
Ziritik
GUNKARI bat dozenaka zati egindako orri huts handi bat besterik ez da argitaratu bezperan. Euskaraz genuen egunkari nazional bakarraren orriak bost urte daramatza hutsik, min, amorrazio, esker on eta bizi-pozezko letrak airean dabiltzan bitartean. Letrarik gabeko orri, lorerik gabeko elorri, mekauenik gabeko amorru gorri. Batzuetan besteetan baino neureago sentitu izan nuen, baina inoiz ez orain beste, han itsatsi nahi luketen hizkiak, sentimenduak, nireak ere badirelako, euskaraz bizi eta informatu nahi dugunoi birika bat ebatsi zigutelako. Atzo Andoaingo Martin Ugalde parkean bildu ginenok, auziperatuek zein haiengan sinesten dugunok, beldur bat bera genuen: zail izango da seigarren urteurreneko ekitaldian denok berriz elkarretaratzea. Ziegak prest dituzte. Urtebete barru, hain segur tamalez, atzo gure hatsa sentitu zutenak espetxean egongo dira, eta elkartasuna inoiz baino beharrezkoago izango da. Espetxeratuek eta haien senitartekoek animoak izango dituzte, baina ez da aski. Animoek ez dute jaten ematen, ez hipotekarik ordaintzen, ez eta seme-alaben eskolarik ere. Oraindik zerbait bagara, gauzarik garrantzitsuenetan elkarri hats emateko kuraiarik geratzen bazaigu, zerbait egin, ekimenen bat bultzatu beharko dugu zenbait kasutan dramatikoak izan daitezkeen egoerei aurre egiten laguntzeko. Orriek ez dute tirorik botatzen, baina min ematen dute batzuetan. Ez hutsek bakarrik. Iñaki Ezkerrak esplikatu berri digu aski argi: "auzi hauek euskalgintzaren aurkako erasotzat aurkezten dizkigute, eta alderan-tziz da. Behar beharrezkoak dira euskara eta euskal kultura terroristen hatzaparretatik libratuko baditugu." Eskerrak Ezkerrari. Estimatzekoa da euskaraz hitzik ikasteko betarik hartu ez dutenek gure hizkuntza babesteko halako ahaleginak egin nahi izatea. Patu latza gurea fiskalak defendatu behar bagaitu. Eskerrak berriz ere, Ezkerra, baina gure orri hutsa geuk idatziko dugu.
E
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |