
Jon Martin bertsolari eta idazlea, atzo Donostian.argazkia: ainara garcia
Donostia. "Zer da Ero ? Ipuin liburua da", galdetu eta erantzun zion bere buruari Jon Martinek (Oiar-tzun, 1981) atzo liburuaren aurkezpenean. IX. Igartza Literatura-Sorkuntza beka irabazi ondoren Elkar argitaletxean kaleratu berri du.
Non dago normaltasuna eta erotasunaren arteko marra? Eta erotasuna eta erokeriaren arteko muga? Hortxe dabiltza, jolasean liburu honetako kontakizunak, hainbat gizon-emakumeren beldur eta irriken bitartez gizartearen beraren arazoak agerian jarriz.
"Muga lausoak dira. Mutur-muturreko ero bat erotzat hartzea erraza da, baina non hasten den erotasuna eta non bukatzen den originaltasuna, askatasuna eta berezitasuna jakiten zailagoa da. Baina agian galdera interesgarriena da zergatik sentitzen dugun erotasuna eta normaltasuna bereizteko beharra", adierazi zuen Martinek.
Traste zaharrak pilatzen dituen atsoa, adikzioak burmuinak nahastu dizkion gaztea, urteak betetzeari uko egin nahi dion gizon heldua… Istorio hauetako protagonista batzuk sailkatzerik badago; beste asko, berriz, itxura normalpean, edozein izan daiteke.
Idazlearen hitzetan, "garena eta erakusten duguna ez da berdina eta horregatik ero bihurtzen gara. Bestalde, ez badugu paper bat antzezten erotzat jotzen gaitu gizarteak". "Jendearen lotsak eta traumak aztertuz gizartearen aldarrikapenak islatzen dira eta gizartearen erretratoa egin izan nahi dut", gehitu zuen Martinek.
bertsolaritza Bere lehenengo ipuin liburua idatzi du, orain arte kazetaritza eta bertso lanetan ibili baita oiartzuarra. 19 istorio hauetan estilo ezberdinak menderatzen dituela erakutsi du eta esandakoaren arabera, "luxo bat izan da idaztea. Testuak berridatzi eta zuzendu daitezke. Berriz, bertsoek ez dute diszplinarik behar baina publikoaren erreakzioa bertan ikusten duzu".
Bertsolaritza eta literatura, eta orohar sormen molde guztiak, paraleloan ulertzen omen ditu. "Kontua da publikoki erakutsi behar den zerbaitek eskatzen duen ahaleginagatik, indarrak batean edo bestean kontzentratzen direla normalean. Urte hauetan, bertsolaritzan zentratu banaiz ere, idazten jarraitu dut. Bertsolari gehienok dugu beste sortzeko molderen bat. Normalean pertsona sortzaileak garelako gara bertsolari, eta bertsolari garelako sortzaileago bihurtzeko irrika pizten zaigu", esplikatu zuen.
Balantzaren beste puntan literatura jarri zuen oiartzuarrak: "Esker oneko artea da bertsoa. Sortu ahala jasotzen duzu eskerra, eta jendeari gustatu zaion edo ez ikus dezakezu. Literatura, berriz, bakoitzak bakardadean gozatzen du, eta idazleak gutxitan konpartitzen du irakurlearen plazera. Agian, bertsogintzara ohituta nengoelako, nik zalantza serioak nituen idazten nuenaren kalitateari buruz".
Jon Martinek bazekien idatzi nahi zuela baina idazten zuena "ona edo txarra den jakitea ez da erraza izaten". "Inguruko jendearen iritziak edo lehiaketak izaten ziren nire neurgailu bakarrak. Eta horiek ere ez dira beti fidagarriak izaten", bukatu zuen Jon Martinek.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |