiak itxita
Zurutuzak bere idazlanean jaso duenez, zenbait baserrik tolare jatorrak zituzten. Hala nola Amuntene, Errekalde, Lopene, Matejoane, Olazar, Txatxamendi, Urrullo eta Bordatxo bera. Gainera, beste tolare txikiak nonahi ziren kalean.
Bordatxo izan zen arrakasta handiena lortu zuen sagardotegia. Zurutuzak liburuan dioenez "aparta" zen. Zortzi kupel zeuden, eta sagardoa bertan egiten zuten. Aste Santu ingurutik abuztura arte egoten zen irekia. Eta egun on batean 1.000 litro inguru saltzen zituzten.
Gerra garaian (1936-1939), Lezoko sagardotegi guztiak itxita egon ziren. Eta hutsune honen ondoren, sagardotegi batzuk ez zituzten gehiago ireki. Bestalde, sagastiak gutxi-tzen joan ziren eta denbora labur batez lanean jarraitu zuten sagardotegiek ere ateak itxi zituzten.
Hala eta guztiz ere, zenbait baserrik ohiturarekin jarraitu zuten. Horrela, gerra ondoren, 1946. urtean ireki zuten Bordatxo. Erdarazko esaera batek honela zioen: "El que sube a Bordatxo, baja borracho". Azken garaian, litroa 10 edo 12 pezeta ordaintzen zen, eta edalontzia pezeta bat. Betiko itxi zenean, 1960. urtean, Lezoko azken sagardotegia zen. Errekalden sagardoa bertan egiten zuten baita. Gure Borda elkartean (Gurutze Santuaren plazako Indionea etxea, Aizpea ostatua dagoen tokia, alegia), ordea, sagardorik ez zuten egiten: gehiena Errekaldetik ekartzen zuten, eta zerbait Errenteriatik. Gerra ondoren, 1950 eta 1954 urteen artean, irekita egon zen.
Industria
Sagastiak gutxitu
Gregorio Arrutiren ustez, sagastiak industriaren eraginagatik galdu dira. Bere esanetan, sagarrondoak hiru edo lau urtetan poliki hazten dira, baina gero ihartu egiten dira. Arbola zaharrak dira oraindik ere fruitu pixka bat ematen dutenak.
Gaur egun, Lezon ez da inon sagardorik egiten. Azken aldiz, Bordatxo eta Amuntenek egin zuten 1990. urtean. Ordura arte, Bordatxokoek Olamarta, Matejoane, Bordatxoko eta Peliar baserrientzat egin ohi zuten sagardoa.
Lander Zurutuza historialaria eta herriko udal liburutegiaren arduraduranen ustez, ondo legoke gaur egun sagardogintzaren inguruko jakintza museo txiki batean gordeko balitz. "Aukera paregabea dugu. Ea Udalak honen aldeko erabakirik hartzen duen, azken tresna eta tolareak gure baserrietatik desagertu baino lehen", idatzi zuen historia biltzen duen bere lanean.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |