
Arantxa Eguzkiza, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakaria, Iparragirre sagardotegian.
hernani. Iparragirre sagardotegian lanez lepo dabiltza urte hasiera honetan. Hala ere, Eguzkizak tartetxo bat hartu du galdera sorta honi erantzuteko.
Txotx denboraldiaren aurreko egunetan lan asko izaten al duzue ekoizleek?
Urte guztian sagardoarekin lanean izaten gara, baina beste arlo ba-tzuetan: sagar-biltzea, edaria egitea... Nik ez dakit zer gertatzen den, baina txotx garaia iristen denerako lan asko pilatzen zaigu. Beti dago zerbait egiteko.
Zure kasuan, gainera, eginbehar berriarekin batera dator txotx garaia.
Gaur (atzo) izan dugu elkartearen zuzendaritza aukeratzeko lehen bilkura eta aste honetan, adibidez, goizero ari naiz joaten egoitzara, martxa hartzen joateko. Eskerrak ahizpak sagardotegia gertutik daraman.
Sagardogintza gizonezkoen mundutzat ikusi izan dute askotan. Aldatzen ari al da errealitate hori?
Bistan da gizonezkoak direla sagardogile gehienak eta aurpegia ematen haiek egoten direla. Baina egia da gero eta sagardotegi gehiagoren jabe garela emakumeak. Eta ezin dugu ahaztu sagardoaren munduan beti egon dela emakumea, beste lan batzuetan bada ere.
Osasuntsu ikusten al duzu sagardoaren mundua?
Edariaren jatorria, berez, botila da. Ez dugu ahaztu behar txotxa kata bat izan dela betidanik. Horrek beste dimentsio bat ematen dio sagardoari eta horrek sagardogileei asko lagundu die inbertsioen ikuspegitik. Baina dudarik ez dago sagardoa ez dela edari bat bakarrik, ondare bat ere badelako. Kultura bat dauka atzean eta txotxak asko esan nahi du ikuspegi horretatik. Etxean beti ikusi izan dut txotxak era guztietako jendea elkartzeko balio izan duela eta merezi du mantentzea. Dudarik ez dago gauza asko daudela hobetzeko eta egiteko.
Eta sagardoa bera asko aldatu al da?
Ahoan asko hobetu da, baina ez da behar bezala ezagutzen den edari bat. Ez zaio merezi duen tokia ematen gizartean. Gertu daukagun edari bat da -agian merkea izan delako ez zaio baliorik eman-, alkohol gutxikoa eta freskagarria. Eta hori ez da behar bezala baloratzen.
Txotx garaian, ez al da zenbait kasutan edariaren kalitatea kaltetuta irteten, aipatzen duzun helburu horrekin kontraesanean eroriz?
Bakoitzak ikusiko du zer egiten duen, baina hanka-sartze bat iruditzen zait hori. Sagardo txarra banatzen bada, hori produktuaren duintasunaren aurka doa. Baina esaten den guztia ez da beti egia. Batek esan lezake sagardoa txarra dagoela berari ez zaiolako gusta-tzen. Bakoitzak bere gustuak ditu. Hor ahaztu ezineko puntu bat dago: txotxean puntu-puntuan dagoen sagardoa... azti! Ulertu behar da edari horrek prozesu bat duela. Bestalde, kupela txotxean asko irekiz gero, sagardoa oxidatu egiten da. Eta horregatik ez ditugu kupel denak irekitzen.
Sagardoaren irudia tradizioarekin lotzen da askotan. Berrikuntzak ez al du tokirik arlo honetan?
Urtetik urtera gure esku dagoen guztia egiten dugu zerbitzu hobea eskaintzeko. Inbertsio garrantzi-tsuak egiten ditugu hilabete ba-tzuetan bezeroak jasotzeko. Edaria hobetzeko bidean gaude, baita ere, baina bere jatorria eta nortasuna galdu gabe.
Eta menuei dagokienez, ez al da komeni jaki tradizionaletatik haratago joatea?
Egia da sagardoa janari jakin ba-tzuei lotuta dagoela, segur aski bere garaian merkeenak zirelako. Gaur egun ez da hala eta, pertsonalki, kezkatu egiten nau horrek. Baina oso produktu garestiekin lan egiten dugu. Joan zaitez bakailoa, txuleta edo gazta erostera eta ikusiko duzu zein prezio duten! Jende askok hori eskatzen du, baita ere. Dena den, handicap bat da prezioa; nik nahiago nuke menu merkeago bat eskaini banezake.
Azkenaldian jatorrizko izendapen bati buruz hitz egiten duzue, baina emaitzarik ez da ikusten.
Elkartearen baitan oso lan serioa egiten ari gara. Gauzak ondo egiteko, lehendabizi barruko lana egin eta kontuak ondo lotu behar dira kanpaiak jo aurretik. Garbi daukaguna da ezin ditugula gure sagarrondoak alde batera utzi; lotura bat egon behar da sagardoaren eta bertako sagarraren artean. Hori indartu behar dugu, arrazoi askorengatik. >n.g.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |