|

Arritxu Oliden, Juan Carlos Bengoa, Jon Sasiain eta Aintzane Agirrebeña.argazkia: a.d.
eskoriatza. Leintz bailarako euskarak bizirauteko eta lehenagoko bizimoduaren testigantza jaso-tzea du Berbetan egitasmoak helburu. Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako udalek Badihardugu euskara elkartearekin elkarlanean bultzatu dute proiektu hau eta hiru herrietako 94 pertsonen pasadizoak ahozko ondarearen artxiboan antolatu dituzte.
Ekimen hau orain dela urte batzuk sortu zen baina 2004an lehen aipatutako udalek Badihardugu taldearekin hitzarmen bat sinatu zuten hasitako lana aurrera eramateko. Horrela, Eskoriatzako alkate den Juan Carlos Bengoak adierazi zuenez, "hasieran euskalkiak jasotzea zen asmoa, baina gerora, usadio zaharrak, jaiak, aspaldiko langin-tzak,... sartzea erabaki zen".
Era honetan, Bengoak azpimarratu zuenez, biltzen ari diren informazioa "izugarrizko ondarea" da. Bere ustez artxibo hauek gordetzen ez badira "hamar urteren barruan gure euskalki eta ohiturak galdu egingo dira".
Berbetan egitasmoa atzo arratsaldean aurkeztu zuten Eskoriatzako Ibarraundi museoan. Bertan, Bengoarekin batera, Aretxabaletako alkate den Arritxu Oliden; Leintz-Gatzagako kultur zinegotzi Jon Sasiain; eta Badihardugu elkarteko koordinatzaile Ain-tzane Agirrebeñak, parte hartu zuten. Agirrebeñak aipatu zuenez, Deba Ibar osoko ahozko ondarea batzea da lan honen xedea, aurrerago nahi duenak kontsultatu ahal izan dezan.
Guztira, 94 nagusik eman dituzte ezagutzera beraien sinismen eta bizipenak. "Nahiz eta hirugarren adinekoek esku hartu, gizon eta emakume zein baserritar eta kaletarren artean oreka mantentzen saiatu gara", gehitu zuen Agirrebeñak.
Gainera, 2004-2006 urte bitartean lehendik eginda zeuden grabazioak etiketatu eta katalogatu dituzte. Bideoz ere 40 ordu inguruko elkarrizketak egin dituzte eta baita 300 pasarte interesgarrienen transkripzioak ere. Beraz, jasotatako informazio guztia Interneten txertatu dute, momentuz, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udal webguneetan: www.aretxabaleta.com eta wwww.eskoriatza.com.
Gune horietan, 1.040 pasarte, 413 soinu eta bideo artxibo eta 75 zinta entzun eta ikus daitezke. Hauekin batera, hizlarien biografia eta ekarpenak ezagutzeko aukera ere bada: umetako kontuak, gerra garaia, ezkontzak eta erlijoaren inguruko ohiturak, besteak beste. Proiektuari jarraipena eman eta eskualdeko beste herrietara ere zabaldu nahi dute sortzaileek ekimena.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902