
ordizia. Jesus Ansolak nahiko lan bazeukan atzo Ordiziako XXXIV. Latxa Ardien Gazta Lehiaketako oroigarriari eusten. Rosa Salegi eta Iñaki Ansola, bien semea, bihurtu ziren Elgoibarko Mausitxa baserriko artzain familia honen bozeramaile.
Imajinatuko al zenuten inoiz zuen gazta batengatik horrenbeste ordainduko zutenik?
Rosa Salegi: Ezta pentsatu ere! Baina daukan usainarekin hala ere merkea iruditzen zaiela esan didate...
Betidanik lan egin duzue artzain-tzaren munduan?
R.S.: Gizonaren etxera ezkondu nintzen eta han betidanik izan dute gaztagintzarako tradizio hori. Eta horri eusten diogu. Gainera, semeak ere bide honi heldu dio.
Honek aurrera jarraitzeko animoa emango dizue, behintzat.
R.S.: Orain dela bi urte nire gizonak esan zuen honek Kontxako Bandera irabazteak adina balio zuela. Munduko txapelketan garaile izatea bezala da!
Iñaki Ansola: Lortu daitekeen saririk gorenena da. Lanbide gogor honetan aurrera egiten jarrai-tzeko lagunduko digu.
Ardiei gaur pentsu gehiago emango al diezue sari bezala?
R.S.: Ardiak ongi zaintzen saiatzen gara. Animaliak mimatu egiten ditugu janari, larre eta pentsu onenak ematen. Baserri inguruan izaten ditugu eta Izarraitz aldera ere eramaten ditugu.
Esan egia, mesedez. Hiruetatik zeinek egina da saritutako gazta?
I.A.: Gazta ekoizpenaren meritu handiena amarena da. Gehienetan, berak egiten ditu eta. Aita eta biok artaldearekin aritzen gara gehiago. Eta arrebaren laguntza ere izaten dugu.
Eta zein da sekretua 6.400 euro balio dituen gazta bat egiteko?
R.S.: Sekretua esne ona biltzea da. Horrekin gazta ona egitea posible da. Eta gatzagi naturala erabili eta mimatzea. Kariñoa jartzen diogu.
Gurasoen ofizioari heldu diozu, Iñaki. Saiatu al zara egiteko moduak modernizatzen?
I.S.: Gauzak ekartzen saiatzen gara. Informatika eta abar, esan nahi dut. Modernizatu beharra dago. Azkenik, aurrera egiten eta hobetzen jarraitzen saiatzen gara.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902