
Aitor Mendiluze.argazkia: karlos corbella
"Tolosan behar dela gauz hau erabaki…", kantatu zuen Joxe Mari Iparragirrek. Hala izan zen gainera. Agur final laurdenei, kaixo final erdiei.
Bai, iragan igandeko final laurdenetako azken saioa zenez guztia erabakita geratu zen. Ez zitzaidan egun luzea egin. Ohiko eran jaiki nintzen, semeekin egon, lasai bazkaldu eta saiora. Egia esan, kanporaketa arin joan zitzaidan; baita kantu kideei ere. Kartzelako ariketara arte saioa ikaragarri azkarra izan zela komentatu genuen gure artean.
Kartzelan ohi baino 'inkomunikatuago' eduki al zintuzteten?
Aldagela edo biltegi moduko batean sartu eta ahalik eta lasaienen egon ginen. Itxaronaldia ez zitzaidan luzea egin. Kantu-kide bat pixka bat urduri eta etsita zegoenez animatzen aritu ginen. Kartzelako ariketan, bertsolaria, kontzentratu edota nahastu egiten da. Bietako bat. Ez dago tartekorik.
Zuk goiari eutsi zenion.
Bai, kontentu geratu nintzen baina ez erabat gustura. Agian apur bat gehiago kontzentratu eta detaile gehixeago sartu izan banitu…
Tolosakoa txapelketako lehen saioa izan zen zuretzat. Presioaren motxilaren zama, arina edo astuna izan zen?
Ez nuen pisurik antzeman. Nahiz eta final laurdenen azken saioa izan eta azken puntuazioak emango zituztela jakin. Ez nuen ezer berezirik an-tzeman. Aldez aurretik, bateren bati esana nion: "Lehen edo azken saioa izan, bakoitzak hamabost bertso bota behar ditu". Besteen puntuaketa jakinda ere, norberak ez daki zenbat jasoko dituen edo zer egin beharko duen puntu gehiago erdiesteko. Azkenean, hamabost bertso; ahalik eta ondoen egin eta kitto!
Eskarmentua duen bertsolari baten hausnarketa antzematen dut hitz horien atzean.
Alde batetik bai, eskarmentuak asko laguntzen baitu txapelketa globaltasun baten barruan ikusten. Ez dut inoiz lortu beharreko postua helburu gisa jarri. Uste dut hori abantaila dela. Ni bertsorik onenak botatzen ahalegintzen naiz eta gero, datorrena datorrela.
Final erdietara igaroko ziren bertsolarien zerrenda jakiteko denbora apur bat joan zen. Oholtzan urduri?
Ez nuen aparteko ezin egonik sumatu. Denok nahiko lasai geunden jada bakoitzak egindako saioaren irakurketa egina baitzuen.
Final laurdenetan puntu gehien pilatu dituen bertsolaria zara: 511,5.
Ez diot garrantzi berezirik ematen. Oro har, saio polita izan zelakoan nago; baita giroa ere. Bertsoetarako gune aproposa. Halere, ez dut uste nire topea eman nuenik. Hurrengo fasean, orain arte egindakoak ez du ezertarako balioko, berriz ere hutsetik abiatzen baikara nahiz eta jendea faborito nagusia zera esaten hasi. Ez. Oraingoan hamasei bertso bota beharko ditugu guztiok: etxetik prestatuta ematerik ez dagoenez kantatutakoaren ondoren ikusiko da emaitza.
Final erdietara egin duenak jada sari bat erdietsi du, hurrengo Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko txartela.
Bertsolariak sari hori lortua izanda ere, orokorrean ez dut uste lasaituko denik. Agian, justu, kontrakoa; zenbaitentzat lortu beharreko minimoen artean egongo baitzen. Hau da, plazan nahiko maiz aritzen den bertsolariak gutxienez hori espero zuen lortzea. Beste batzuk, ordea, helburu nagusiena lortua dute, bai. Baina behin hori eskuratuta, presiorik gabe, zenbat gehiago egin dezakeen da bat baino gehiagoren erronka. Motibazio bat gehiago. Alegia, ea noraino iritsi daitekeen.
Txapelketako iraileko lehen saiotik denbora joan da. Zein da entzule eta bertsolari bezala gaurdainokoaz egiten duzun analisia?
Jendetza handiarena azpimarra-tzekoa da baina ez dut uste harrigarria denik. Aurreko Gipuzkoako txapelketarekin alderatuz, bai, baina txapelketa nagusiarekiko, ez. Nahiz eta zenbait aretotan aurreikuspenak gainditu egin diren. Niri atentzioa eman dit bertsolari askoren maila altuak. Lan kapazitatea. Ikusten da jendeak etxean lan asko egin duela. Adibidez, gauzak berriak eskaintzen (doinuak) eta bertsoaren barruko lanketetan ekarpenak egiten (ideiak, esamoldeak…). Eta hori positiboa da oso. Ikuspuntu ezkorrari dagokionean, jendea behar baino gehiago estutu da. Presioaren zama. Bertsolari bakoitzak jartzen dituen helburuekin zeresan zuzena du horrek. Badirudi batzuentzat txapelketetan hasi eta bukatzen dela mundua. Ez naiz iritzi bereko. Bertsolaria izateko ez da txapelketetan ondo aritu behar.
Berdintasuna al da txapelketa definitzen duen hitzetariko bat?
Uste dut baietz. Une honetan, Gipuzkoan oso maila altuko bertsolari andana dago. Horrek lehia dagoela erakusten du.
Zain egon zinen final laurdenak noiz iritsiko eta aurrerantzean ere beste hainbeste gertatuko zaizu: Ordizian kantatuko baituzu, abenduaren 1ean. Hiru aste barru.
Ondo datorkit Tolosako saioan hain gustura geratu ez nintzen zenbait gauza leuntzen saiatzeko. Lasai nago. Beste bertsolarien lanak en-tzungo ditut eta txapelketaren kontura bertso eskolan giro ederra sor-tzen denez, gozatu egin nahi dut.
Ordiziako Majori polikiroldegian jokatuko den saioari begira zer eratako entrenamendua egingo duzu?
Betiko moduan aritu naiz eta berdin egingo dut aurrerantzean ere. Adibidez, errimak, gehiago lantzeko asmoa izaten dut baina, azkenean, ez dut sekulan egiten. Zorionez plazetan kantari aritzen naizenez, gehiago saiatzen naiz psikikoki presta-tzen: Nola egingo dut bertsotan? Zein izango da nire estiloa? Hernaniko bertso eskolatik parte hartzaile dezente aurkeztu gara txapelketara eta beraiekin arituko naiz, orain arte bezala, ariketak egiten: gaiak jarri, bertsotan egin, botatakoa komentatu… Denetarik, baina gehiegi estutu gabe.
Manuel Lasartek jantzi zizun duela hamabi urte Gipuzkoako txapelketako txapela.
Urte batzuk joan dira. Josean Gaska kiroldegian jokatu zen finalean ia 3.000 lagunen aurrean kantatu genuen. Mundu bat niretzat. Egungoarekin alderatuz, oso momentu diferentea. Orduan bertsolaritzara lurrera begira ate joka nentorren; zerbait egiteko ilusioarekin. Orain, jada, beste une bat bizi dut. Egun erantzukizun bat ere badaukat, teorian txapelketaren pisua eman beharko lukeenetariko bat bainaiz.
Txapela jantzi zenuenean 20 urte zenituen. Harrez gero hamaika bertso bota dituzu.
Bai, zorionez, urtean 85 bat saio egiteko aukera izaten dut bataz beste. Horrek erritmo dezente bat suposatzen du. Beraz, bertsogintzaren mundutxoan lekutxo bat egiteko aukera edo zortea izan dut. Jada, beste pisu bat dut bizkar gainean baina baita esperientzia ere: saioaren nondik norakoa irakurtzeko…
Final hartan, oholtza gainean, Iñaki Zelaia hernaniarrak ere kantatu zuen. Ordiziako finalerdian aldamenean izango duzu.
Bertso eskolako kide eta laguna da, Iñaki. Askotan aritu gara elkarrekin. Bertsolari berezia da. Txapelketetan agian ez du zorte askorik izan eta ez du bertso saio asko egiteko paradarik izaten. Halere, bertsotan izugarri ondo egiten du. Batik bat ofiziotako lanetan. Estilo oso pertsonala dauka eta hori oso bertsolari gutxik esan dezakete. Kalitate handiko bertsolaria da. Ikusi besterik ez dago bere ibilbidea: 1995ean, finalista izan zen, 2001 eta 2005eko txapelketa nagusian azken laurdenetarako sailkatu zen… Orain final erdietara heldu da; horrek zerbait esan nahi du.
Ordiziako saioaren ostean zortzi finalistak jakinaraziko dira. Ezustekorik ikusiko al dugu?
Ezusteko erlatiboak egongo dira. Txapelketetan beti izaten da konfirmazioren bat eta baita sorpresaren bat ere. Bai gorako eta baita beherako ere. Sorpresa erabatekorik? Ez dut uste. Lehen fase eta final laurdenetan ezusteko gehiago izaten da. Behin txapelketan aurrera egin ahala, gutxi.
Final bat baino gehiagotan egona zarenez kiniela bat baino gehiagotan faboritoa zara. Baina arriskua beti hor dago. Finaletik at geratzea porrota al litzateke zuretzat?
Niretzat bertsotan ez egitea litzateke porrota. Bertsotan nik nahi dudan bezala eginez gero, badakit nire aukerak izan ditzakedala. Baina besteek ere bertsotan egiten dute. Txapela ez da nire helburua. Bertsotan egin nahi dut nire bertsogintzaren garapenaren beste pauso bat erakusteko.
Bertsoa lanbide duzu. Saturaziorik ez?
Batere ez. Bertsozale elkarteko hezkuntza proiektuko irakaslea naiz. Bertso bakoitza berezia da niretzat. Eta hortik aurrera jartzen zaizkion zailtasun, muga edo trabak, gaiak direla, epaimahaiak ematen dituen puntuak direla, hori, beste kontu bat da. Lorpen bat erdiesteak plazera areagotzen du baina garran-tzitsuena ez da milaka pertsonen aurrean kantatzea, kantatutako bertso bakoitzarekin gustura gera-tzea baizik.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902