|

Biharko ekitaldian parte hartuko duten artistetako batzuk, atzo, Zelai-Arizti aretoan.argazkia: a.z.
zumarraga. Ekaitz eta Irati Goikoetxeak eta Iñaki Mezkitak Ahots bidaztiak ikuskizuna eskainiko dute bihar, herriko artistek lagunduta. Martxoan bertsoa! programaren barne antolatu den ekitaldi hau Zelai-Ariztin izango da, 22.30ean. Sarrera doan izango da.
Ikuskizun honek bertsoa, poesia, kanta eta dantza uztartzen ditu, besteak beste. Dagoeneko Lazkaon eta Beasainen eskaini dute, tokian-tokiko sortzaileek lagunduta. Bihar Andoni Salamero poetak, Naiara Escudero ballet dan-tzariak, musika eskolakoek, an-tzerki tailerrak, bertso eskolakoek, Gari eta Iñaki trikitilariek eta txalapartariek parte hartuko dute, besteak beste.
Ekaitz Goikoetxeak Ahots bidaztiak nola jaio zen azaldu du. "Iratik eta biok zaletasun berak ditugu. Kaxoi asko ditugu sormen lanez beteta eta, itxuratuz eta musikatuz gero, besteentzat erakargarri izan zitezkeela pentsatu genuen. Horretarako, Mezkitarekin taldetxoa sortu genuen". Ikuskizuna helburu zehatz batekin jaio zen. "Kulturgintzak ideia berriak, eraginkorrak, behar ditu. Ekitaldi parte hartzailea sortu dugu. Herriari zerbait arina eskaini eta herritarrak bai eskenatoki gainean eta bai eskenatoki aurrean egotea nahi dugu".
Urretxu eta Zumarragako artisten ekarpena funtsezkoa da, beraz. "25 bat lagunek parte hartuko dute. Eragile guztiek baiezkoa eman digute, erraztasunak besterik ez dizkigute eskaini", dio Ekaitz Goikoetxeak esker onez.
Bertsolari beasaindarrak, bere arrebak eta Iñaki Mezkitak bi hilabete daramatzate biharko ikuskizuna prestatzen, urretxuar eta zumarragarrekin elkarlanean. "Jende ezezagun asko lagun egin dugu tarte honetan", azaldu du Ekaitz Goikoetxeak.
Izan ere, bertakoek Ahots bidaztiak lanaren nondik norakoak ikasi behar izan dituzte. "Emanaldiaren %80 gure testuetan oinarritua dago, baina goazen tokira goazela bertako erreferentziak sartzea atsegin zaigu. Hala, bertso eskolakoek bi herriei buruzko bertsoak kantatuko dituzte".
Saioak bukaera hunkigarria izango du: duela 40 urte Xalbadorri Zumarragan eskaini zitzaion omenaldia gogoratuko da. Anoetan txistuak entzun ondorengo lehena izan zen eta Luzio Gabiriak bultzatu zuen. Bihar, Joxe Mari Gabiriak, Luzioren semeak, eta umea zela Xalbadorri bertsoa kantatu zion Joseba Apaolaza aktoreak hura gogoratuko dute. Saioa grabatu egin zen eta aipatutako bertsoa entzun ahal izango da. Bukatzeko, Xalbadorren herio-tzean abestuko da.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902