|

Itziar Sasieta, Santa Barbarako baseliza aurrean.
G ARAI batean herri guztietako eliza eta ermitetan zeuden serorak. Emakume hauek apaizari bere lanean laguntzen zioten eta tenplua zaintzen zuten. Geroz eta serora gutxiago gelditzen dira. Horietako bat Urretxuko Mendizabal baserriko Itziar Sasieta da. Santa Barbarako ermita txukun mantentzeaz, behar den bakoitzean irekitzeaz eta bertako kanpaia jo-tzeaz arduratzen da, besteak beste.
Mendizabal baserrikoek aspalditik zaintzen dute urretxuarren baseliza kuttuna. Sasietak ez daki zehazki noiztik. "Nire aitona bertako sakristaua izan zen. Ama Beidakar baserrikoa zen eta ezkondu zenean Mendizabalera etorri zen. Orduan bera jarri zen sakristau, bere aitaginarrebaren ordez. Duela 20 bat urte nik hartu nuen ardura, baina amak etortzen jarraitu zuen. 19 urterekin hasi zen eta 80 urte baino gehiago zituen bertako lanak erabat utzi zituenean. Garbiketa lanetan guk laguntzen genion, baina eliza zabaltzeaz bera arduratzen zen. Bere garaian omenaldia egin zioten", aipatu du Sasietak.
Amaren lekukoa hartzea beste aukerarik ez zuen izan. "Amak Don Santiagori Santa Barbarako lana utzi behar zuela esan zion eta apaizak niri pasatzea proposatu zion. Hala hasi nintzen. Gero eta zailagoa da lan hauek egiteko prest dagoen norbait aurkitzea. Nori utziko diot nik? Bi seme ditut eta ez dut uste nire pausoak jarraituko dituztenik… Laguntza eskatzen badiet etortzen dira, baina normalean bakarrik egiten ditut bertako lanak. Mendizabalekoon sakristau lanak hemen bukatuko dira".
Parrokiako arduradunek ordezkoren bat aurkitu beharko dute Santa Barbarako baseliza zaintzeko. Sasietak ez dela oso lan gogorra dio. Izan ere, gutxitan irekitzen dira ermitako ateak eta orduan bakarrik egiten ditu garbiketa lanak. "Ez litzateke gaizki etorriko gehiagotan garbitzea, baina baserrian ere lana dut. Baseliza irekitzea eta kanpaia jotzea ere niri tokatzen zait. Kanpaia gaizki dago eta indar asko egin behar da jotzeko. Elizan konpondu beharreko zerbait dagoen bakoitzean parrokoari jakinarazten diot".
pasadizoak
Guardia zibilak laino artetik
Egunero joan behar ez den arren, borondate hutsez lan egiten duela kontuan izan behar da. "Ez dut ezer kobratzen. Jendea harritu egiten da lan honen truke dirurik ez dudala jasotzen jakiten duenean. Amaren tokia hartu nuen eta norbaitek egin behar du… Santa Barbarak trumoietatik gordeko nauela erantzuten diet", dio umorez.
Sasietak argi utzi nahi du ez dutela sekula dirurik kobratu, nahiz eta garai batean apaizarentzat beste lan batzuk ere egiten zituzten. "Nire aita nik 12 urte nituenean hil zen. Bera hil aurretik baserriz baserri apaizarentzat eskean joaten ginen. Santa Barbara eskea deitzen zi-tzaion eta lan hori ere Mendizabal baserrikoon ardura zen. Umeak bidaltzen gintuzten eta Don Nikolas parrokoaren arrebak merienda erosteko eskupekoa ematen zigun lana bukatutakoan. Baserrietan berriro ere gure aitak lepo-ondo ederra izango zuela esaten ziguten eta amari lan hori ez genuela egin nahi esan genion. Izan ere, ez geunden halako gauzak entzuteko prest".
Mendizabal baserrikoek parrokiarentzat egiten duten lanarekin lotutako anekdota gehiago ere badituzte. Euxebi Aiastuik, Itziar Sasietaren amak, susto ederra hartu zuen behin. "San Juan bederatziurrena 6.30ean izaten da, baina ama 6.00etan etortzen zen. Izan ere, kanpaia hiru aldiz jo behar zuen: seietan, laurdenetan eta erditan. Gu artajorran gelditzen ginen eta bera ermitara etortzen zen. Laino itxia zegoen egun batean Guardia Zibilarekin topo egin zuen eta sekulako sustoa hartu zuen. Don Santiago meza ematera heldu zenean gertatu zitzaiona kontatu zion eta ez zela gehiago 6.00etan kanpaia jo-tzera etorriko esan zion. Izan ere, ordu horretan ez zen kristaurik egoten inguru honetan. Ordutik aurrera 6.30eko kanpaia bakarrik jo zuen. Ordurako beti norbait egoten zen baseliza inguruan".
Ikus daitekeenez, Urretxuko fededunek badute zer eskertu Mendizabal baserrikoei. Inguruko beste baseliza batzuen zainketaz ere baserritarrak arduratzen dira. "Antiguan Udalak Jesus Perez jarri zuen, baina Agiñagan ere doan lan egiten da. Bertako arduradun nagusia nire ahizpa da, baina garbiketa lanetan auzoko baserrietako familia guztiek parte hartzen dute txandaka. San Kristobaleko baselizaz, berriz, Oraa baserrikoak arduratzen dira", aipatu du Itziar Sasietak.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |