|

Josu Baez, Juan Mari Lekuonaren liburu bat eskuan duela, bere etxe ondoko zelaian.
O STIRALEAN Iparragirre sariak banatu ziren. Irabazleen artean ez dago eskualdeko bizilagunik, baina euskarazko poesia lan onenari dagokion saria eskuratu duen Josu Baez idazabaldarrak harreman estua du Urola Garaiarekin: Maribi Auzmendi legazpiarrarekin ezkonduta dago eta bere anaia Santi Zumarragan bizi da.
Baezek 54 urte ditu eta gaztetatik idazten du. Donostian bizi da eta banketxe batean lan egin du. Duela hiru urte erretiroa hartu zuen, bere zaletasuna lantzeko denbora gehiago edukitzeko. Egunero Idiazabalgo Arimasagasti auzoan bere gurasoak zirenek altxatutako etxera joaten da irakurtzera eta idaztera.
Iparragirre saria irabazteko balio izan dion lana bizitzari buruzkoa da. "Jaiotzatik heriotzara bitarteko bidea azaldu dut. Naturari oso lotuta dago, berak zizelatzen eta herio-tzara eramaten baikaitu. Poesia jendeari prosa baino aspergarriagoa egiten zaionez, lan laburrak idazten ditut eta euskara ahalik eta arruntena erabiltzen saiatzen naiz. Bestalde, bertso librea egokiagoa iruditzen zait jendearengana heltzeko".
Jendeak bere obra irakurtzea nahi du eta Iparragirre sariak horretan lagunduko dio, saritutako lanak argitaratu egiten baitira. "Mesedegarria da. Bestalde, sariek poza eta aurrera jarraitzeko indarra ematen dituzte", aipatu du.
Egun, garai batean idatzitakoak errepasatzen ari da eta poesia lan bat argitaratu nahian dabil. "Iparragirre sariketara aurkeztutako sorta baino luzeago bat prest dut eta argitaratuko duten esperantza dut. Nik ere badut zer edo zer esateko, baserritarren semea eta pobrea naizen arren. Betikoek hitz egiten dute eta haiei kasu egiten zaie, baina bizimodu apala eraman dugunok ere badugu zer esan".
Argitaratu nahi duen lanak Haruntz bideetan honuntz du izenburua eta bere bizitza du oinarri. "Gai asko jorratzen ditut bertan: egunerokoak, sozialak, historikoak… Gaiak burura etorri heinean horiei buruz idazten dut eta gero lotu egiten ditut, baina oinarrian natura dago. Bestalde, zuzentzeak sekulako lanak ematen ditu", dio.
poeta kuttunak
Aresti eta Lekuona
Baezek ondo daki zertaz ari den, urte asko baitaramatza idazten. 80ko hamarkada hasieran Egan aldizkarian kolaboratu zuen, Juan San Martin zenarekin. "Ipuinak, bertsoak… egin nituen. 20 bat urterekin hasi nintzen idazten, baina bizitza honetan ez dago bi gauza batera egiterik. Lana eta familia aurrera ateratzea eta aldi berean taxuz idaztea oso zaila da", dio.
Orain nahi adina denbora du. Udazkenean eta neguan lauzpabost ordu ematen ditu irakurtzen eta idazten. "Idazteko asko irakurri behar da. Soldadutzara joan aurretik Gabriel Arestiren lanak irakurri nituela oroitzen dut. Maldan behera ikaragarri gustatu zitzaidan, Harri eta herri baino gehiago. Kanpokoen artean Kavafis eta Hölderlin asko gustatzen zaizkit. Gaztelaniaz García Lorca eta Miguel Hernández irakurri ditut batez ere. Euskaldunei dagokienez, egungo guztiak ezagutzen ditut. Autore on asko daude, baina gehien ukitu nauena Juan Mari Lekuona da. Mimodramak eta ikonoak ikaragarri gustatzen zait. Gazte asko daude, korronteren bat sortuko dute, taldean ibiliko dira… baina idatzi norberak egin behar du!".
Berak emaztearen babesa du, nahiz eta honek Donostian lan egiten duen eta bertan ematen duen eguna. "Asko laguntzen dit, poesia asko gustatzen baitzaio. Egindakoa erakusten diot eta kritiko lana egiten du. Beste ikuspuntu bat eskain-tzen dit. Ezkongaietan poesiaz hitz egiten genuen jada! Halako elementua izan naiz ba…", dio umorez.
Egungo gazteei poesia irakurtzea gomendatzen die. "Ezagutzen ez dutenek, ez dakite zer ari diren galtzen. Gaiak garatzen, sentimenduak azalerazten… laguntzen du. Munduan badago zer hobetu eta jende asko denbora galtzen ari da. Jarriz gero, gauza asko egin daitezke hobeto bizitzeko eta elkarrekin hobeto moldatzeko", dio.
Harrigarria gerta daiteke banketxe batean lan egin duenari halako gauzak entzutea. "Nire lanbideak eta nire zaletasunak ez dute inongo zerikusirik, baina sormena beti izan dut. Lantzeko aukera falta izan zait. Banka mundura jornala ateratzera joan nintzen. Etxera soldata eramateko eta semeak aurrera ateratzeko lan egin dut, beste askok bezala. Orain oso gustura nago: banka txakurraren ipurdira joan zen eta lehen baino atsegin handiagoz idazten dut. Ez dut poema bakar bat idatziko bankari buruz".
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Hosting |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |