|

Joseba Tapia, Gabi Fagaburu, Jon Lasa eta Maite Goizueta.Argazkia: A.H.
Lasarte-Oria. Nafarroa Beherean eraiki berri duten Oztibarreko ikastolari elkartasuna adieraztea. Horixe da Lasarte-Orian gaur iluntzean egingo duten jaialdiaren zioa. Landaberri ikastolako guraso elkarteak antolatu duen ekitaldia da, Udala eta Usurbilgo Nafartarrak elkartearen laguntzarekin.
Landa mila pago... eta euskara biziago! izenburupean, Joseba Tapia trikitilariak, Michel Ducau eta Caroline Philipsek osatzen duten Bidaia taldeak, Baigorri kantuzek, Usurbilgo txalapartariek eta Lasarte-Oriako Amalur eskolako trikitilari eta pandero-joleek hitzordua dute 22.30ean, kultur etxean.
Ekitaldiaren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoa eskaini zuten ostegunean Maite Goizueta Landaberriko guraso elkarteko kideak, Gabi Fagaburu Oztibarreko ikastolako guraso elkartekoak, Joseba Tapia trikitilariak eta Jon Lasa Amalur eskolako zuzendariak.
Goizuetak azaldu zuenez, "jaialdia antolatu dugu Oztibarreko ikastolarekin senidetuta gaudelako eta uste dugulako euskara guztion ardura dela, ikastolak eraikitzen badira gure ardura da ere horiei bultzada ematea". "Iparraldean euskararen egoera Hegoaldean baino okerragoa da, eta ikastolena ere bai, beraz, Oztibarrekorako diru pixka bat biltzeko bidea ere izango da", gaineratu zuen.
Artistek borondatez hartuko dute parte jaialdian eta hori da baita ere ikusleei eskatuko dietena. Sarrera doakoa izango da eta bakoitzak nahi duen diru ekarpena egiteko aukera izango du. >A.H.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902