
Aiako Harriaren mendigune granitikoa eta atzealdean Irun eta Hondarribia eta itsasoa.
D UELA 40 milioi urtera arte euskal lurralde guztiak urpean zeuden. Urpetik ateratzen lehenak Oiartzun haranean dauden Gipuzkoako arrokarik zaharrenak eta euskal geografian agertzen diren zaharrenetakoak izan ziren: Aiako Harria-Bianditz. Euskal Herriko mendigune granitiko bakarra da eta euskal lurraldeetako alde kontinental zaharrenaren gunea da. Duela 280 milioi urte inguru urgaineratu zen.
Egun, Oiartzun ibaiak serie estatigrafiko lodia zeharkatzen du, hori dela eta, lau era geologikoen barruan eratu ziren arroka eta metakinak azter daitezke bertan. Gizakia baino askoz lehenago inguruan bizi izandakoen inguruko informazioa jasotzeko gune bikaina da, izan ere, geruza horietan gordeta iraun duten hondar fosil ugari aurki daitezke.
Giza jarduerak ere utzi ditu arrastoak Oiartzungo haranean. Izan ere, azaleratutako arrokak erabiliz lanabes eta monumentuak egin zituzten Madeleine aldiko gure arbasoen garaitik Arditurriko erromatarren garaira bitarte, Erdi Arotik hona.
Oiartzun haraneko arrokarik zaharrenak Aiako Harria-Bianditz plutoi granitikoaren inguruan ageri dira. Arbel itxurako arroka sedimentarioak dira eta Era Primario edo Paleozoikoan eratu ziren, Euskal Herri osoa estaltzen zuen itsasoaren hondoan.
Ikerlariek aurkitu dituzten biztanleak duela 380 milioi urtekoak dira. Oiartzun eta Irun lotzen dituen errepidearen ondoan topatu dituzte Devoniarreko krinoideoen zurtoinen eta brakiopodoen hondarrak. Horiek dira Gipuzkoako bizidunen aztarnarik zaharrenak.
lur mugimendu handiak
Uretatik atera ziren lur zatiak
Orain dela 300 milioi urte, Karbonifero izeneko aldian, lurrazalak astindu izugarriak izan zituen eta, horien eraginez, Euskal Herriko lehen alde kontinentalak igo ziren itsas hondotik eta itsas mailatik gora geratu ziren. Mendebaldera jota, azken uhartetxoa egungo Aiako Harria mendigunearen leku beretsuan zegoen, Aiako Harria antzinako lur kontinental haien hondarra besterik ez da eta. Hau ekialderantz hedatzen zen, Lesaka eta Berarantz. Aldi tektoniko horren amaieran, mendigune hertziniarrak urgaineratu ziren: Aiako Harria, Bortziri, Baztan eta Aldude-Kintoa. Aiako Harria mendigune granitikoaren inguruan dauden arrokak Devoniar eta Karboniferoan eratu ziren orain dela 380 eta 280 milioi urte artean.
Garai horretan ere, arroka igneoak (magma lehortu eta gogor-tzean sortutakoak) indar handiz azaleratu ziren lurrazalaren hondotik eta aurretik metatutako sedimentu itsastarrak zeharkatu zituzten. Lurrazala zeharkatzean, arroka igneoek sorrarazitako metamorfismoa dela eta, arroka sedimentarioak (fosilak dituztenak) berriro kiskaldu eta arroka metamorfiko bilakatu ziren, barruan zituzten fosilak galduz.
Granitoa eta beste arroka igneo batzuk igotzearekin batera, jario hidrotermalek metalez beteriko ur-laster handiak ekarri zituzten lurrazalerantz. Arrailak bete eta metal zainak eratu zituzten, beranduago Oiartzungo Arditurri, Arlepo edo Zorrola eta Irungo Meazuri, Meaka eta San Martziso meategietan ustiatu zituztenak.
Mendigune granitikoa (Batolitoa) lurrazalean eta antzerako mendigune paleozoikoak urgaineratuta zeudenean, higadurak gogor eraso zien alde kontinentalei. Hala ere, urgaineratutako lur horiek izan ezean, egungo Oiartzun harana eta Euskal Herri gehiena itsas azpian zeuden.
triasikoa
Oiartzun, Irun, Urnieta...
Triasikoko, alegia, orain dela 225 milioi urteko itsasertz zaharraren aztarnak ikus daitezke egun Oiar-tzundik gertu dauden zenbait tokitan: Pagolarren, Leungo harkaitzetan, Urkullun, Irunen (San Mar-tzial), Biriatun, Larrunen, Mendaurren, Baztanen, Urdaburun, Adarran, Leitzaranen...
Orain dela 190 milioi urte inguru, Triasikoaren amaieran, ofita izeneko arrokak azaleratu ziren gertaera bolkanikoen eraginez.
Duela 180 milioi urte inguru sortu zen Jurasikoan, egungo Oiartzun haranaren zatirik handiena itsasoan hondoratuta zegoen. Hori dela eta, garai hartako arrokek molusku eta ornogabe itsastarren fosil ugari dituzte. Jurasikoko fosiletan, amonite eta belemniteak nabarmentzen dira, alegia, gaurko zefalopodoen -txibia zein olagarroak, kasu- aurrekoak. Animalia horien guztien maskor hondarrak ageri dira sarri arroka jurasikoetan. Garaiko kareharri eta tuparriek kolore ilunak eta gris-urdinxkak dituzte eta Oiartzun haraneko hainbat tokitan aurki daitezke: Elizaldeko saihesbidean, Iturriotzen eta Bidegorriko tuneletan.
kretazeoa
Oiartzun, Errenteria, Donostia eta Hernanin
Kretazeoa hasi zenean, Oiartzun haranaren zatirik handiena, Euskal Herriko zatirik handiena bezalaxe, itsaspean zeuden. Orain dela 130 milioi urte, Kantauri aldeko kostaldea altxatu zen. Behe Kretazeoan, orain dela 120 milioi urte, klima tropikala zen eta horregatik koralezko uharri handiak sortu ziren Euskal Herri guztian. Gipuzkoako ekialdean, koralen langa zabal haren lehen uharriak egungo Oiartzunen (Karrika), Errenterian (Txoritokieta eta San Markos), Donostian (Loiolako gaina) eta Hernanin (Santa Barbara) eratu ziren.
aztarnak
Higadura etengabea
Gune kontinentalak (Aiako Harria, Bortziriak, Baztan, Aldude Kintoako mendigune paleozoikoak) higa-tzen jarritu zuten etengabe. Beraz, jalkinak iristen ziren itsasertzera. Oiartzungo zenbait tokitan, hala nola Urkaben, Arkalen, Arraskularren edo Egiarren, aldi horretako konglomeratu eta hareharri zurien geruza ikusgarriak daude oraindik. Hauek duela 110 milioi urte sortu ziren itsasertzean.
'flysch'ak
Antzinako biztanleen aztarnak
Arro sedimentarioa hondoratu egin zen duela 100 milioi urte, Goi Kretazeoan, egungo Oiartzun haranaren erdialde eta behealdean. Aldi horretan, Aiako Harria-Bianditz etengabe hegatu zenez, ale xeheko metakin ugari jalki eta Flysch faziea deitutakoa eratu zen. Metaketa hauek oso bereizgarriak dira Gipuzkoa eta Bizkaiko Goi Kretazeoan, eta Oiartzungo leku ba-tzuetan ikus daitezke, esaterako, Txikierdin bidegorriko bazterretan, Ugaldetxon, Lintzirinen, edo A8 autobideko ezpondetan, Errenteriako saihesbidean, Txirrita-Maleon, Lezon,... Munduko Flysch garran-tzitsuenetakoak, ordea, Zumaian daude, munduaren historia konta-tzen baitute beren geruzetan.
Bikain geruzaturik agertzen dira Flysch faziea deitutakoak. Estratu finak dira eta kolore gris, zuri edo arrosak izaten dituzte. Metaketa sedimentario hori sakonera handian sortu zen, plataforma kontinentalaren ezpondaren azpian, beraz, antzinako itsas hondoetan batetik bestera zebiltzan bizidunen lorratz fosil ugari daude. Itsas triku, molusku eta gure itsasoan duela 65 milioi urte bizi izan ziren azken amoniteetako batzuk ere badituzte. Metakin gogor (hareharriak) eta bigunen (lutita, buztinak...) arteko txandaketak osa-tzen dute Flysch egitura.
Flysch deitutakoetan oso arruntak dira animalia ornogabe txikiek sortu zituzten lorratz eta aztarna fosilak. Bertan, ikerlariek ez dute aurkitu aztarna horiek sortu zituzten animalien hondarrik edo eskeletoen arrastorik, baina horien jardueraren aztarnak ugariak dira: zulaketak, hondeaketak edo mugi-tzean utzitako arrastoak.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Hosting |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |