Diario de Noticias de Gipuzkoa

Cultura      Ocio      Cartelera      Comunicación      Televisión      Pdf

Eskola zaharreko txapelduna

Garai batean ohikoa zen urtero Euskal Herriko bertsolari bat urtarrilean omentzea. Orain dela 30 urte, 1978. urtean hain zuzen ere, Joxe Joaquin Mitxelenak (Oiartzun, 1924-1988) bertsolari eta zaleen errekonozimendua jaso zuen

Ezkerretik eskuinera, Mitxelena, Mattin, Uztapide eta Lexoti, Oiartzunen bertsotan.

enviar a un amigo imprima este texto texto normal texto medio texto grande

DONOSTIAKO Kultur eta Turismo Ekintzetxeak (KTE) antolatu zuen urtetan egun Bertso Egunaz ezagutzen den ekimena. KTEk argitaratutako San Sebastian-Donostia, 1978ko memoria liburuari gainbegiratu bat emanez gero, Joxe Joaquin Mitxelenari egin zitzaion omenaldian 3.000 bat lagun bildu zirela irakur daiteke. Bertso jaialdia goizeko 11.30etatik aurrera Carmelo Balda pilotalekuan egin zen urtarrilaren 22an, igandean.

Aurreko egunak apur bat urduri igaro zituen bertsolari oiartzuarrak. "Nahiago nuke (eguna) pasata balego", adierazi zion omenaldiaren atarian Zeruko-Argia astekariari.

Mitxelena plaza gizona izan zen bizitzaren alor ezberdinetan. Oiar-tzungo Iturriotz auzoko Makuso baserriko semea, oso gazterik, 8-9 urterekin, Mitxelena Sagardoak sagardotegian botilak garbitzen hasi zen lanean. 13 urterekin Pasaiako Luzuriaga lantegian eta 16rekin Errenteriako Olibet gaileta fabrikan. Egunero 16 kilometro egin behar izaten zituen oinez laneko joan-etorria egiteko. Ondoren, 20 bat urterekin, Pasaiako portuan aritu zen jornala irabazteko kilo dezenteko zakuak deskargatzen. "1947an hamalau erreal irabazten genituen. Zortzi ordu baino gehiago lan egin behar izaten genuenez, 18 erreal ordaintzeko eskatu genuen. Egun batean, zortzi ordutatik aurrera greba egin genuen. Orduan hartu denak -160 langile baino gehiago- eta Ondarretako kartzelan sartu gintuzten Donostian. Ez zegoen nahiko leku denontzat eta bi laguneko ziegetan zazpinaka jarri gintuzten. A cero moztu ziguten ilea denoi eta han egon ginen. Batzuk, 10-15 egun, beste batzuk bi-hiru hilabete, gerra garaian gorriekin ibiliak zirelako".

bertsotan

Kontrabandoan

Oiartzuarra kontrabandoan ere ibili zen. Batik bat, tabakoa eta whiski botilak garraiatzen aritu zen mugaz gain. "25 urtez aritu nintzen horretan baina azkenean, hiru multa ere ordaindu behar izan nituenez eta muy vistos geundenez, utzi egin nuen".

Joxe Joaquin Mitxelenaren aitona bertsolaria bazen ere, osaba Kosmerekin zaletu zen bertsoetara. Jendaurrean lehen aldiz, 15 urterekin kantatu zuen bat-batean beste hiru bertsolarirekin batera: Ibañez, Telleri-Txiki eta Zaiburu. 1939an egin zuen debuta: "Festa bat prestatu baitzuten Oiartzunen gerra bukaera ospatzeko".

Mitxelanak plaza asko egin zituen harrez gero, eta urtetan Basarri, Uztapide, Zaiburu, Joxe Lizaso eta Azpillaga izan zituen bertso-lagun ohikoenak. Oiartzuarrak bertsoetan aritzeko lekurik gogokoena, berriz, Hernaniko Ereñozu auzoa izan zuen, San Antonio festak batik bat.

Bat-batean kantatzen jakitea, Jaungoikoak emandako dohaintzat zeukan eskola zaharreko bertsolariak. Halere, "zenbat eta gehiago jardun, erraztasun gehiago izaten duzu; baina iturria behar da, gainerantzean jai dago" esan zuen oiartzuarrak. Bertsotan egiteko, berriz, "bazkal aurretik kantatuz gero, ondo gosalduta izan behar du".

"Bertsotan pixka bat ukitu beharreko gaia da politika -adierazi zuen behin-, baina bertsotan beste gauza asko kanta daitezke. Politikaz dozena erdi bat bertso ondo dago baina herriak gauza asko ditu hortik kanpora esateko".

Santo Tomas egunean garai batean Educación y Descansok -frankismoan era guztietako ekimenak bultzatzen zituen, kulturalak, artistikoak, baita kirol arlokoak ere- antolatzen zuen txapelketa bi aldiz erdietsi zuen Mitxelenak. Parte hartu zuen hiru txapelketa nagusietan lan txukuna egina dugu oiartzuarra. 1960an, seigarren sailkatu zen eta 1962 eta 1965ean, berriz, bosgarren. 1962an, Hernaniko Aitor zineman jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari txapelketan -Lazkao Txikiren aurretik- Mitxelenak jantzi zuen irabazlearen txapela.

Epígrafe

Omenaldia

1978ko urtarrilaren 22 nahiko egun bitxia izan zen. Kirol eskaintza zabal batekin esnatu zen eguna: aizkolariak, ziklo-krosa eta pilota. Eibarko Astelenan, adibidez, Empresas Unidasek antolatutako buruz buruko torneoko finalean, 23 urteko Julian Retegik tanto bakar bat egiten utzi zion bere osaba Juan Ignacio Retegi pilotaria (22-1).

Kirol aukera anitz hartan, bertsozale piloa bildu zen Donostiako Carmelo Baldan. Joxe Joaquin Mitxelenaren omenaldian kantatu zuen bertsolari koadrila ez zen batere kamutsa izan gainera. Euskal Herri osoko hainbat bertsolarik parte hartu zuten. Saioan zehar 35 igo ziren oholtzara. Bertsozaleak, berriz, 121 bertso entzuteko parada izan zuen; bertso-betekada ederra.

Aurreko edizioan omendu zuten Jose Lizasok bota zuen lehen bertsoa. Atzetik hamaikak. Esaterako Imanol Lazkanok eta Manuel Urangak Azkonar :

Herria zerbituaz

maiz bertso onakin

gero jatetxe bati

ziyon gogor ekin.

Noiznahi dabil arrandun

noiznahi da harakin.

Tripa zailak betetzen

nola ondo dakin,

urte askoz holaxe

Joxe Juakin.

Mitxelena hain degu

gizon ezaguna,

oraina dabenian

hemen daukauna.

Hainbeste bertso eder

berari entzuna,

alderdi onak dira

asko dituzuna.

Bihotza biguna,

mingaina leuna,

eskuzabalduna,

kristau euskalduna,

zuri eskaintzen zaizu

gaurko eguna.

Bertsolari artaldeko, Juan Mari Areitio, adibidez, zuzena eta zeha-tza izan zen agurrean.

Ni'ke Mitxelena zorionduaz

nahi nuke zerbait kanta,

bertso entzule agurgarrioi

"Ongi etorri" emanda,

Mitxelena hemen daukagu gizon

handia eta galanta,

bertso kantatzen bizkorra eta

kontrabandista aparta.

26 agur kantatu zituzten bertsolarien artean, bi mutil koskorrek ere egin zuten ekarpena. Leintz bailarako bertso-eskolako Luis Mari Gabilondok eta Danel Goikoleak. Urruti egon arren, Tenerifetik, Sebastian Lizasok gutun batean bidali zuen bertsoa Joxe Mari Iriondo aurkezleak irakurri zien bildutakoei. Omenaldiak ez zuen Sebastian oporretan topatu, soldaduskan baizik.

Omen eguna iritsi da

hemendikan degu jakin

ta Tenerifen egonagatik

oroitzen naiz lagunekin,

pena bat daukat egun handia

ezin egona zurekin

zorionikan maitekorrenak

zuretzat Joxe Joaquin.

Saioaren bigarren zatian zortzi bertsolarik, Agirrek, Azpillagak, Gorrotxategik, Igarzabalek, Kosme Lizasok, Lazkao-Txikik, Lopategik eta Mattinek ariketa ezberdinetan bertsotan egin zuten. Gai sorta ani-tza izan zen. Euskararen egoera, tristezia, puri-purian zegoen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) autonomia… Koxme Lizasok, Azpillagak eta Gorrotxategik, adibidez, galdera bati erantzun behar izan zioten: "Gaur egun gure zenbait aldizkaritan neskatxak biluzik azaltzen dituzte fotografietan. Gustatzen al zaizkizue?"

Lazkao Txiki eta Mattinek, bestalde, baserri giroko esaera bat izan zuten gaitzat: "Pobrearen etxean, behia antzu eta andre ernai". Elkarri majo zirikatzen aritu ziren eta bertsozaleak gozatu ederra hartu zuten bi bertsolari "txiki-handiek" bota zituzten irtenaldiekin.

Saioko bertso txalotuenak, ordea, Koxme Lizasok kantatu zituenak izan ziren. "Zer duk itsumenak" izan zuen hiru bertso botatzeko gaia. Bigarren bertsoan hausnarketa hau egin zuen:

Gaur Euskal Herrirako

daukagun ardura

erdi itsu gaude ta

gabiltz errenkura.

Itsuak baitabiltza

gaur gure modura,

iritsi ezinikan

nahi degun lekura

Saioaren amaieran opari eta oroigarri sorta luzatu zizkioten Joxe Joaquin Mitxelenari. Eta bertsolariak jasotako begirunea eskertu asmoz bertso batzuk bota zituen. Hona kantatutako bat:

Gaur Donostira inguratua

jaunak ez nago damuan,

zer edo zer eingo zenduten

errezeloa banuan

anai ta arreba neunei begira

asko daduzkat albuan,

txalo ta gaiñuntzeko eskeini

nazuten erregaluan,

piska bat ondo zegoan baino

hainbeste merezi al nuan?

Mitxelenak, Baldako omenaldiaz gain, beste bat ere jaso zuen. Honoko hau otsailaren bostean Oiartzun herriak eskaini zion. Bertan, Lazkano, Lizaso, Amuriza, Jon Enbeita, Etxeberria, Garmendia, Xanpun eta Egileor aritu ziren.

buscar vivienda en gipuzkoa
miles de casas y pisos en navarra
MIRARTECultura
DURANGO
La Feria del Libro y Disco se abre hoy
SUSCRÍBETE
BOLETÍN DE TITULARES DEL DÍA
Introduce tu dirección e-mail y recibirás cada mañana los titulares más importantes en tu correo

Destacados
LAS FRASES
Joxe Joaquin Mitxelena kartzelan egon zen, greba egin eta kontrabandoan ibili zelako
Aitona bertsolaria bazuen ere, osabarekin zaletu zen, eta 15 urterekin jendaurrean kantatu zuen
Bat-batean kantatzen jakitea, Jaungoikoak emandako dohaintzat zeukan eskola zaharreko bertsolariak
Omenaldiaren egunean bertsozale piloa bildu zen Donostiako Carmelo Balda frontoian
Haznos tu página de inicio | Visite también www.noticiasdealava.com | www.noticiasdenavarra.com

© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA · Tel 943 319 200 · Fax Administración 943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902

Enlaces patrocinados: Inmobiliarias | Disfraces | Agencias de publicidad | Tiendas de electrónica | Cirugía estética | Inmobiliarias | Asesorías | Peluquerías | Muebles | Clínicas | Seguridad | Mudanzas | Viajes | Hostales | Taxis | Hogar | Hoteles | Cerrajeros | Farmacias | Rótulos | Armarios | Trabajo | Hosting |
Ocio en Gipuzkoa | Hoteles en Madrid | Hoteles en Barcelona |