
Aitor Mendiluze, atzo, Bertsozale Elkarteko egoitzan igandean jokatutako finaleko argazkia erakusten.argazkia: ruben plaza
donostia. Txapela erdietsi ondoren, batere lorik egin al zenuen?
Gutxi. Saioaren ostean Hernaniko koadrilarekin hitz egiten aritu nin-tzen. Eta ez gutxi gainera…
Eta biharamunean, Jon eta Arkaitz semeen begiek zer zioten?
Ezer gutxi, haiek esnatzerako ospa egin bainuen. Batera eta bestera ibili nintzen egun guztian zehar.
Eta bikoteak?
Gustura dago. Finalean hunkitu egin zela aitortu dit. Azkenean horrek balio du!
Egun handia abenduaren 16a.
Dudarik gabe, gainera. Baina ez niretzat bakarrik: kolektiboarentzat, Bertsozale Elkartearentzat, bertsozaleentzat… Guztiontzat.
Zaleek bertsolarien ahalegina eskertu zuten. Zuek ere antzeman zenuten gertutasuna.
Bai. Guk, igandean, plaza bertsotarako zegoela esan genuen. Jendeak saio on bat nahi zuen, baita merezi ere. Uste dut ona eskaini geniela, gainera, nahiz eta beti dagoen zer hobetua. Guregatik egin genuen, baina baita entzuleengatik ere.
Ez zenuen helburutzat, baina eginahalak emaitza ezin hobea eman zuen: txapela.
Hasieratik esan nuen hori gainera. Txapelak, azken finean, saritzen duena lan bat izaten da, eta ez Illunben soilik egindakoa. Ibilbide baten ispilu izan behar du txapelak. Nahiago dut bertsotan ondo egin eta txapeldun ez izan, bertsotan egin gabe txapeldun izatea baino. Txapela lortzea ederra da, baina azken batean norberaren asebetetzea da luzera begira geratzen dena. Igandean biek bat egin zuten.
Gorputzaldi onarekin aritu zinen bertsotan.
Bai, erraz. Benetan, eroso. Gustura. Baita beste bertsolariak ere. Talde giro sentsazio polita antzeman nuen oholtzan, etxeko giro moduko bat.
Zeinek berotzen du gehiago: duela hamabi urte lorturiko txapelak edo igandekoak?
Desberdinak dira. Duela hamabi urte ez nuen uste txapela lortu nezakeenik ere, eta irabazteak gauza ba-tzuk ikasteko aukera eman zidan. Jasotakoa, gutxi edo gehiago, uste dut aprobetxatzen jakin dudala. Eta ordutik bide bat egin dut. Oraingo txapelak egindako ibilbidearen berrespena izan da. Azken finean, ez nau deskubritu, baina hamabi urtetan bertsotan aritu eta egindako lanak zerbaiterako balio duela erakusten du. Beraz, bigarrena, lehena bezain inportantea da.
Orduan, txapela, Manuel Lasartek ipini zizun. Aurten Joxe Mari Altunak.
Bai sentsazio ezberdinak, baina politak, oso. Lasarte bezalako bertsolari handi, famatu, miretsi eta onaren eskutik txapel bat jasotzea, zer esango dizut bada…
..bataio handia da.
Bai. Batez ere urte haietan hazten ari bainintzen. Oraingo honetan, hainbeste urtetan lankide izan dudan Joxe Mari Altunak jantzi izanak hunkitu ninduen. Donostiarra asko miretsi eta estimatzen dut urtetan egin duen lan isilagatik. Elkarri eman genion besarkada oso beroa izan zen.
Josean Gasca polikiroldegia, lehen txapela erdietsi zenuen gunea, eta Illunbe zezen plaza. Ibilbide baten bi geltoki?
Bi bide baino, bi kausa esango nuke. Bertsolaritza mugimenduan doan gurpila da eta berari bultzaka edo tiraka ari gara. Txapel bat ez da bestea baino hobea, ezta bat bestea baino handiagoa ere. Momentu eta egoera baten ondorioz lorturiko sariak dira. Biak bikainak.
Eta gurpila, bide lau batetik edo harri koskorren gainetik dabil?
Harri batzuk badaude, baina ez traba bezala, erronka moduan baizik.
Gaurko egun batez, Victoria Eugenia antzokian Basarri nagusitu zitzaion Uztapideri 1960ko finalean. Zu ere bidea egiten ari zara bertsolaritzan.
Bai, eta oraindik bide luzea geratzen zaidala pentsatu nahi dut. Jada, lehen txapeletik dozena bat urte joan dira eta plazatan dezente aritzen naiz. Bertsotan bide bat egiten ari naizela baino, 'garela' esatea gusta-tzen zait.
Igandean, zein lanetan gozatu zenuen gehien? Eta non ez hainbeste?
Egia esan denetan aritu nintzen nahiko eroso. Eta gogotsu hurrengoa noiz iritsiko zain. Akaso, puntuari erantzuteko ariketan, oso intuitibo eta gustura aritu nintzen.
Kartzelako ziegara bitan joan zinen. Zer pasa zitzaizun burutik?
Lehenengoan lagunekin tentsioa botatzen ahalegindu nintzen, saioaren gorabeheren inguruan hitz egiten aritu ginen… Egonaldi motza izan zen, bigarrena bainintzen kantatzen. Bigarrenenean ere ez nuen denbora askorik pasa, baina bakarrik. Desberdina izan zen. Doinu bat edo beste errepasatzen aritu nintzen, eta segituan oholtzara.
Non sartu zintuzteten, soberako zezenaren zezentokian?
Ez, saskibaloi taldearen prentsa aretoan. Eroso egon ginen.
Oholtzan bigarren kantatzea egokitu zitzaizun. Ondoren besteak en-tzun eta zer sumatu zenuen?
Bada, besteak ni baino hobeto ari zirela. "Eta zer?", esan nuen nire artean. Saioarekin gozatu egin nuen, baita jendeak ere. Horrek balio du, eta hortik aurrerakoa epaileen lana da.
Urduritasuna etxean utzi al zenuen?
Ez dakit non utzi nuen, baina tentsioan bazen ere, oso lasai aritu nintzen. Sentsazio oso onekin. Bertsotarako gorputzaldia neukala sentitu nuen.
Aitor Mendiluze txapeldun eta Beñat Gaztelumendi txapeldunorde.
Nik esango nuke Aitor Mendiluze txapeldun, eta Beñat Gaztelumendi txapeldun, ere bai. Azkenean, prak-tikak erakusten digu bigarren postua lehena bezain ona izan daitekeela. Beñatek eta beste guztiok firmatuko genukeen postua da. Inpresio pertsonala da, baina harentzat txapela, agian gainzama izan zitekeen, ezer gehiago emango ez liokeena orain eta zama handiagoa erantsiko liokeena etorkizunean.
Ia 80 bertsolari hasi zineten irailean G Puntuaren bila. Emaitza orgasmikoa izan da?
Ikusgarria izan da. Baina bertsolariez gain, 19 epaile, 7 gai jartzaile, sekulako antolakuntza koadrila… aritu dira lanean. Horren isla finaleko emaitza ederra izan zen.
G puntuaren harian, espermatozoide baten rolean aritzea ere egokitu zitzaizun Beñatekin batera.
Nahiko gai xelebrea izan zen. Hala tokatu zen eta, egia esan, gustura aritu nintzen.
'Sehaska' bat izan zenuten biek gai-tzat azken kartzelan.
Hiru bertsoak bota ondoren, "Nirea egin dut", pentsatu nuen. Zer moduz nengoen galdetu zidaten eta gustura nengoela erantzun nien.
Azken agurrean maitasuna izan zenuen bertsoaren ardatz.
Beti da gauza inportantea eta akaso zenbait momentutan asko estima-tzen dena: ondoan dagoen jendea, faltan dena… Guztiak gogoan eduki nahi izan nituen.
Baita Hernaniko bertso eskolako sortzailea, Juan Joxe Uria.
Oholtzatik non eserita zegoen ondo ikusten nuen. Pertsona maitagarri eta goxoa da Juan Joxe eta bere betiko umiltasunarekin, bere apopilo edo ikasleak hain goian ikusita hunkituta eta harro egongo dela imajinatzen dut. Azken batean, bere lanaren fruitua baikara.
"Bertso eskola bizitzarako eskola ere bada. Adierazpena trebatzea zein sormenaren bideak ezagutzea, oso baliagarriak baitzaizkigu eraiki nahi dugun gizarte honetan", esan zuen Mikel Mendizabalek.
Ezagutarazi nahi dugun bertso eskola ez da errimak eta neurriak erakusteko bakarrik. Gizartea bera ulertzeko modu bat da. Bizitza eskola dela ez dut inolako zalantzarik.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |