Diario de Noticias de Gipuzkoa

Euskadi      España/Mundo

gerry adams, sinn fèin alderdiaren presidentea

"Bai unionistak eta bai errepublikanoak, gehienak gustura daude bizi dugun egoera honekin"

Gerry Adamsen ustetan, IRA erakunde armatua oso modu baikorrean aritu izan da prozesuaren hasiera-hasieratik.argazkia: paul mcerlane

xabier euskitze enviar a un amigo imprima este texto texto normal texto medio texto grande

BELFAST.Apirilean beteko dira 10 urte Ostiral Sainduko hitzarmena sinatu zenetik. Halere, Irlanda ez dago oraindik estatu bakar batean bildurik, zuk nahi zenukeen bezala…

Bai, egia da. Baina kontua da orain bide demokratiko eta baketsua dugula, laborista zein unionistekin. Akordioaren gauzarik onena zera izan da: egoera berria sortu du, plataforma berri bat delako, era baketsu eta demokratikoan bere burua adierazi nahi duten guztientzat, Ingalaterrari loturik jarraitzearen alde diren unionistak barne. Konfiantza dut, aurrera goaz eta portu onera iritsiko gara.

Autodeterminazioaren aurretik bakeari lehentasuna eman behar al zaio? Itxaroten jakin behar al da?

Galdera zaila da. Bakea aukerarik bidezkoena da bortxakeriarekin bukatzeko. Gerra urte askoan izan dugu, orain bakea eraikitzeko urte asko beharko ditugu. Zaila izango zaigu inoiz esan ahal izatea: Bapo! Eginda dago. Etengabe abian den prozesua da, etengabe eraikitzen ari da.

IRAk armak utzi zituenean, zenbateraino zuen bermaturik autodeterminazioaren posibilitatea?

IRA oso modu baikorrean aritu izan da prozesu honetan hasiera-hasieratik. Baina dena posible bilakatu da Sinn Féin bitartekaritza egiteko gauza izan zelako. Argi genuen beste bide alternatiborik ez zegoela, armen bidea ez geneukala, alegia. IRAren lehen urratsaren aurrean John Mayor ez zen behar beste konprometitu. Gero Tony Blair iritsi zenean hori berak bideratu behar izan zuen, eta IRAk tinko eutsi zion armak uzteko hartutako erabakiari.

Gauza bera egin beharko al luke ETAk? Zuk zer eskatzen diozu?

Beno, niri ez dagokit esatea. Nire uste apalean, gatazka guztiek jarrera bat bera behar izaten dute, negoziaketa baten bitartez konpontzeko borondatea. Horretarako elkarrizketa beharrezkoa da. Nik denei esango nieke, Espainiako Gobernuari, Euskal Herriko jendeari… gatazkari eustea ez da bideragarria. Gatazka arazoaren muinera joanez besterik ez daiteke konpondu, eta hori egiteko modua elkarrizketa da. Hori denei esaten diet, ez alde bati bakarrik.

Euskal Herriko bake prozesua zapuztu ostean, egokia izan al da zure ustez Espainiako Gobernuaren jarrera?

Tira, nire ustez, Espainiako Gobernuak, Zapaterok eta honen alderdiak ez dute benetan apostu egin prozesuak aurrera egin zezan. Bake prozesua erronka zinez zaila da, eta zera esan nahi nuke: bukaeraraino ailegatzeko pausoak eman behar dira. Pauso bat da indarkeriari amaiera ematea, edota presoak askatzea. Adibidez nik garbi daukat Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagia espetxeratu izana oker handia izan dela. Otegik prozesua aurrera eramateko borondatea zuelako. Konbentziturik nago gatazka honetan inplikaturik dagoen jendeak berriro negoziazio mahaian eseri nahiko duela. Zure ildo bereko jendearekin akordioak lor-tzea erraza da, erronka aurkariekin bakea lortzean datza. Egunen batean gertatu behar duela argi dago, orduan… zergatik ez orain, lehenbailehen?

Berrikitan Martuteneko espetxean izan zara, Arnaldo Otegi bisita-tzen? Zein zen bilera horren helburua? Zer esan zenioten elkarri?

Beste bilera baten ondoren bera etorri zen Irlandara, eta orduan Batasunak zertan ziharduen jakinarazi zigun, euren urratsen jakinaren gainean jarri gintuen. Orduan ikusi nuen prozesuarekin konpromiso irmoa zutela. Bisitatu nuenean horixe bera egiaztatu ahal izan nuen. Gatazka batek etengabe aurrera jarrai dezake luzaroan, eta inork ez irabazirik atera, edo bestela irteera bat aurkitu behar zaio. Aurkarion arteko iritziak hurbiltzen joan beharra dago, Espainiako gobernuarena ere ez da gutxietsi behar. Arazoari konponbide baketsua eman nahi bazaio, politikariek egin behar dute lan. Bene-benetan uste dut Otegi eta honen kideak askatuko dituztela.

Alderdi denek ahobatez eskatzen diote Batasunari ETAren indarkeria sala dezan. Zure ustez ere garrantzitsua edo, gutxienez, komenigarria al litzateke?

Ni inoiz ez naiz konprometitu salaketen politika horrekin. Inoiz ekintza jakinen bat kondenatu izan dut, hori bai. Nire esperientziaren arabera, salaketen politika hori ihesbide erraza da, arazoaren muinari heldu eta konpontzen saiatzea baino askoz errazagoa. Gu saiatu ginen, eta emaitza begi bistakoa da.

GARA egunkariak kaleratu zuenez, aurtengo maiatzean bertan harremanak izan dira Espainiako Gobernua eta ETAren artean, eta Sinn Féin tartean izan zen, nazioarteko begirale gisa. Egiazta al dezakezu hori?

Gu saiatu izan gara hainbat bake prozesutan laguntzen. Sri Lanka, Ekialde Hurbila, berriki Irak aldeko fakzio batzuk elkartzen saiatu gara Helsinki hirian. Noski, Euskal Herriko bake prozesuan izan gara, hau guztia publikoa da, jakinekoa, baina modu pribatuan ere egin dugu lan, eta pribatua beti pribatu. Zera uste dugu, konfidentzialki eginiko lana ez da baieztatu behar, ez eta ezeztatu ere.

Zer gertatu zen lehengo larunbatean? Paul Queen izeneko gaztea bahitu eta hil egin zuten. Familiak IRA egin du erantzule, eta izan da gertakari horrek bake hitzarmenean eragina izango duela dioenik ere. Zuk zer diozu?

Uste dut IRAk ez duela zerikusirik horretan. Mutiko horren familiari nire doluminak helarazten dizkiot. Ekintza basatia izan da eta, inork horri buruzko informaziorik balu, poliziari jakinarazi beharko lioke.

Sinn Féin alderdiaren presidentea zara. "Gu geu" esan nahi du euskaraz. Aldiz, zuen hiriko alkatea unionista da. Zuen alkate sentitzen duzu, zuen ordezkari? Zuetariko bat al da?

Gure eta unionisten arteko desberdintasun bakarra ideia politikoak dira. Hautetsi batzuk alde batekoak dira, besteak bestekoak, baina Irlandan bizi gara, denok pertsonak gara. Nire deitura, Adams, ez da hain juxtu irlandarra, baina hemengoa naiz. Hemen bizi garen pertsona guztiak berdintasunez tratatu behar dira. Orain badira irlandar berriak ere, hainbat lekutatik etorriak: Aljeria, Polonia… Irlandarrak ere joan ginen kanpora, etorkizun bila. Orain beste batzuk datoz hona, eta denok elkarrekin behar dugu bizi, berdintasunean.

Nolakoak dira orain bi komunitateen arteko harremanak? Hesiak gero eta ahulagoak al dira?

Nik garbi dut herritarrik gehien-gehienak, bai unionistak eta bai Irlandako Errepublika Independientearen aldekoak, gehienak gustura daudela bizi dugun egoerarekin. Muturretan badira gustura ez daudenak, eta bizi izaten ari garenaren aurka ere bai. Egoera lehen baino erosoagoa izan arren, bide luzea dugu egiteko, oraindik muturreko jarrera batzuk konpondu beharra eskatzen digute.

Duela egun gutxi Miren Azkarate Jaurlaritzaren Bozeramalearekin argazki berean ikusi ditugu Martin McGuiness eta Ian Paisley, giro onean, irribarretsu. Nork pentsa zazakeen halakorik! Bortizkeriarik ezak hainbeste errazten al du bizikidetza?

Beste prozesu batzuetan, Hego Afrikan adibidez, edo modu onargarrian bukatu diren beste tokietan, zera ikusten da: lehen etsai amorratu zirenak orain batera agertzen dira, nahiz eta bat etorri ez hainbat kontu garrantzitsutan. Esango nuke Martin McGuiness eta Ian Paisley horren adibide garbia direla. Ongi esan duzun moduan, duela urtebete esan banizu Ian eta Martin elkarrekin agertuko zirela…bai zera! esango zenidan. Hau prozesuak egin dezakeenaren adibide txiki baina argia da. Arnasa emateko balio badu, Euskal Herrian eta Espainian jota eta etsita dagoen jendeari esan nahi diot… ez dezatela etsi, ekinaren ekinez lortzen dira gauzak.

Kultur gaietara pasatuko gara. Garbi dago arlo militarrak irentsi duela orain arte herrialde honetako ahalegin eta aurrekontuen zatirik handiena. Orain kulturari eta beste gai garrantzitsu batzuei arreta handiagoa eskaintzeko moduan zarete. Nolakoa da zuen hizkun-tzaren egoera, zer etorkizun ikusten diozu Gaelikoari?

Lan asko egin beharra dugu, eta ez dugu gehiago baliabiderik. Hain errekurtso gutxirekin heldu den lekura heltzeak meritu handia du, guraso, irakasle, aktibista… denek meritua da. Gure hizkuntzaren eskubideak legeztatu nahi ditugu, ikastetxeak eraiki eta oinarriak jartzeko. Euskal Herrian prozesu hori arrakastatsua izan da, gure-tzat eredu aparta da.

Eta zuk nolako harremana duzu Gaelikoarekin? Zein hizkuntzatan bizi zara?

Ez dut nahi beste hitz egiten gure hizkuntzan, baina zu bulegoan sartu zarenean Gaelikoz niharduen telefonoz. Ahalik eta gehien erabiltzen saiatzen naiz. Gure ilobak Gaelikoz hezten ari dira, eta gure inguruan oso bizirik dago.

Zein da zure iritzia euskaldunon mintzairaz? Etorkizunik izango al du euskarak?

Guk sekulako inbidia sentitzen dugu zuen bilakaera ikusita. Gure-tzat zuen bidea eredugarria da hizkuntza batek nola iraun eta aurrera egin behar duen jakiteko.

Esaten denez, Ameriketako Estatu Batuetako irlandarrek aparteko garrantzia izan dute hemengo gatazkak konponbidea izan zezan. Orain badira euskal jatorriko zenbait pertsona AEBn boterean direnak. Egunotan Euskal Herrian da, esate baterako, John Garamendi, Kaliforniako gobernadore-ordea. Gure kasuan ere garrantzitsua izan al daiteke bultzada hori?

Orain arte luzaroan hiru gobernuen ahaleginak bateratzen saiatu gara, AEB, Irlanda eta Britainiar Gobernuen ahaleginak. Euskal Herrian bake prozesura hurbiltzeko nazioarteko komunitateari laguntza eskatzea komenigarria litzateke. Gure AEBn oso ongi antolaturiko komunitatea da, eta Euskal Herritarrek halako adibideei begiratu behar liekete. Oso mesedegarria da nazioarteak gatazkari buruz duen iritzia bildu eta kontutan har-tzea. Paisley eta McGuinessek, esate baterako, gaur egun nazioartearen errekonozimendua lortu dute, eta denen erantzukizuna da norbere esperientzi eta bizipenetatik abiatuta beste herrialde batzuetako bizikidetzari laguntzeko ahaleginak egitea. Irlandar diasporak ere oso ondo ulertu du hori.

Bukatzeko, Europa mendebaldean estatu berririk sortuko ote da?

Zaila da horri erantzutea, ez nago oso sartua gainera, baina herrialde bakoitzak bere nortasun, helburu eta sentimenduen alde borroka egiten badu, azkenean gauzak lortu egiten dira.

buscar vivienda en gipuzkoa
miles de casas y pisos en navarra
DEPORTESFútbol
COPA DEL REY
El Real Unión se medirá al Real Madrid en dieciseisavos de la Copa
SUSCRÍBETE
BOLETÍN DE TITULARES DEL DÍA
Introduce tu dirección e-mail y recibirás cada mañana los titulares más importantes en tu correo

Destacados
esaldiAK
esaldiak
LAS FRASES
"Salaketen politika arazoaren muinari heldu eta konpontzea baino askoz errezagoa da"
politikoak dira"
"Konfidentzialki eginiko lana ez da baieztatu behar, ez eta ezeztatu ere"
"IRA erakundea oso modu baikoerrean aritu izan da prozesu honetan hasiera hasieratik"
"Bake prozesua erronka zinez zaila da; bukaeraraino ailegatzeko pausoak eman behar dira"
"Guretzat zuen bidea eredugarria da hizkuntza batek nola iraun eta aurrera egin behar duen jakiteko"
Haznos tu página de inicio | Visite también www.noticiasdealava.com | www.noticiasdenavarra.com

© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA · Tel 943 319 200 · Fax Administración 943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902

Enlaces patrocinados: Inmobiliarias | Disfraces | Agencias de publicidad | Tiendas de electrónica | Cirugía estética | Inmobiliarias | Asesorías | Peluquerías | Muebles | Clínicas | Seguridad | Mudanzas | Viajes | Hostales | Taxis | Hogar | Hoteles | Cerrajeros | Farmacias | Rótulos | Armarios | Trabajo | Hosting |
Ocio en Gipuzkoa | Hoteles en Madrid | Hoteles en Barcelona |