|

Aizpeako labeen ikuspegia, ezkerrean Aizpita etxearen eraikina dagoela.argazkia: zerain parke kulturala
zerain. Zerain Parke Kulturalak Aizpeako meategietan hainbat ibilbide prestatu ditu. Bertan, burdin ustiaketaren inguruko aztarnez gain fauna, landaretza eta abarren bidez, bertaratzen direnei ezagutza gehitzeko aukera eskaintzen diete. Larunbatean, 10.00etan, turismo bulegotik irtenda bisita gidatu berezia egingo dute Aizpea mendiko lau ordu inguruko ibilbide osoa egiteko.
Honekin batera, gaur, bihar, igandean eta astelehenean, 12.00etan, Larraondoko zerrategia eta Aizpeako meategiak ezagutzeko bisita gidatuak izango dira.
Aitziber Makazaga, turismo bulegoko arduradunaren esanetan, "urte berriaren hasierarekin batera Zeraingo Aizpeako meategian beste urrats bat eman genuen, izan ere, Aizpita etxe berrituak laster izango ditu meategia bera eta burdinaren euskal historia ezagutzeko erakusketak".
Era berean, galeria bat barrutik ezagutzeko bisitatzeko moduan jartzeko lanak hastekotan dira Makazagak gogoratu duenez eta, bestetik, "hainbat urtetan mea hara eta hona erabili zuen trena berriro martxan ikusteko beste koska bat aurreratu da, proiektua egina baita dagoenerako".
Hauekin bat eginez, prest dira meategiko mendiaren ingurumena eta bertan barreiatuta dagoen ondare industriala ezagutzeko ibilbideak erakusteko seinaleak. "Meategiko mendia Aizkorri-Aratz Parke Natural izendatu berriaren barruan dago eta ikaragarri aberatsa da bai fauna bai flora aldetik eta aniztasun honetan esangura-tsuenak diren arloak azaltzen dituzten panel-mahaiak jarri dira", agertu du Makazagak.
"Bestetik, ehunka urtetan bertan egin den burdina atera, garraiatu eta erretzearen ondorioz, langintza hauen aztarnaz josia dago mendi osoa. Harrobiak, galeriak, trenak, herresta bideak, bolborategiak, tailerrak, biltegiak, labeak... historian zehar nola lan egin den ulertzeko moduan azaltzen dira dauden tokian bertan", gaineratu du turismo bulegoko arduradunak.
Horrela, ingurumenari eta bertan milaka urtetan egin diren burdinaren ustiaketari lotutako hamabost gunetan panel-mahaiak jarri dituzte. "Mendia eta bertan egin izan diren lan guztiak ezagutzeko bi ibilbide proposatzen dizkiote bertaratzen denari: bata motza, labeen ingurua miatzeko eta, bestea, luzea, mendia bera eta bertako burdin ustiakuntzaren historia azaltzen duen ondare osoa ezagutzeko", eman du jakitera Makazagak. Ibilbide luzea egingo dute larunbatean.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902