Elkartua, alaia, adoretsua
Irrazionala: Paradisu bezala saltzen diguten bizimodua. Begirunea eta balore oro galduta, norbere zilborrera begira itsu, inoiz baino baliabide gehiago baina are eta pobrezia eta desberdintasun gehiagoko lurzoruan. Non faxismoari demokrazia deitzen dioten eta delitugileen tokia ez den espetxea, gobernua baizik. Non justizia eta injustizia elkarri helduta doazen eta egoismoaren diktadura globo guztian errotu den. Non diru gehien duenarenak diren arrazoia eta boterea.Inposaketa: Dena herriaren izenean eta herritarron mesederako omen, baina ez dira herriari hitza ematen ausartzen. Beldurra diote gure iritziari, gure partehartzeari, guri. Ondorioz, polizia eta ejerzitoak eratzen dituzte, gu mehatxatuz, beraien beldurra guri pasa nahian. Pribilegiatu gutxi batzuk, beste guztion aurrean, beste guztion gainean.
Indarkeria: Euren gizarte eredu programatua edo ezer eza; beraiekin edo heriotza. Mundu juxtuago eta berdintasun gehiagokoaren alde altxatzera ausartzen diren apurrek, aurrez idatzia dute patua: espetxea, tortura, iluntasuna. Hala ere, beraiek omen bakezaleak eta beraiekin ados ez dagoena biolentoa, bere arma bakarra ideia eta ametsak izan arren. Armez gainezkako bakezaleak eta hitzez armatutako terroristak.
Istripuak: Egunero eragiten dituztenak ez dira hilketak, ez eta sarraskiak, istripuak baizik. Istripuz, urtero gosez hiltzen diren milioika txiro. Istripuz, hegazkinetatik jaurtikitako bonbek txikitutakoak. Egoera jasanezinetan lanean hildakoak. Poliziak manifestazioetan hiltzen dituztenak. Espetxetan, oso argi ez dauden arrazoiengatik hildakoak; hauei bisitan, milaka kilometrotako bidean, auto istripuz hildakoak. Zenbat balio du hauen biziak? Erosi, erabili eta saldu. Giza merkantzia, merkantzia merkea.
Informazioa: Edo desinformazioa. Informazioaren aroa omen gurea, inoiz baino ezjakinagoak garen arren. Munduaz ezer jakin gabe eta jakiteaz ere arduratu gabe. Estrategia argia: Herri jakintsu baino, inozo eta obedientea hobe. Honetarako, telebista irakasle nagusi: Izan moderatu, bizi ongi eta ez arduratu besteez, bakoitzak merezitakoa baitu. Nola osatu honela piezak? Nola lortu munduaren ikuspegi osoa?
Inpotentzia: Egunkaria irakur-tzea negar eta amorru eragile nagusi bihurtu da, berri txarrak berriz ohiko. Gizartearen pasibitateak muga oro gainditu ditu. Anestesiatuta, amnesia egoeran bizi garela dirudi. Honela, tristezia eta desesperazioak indabitzen gaitu sarri. Helmuga gabe, iluntasunean, noraezean galtzen gara. Nola egin aurre egoera honi gure egunerokoan? Zer egin? Nondik hasi?
Ilusioa, Itxaropena eta Irudimena: Errezeta posiblea. Ezin dugu alaitasuna eta denontzako etorkizun hobe baten ilusioa inoiz galdu, ezta momentu gogorrenetan itxaropenaren sua itzaltzen utzi ere. Irudimena ezinbestekoa da konponbidea aurkitzeko. Elkartuta, alai eta adoretsu, beste errealitate bat eraiki-tzera abiatzeko.