Diario de Noticias de Gipuzkoa

Iritzia

Zer sua hartu nuen atzo!

por Patxi Salaberri enviar a un amigo imprima este texto texto normal texto medio texto grande

HOLA gertatzen da anitzetan, gauzak guk nahi bezala ateratzen ez direnean haserretu egiten gara, edo haserretu baino gehiago, sutan jartzen gara. Hau bera errateko bada beste era bat, idazkitxo honen izenburuan ageri dena, sua hartu, erdarazko formatik, egiturari dagokionez, hurbilago dagoena (¡qué mala leche hice ayer!). Arreta geure buruari paratu beharrean haserrearen edo amorrazioaren sortzaileari paratzen badiogu, zer sua eman zidan atzo! erran genezake (¡qué rabia me dio ayer!), eta suaren izekitzailea zerbait izan beharrean norbait bada, joan zakurraren ipurdira! edo habil porru landatzera! bota diezaiokegu halakoari edo hainari, pikutara joan dadin, eta finkeria guztia alde bat uztea erabakitzen badugu joan hadi kaka egitera!, habil kaka egitera! edo segi ezak porkulo hartzera! erran diezaiokegu, eta lasaitu ederra hartu, gure barnea hustu eta ondoan. Beste zenbait aldiz ohartzen gara gure lehengo irudipenak ez direla beti zuzenak, eta garai bateko usteak ustel gertatu direla. Hau da kasua, adibidez, ergela zirudienak hain ergela ez dela frogatzen duenean, eskolako lagunik motelenak orain kargu ona, gurea baino aise hobea, erdietsi eta lortu duenean. Honelakoetan joan eta harrapa ezak!, edo harrapa ezak buztanetik, to! ibil dezakegu gure harridura eta ustekabea adierazteko: Zozoa zela irudi zuen eta orain bankuko zuzendari egin dute, harrapa ezak buztanetik, to! Ez da miresteko, beste batzuetan, harroputz urguiluntzi ahoandi horietako batekin gertatzen garelarik, sua hartzea, sutan jartzea eta eskuetara ailegatu baino lehen delako espantuandiak lekuak hustu behar izatea, eta aire mila demonio hustu ere, ziztu bizian, bestela irriak sartuko dizkiogulako (irriak sartu 'bajar los humos'), edo, kasurik txarrenean, bereak eta asto beltzarenak ikusi eta beharbada hartu beharko dituelako, alegia, burutik beheiti, gainetik beheiti edo kaskotik beheiti emanen diogulako. Hanka egiten badu erraten ahalko du, gero, ederretatik eskapatu dela, bestela xintxirikatuko genuelako, txiki-txiki eginen genuelako. Dena dela, gauzak ez dira beti hain gaizki egoten eta, usukara, aski izaten da norbaiti zer mentsa egiten duan (bestenaz) hire tontakeria horiekin! erratea edo, maila bat gehiago igo nahi badugu, zer pitoa egiten duan (bestenaz) hire zerrikeria horiekin! Norbait gutaz gaizki esaka eta zernahi erranka ari bada, haren akats zenbait nabarmendu dezakegu, errandakoaren ordainetan, eta, adibidez, begitartean sudur puska ederra badu zer ustela egiten duan (bestenaz) hire sudur handi horrekin! bota diezaiokegu, hurbilen aldian kontu gehiagorekin ibil dadin. Egia erran, edozeini deabrua zaio honelakoetan hastea, hots, inork ez ohi du gogoko sesioan eta pataskan hastea, baina zenbait aldiz ez dago beste erremedio santurik. Bestela ere, bakarrik gelditzen garenean, agitutakoaz pentsaketan hasi eta geure baitan deabrua sar balekio! edo leher egin beza, to! erran dezakegu gurekin liskarrean, aharran eta kalapita gorrian aritu den urde ergel harengatik, edo, herraren lagun gorrotoa badugu, deabruak eramango ahal hau!, hilko ahal haiz!, itoko ahal haiz!, eztanda egingo ahal duk!, ez ahal haiz bizirik itzuliko!, lehertuko ahal da! eta holako beste hamaika, hautara baititugu desira gaiztozko esamolde hauek euskaraz, gaur egun hirietako euskaldunon artean gehiegi entzuten ez badira ere, zorigaitzez. Denok dakigun bezala, mundua eroz eta zoroz beterik dago, eta aukera franko izaten dira norbait deabruek hartua dela errateko, deabruek joana dela. Halakoarengatik burutik egin duela edo burutik joana dela pentsa dezakegu, eta eroetxera eraman behar luketela, burutik ez baita ongi. Jakina, ez dugu uste izan behar burua aipatzen den guztietan norbait kaskotik gaizki dagoela adierazi nahi dela, gure adiskide batendako burutik ez da maingu erraten dugunean abila dela erran nahi baitugu, alegia, gizon edo emakume ernea eta argia dela, ez dela batere zozoa ez ergela. Euskarak ugari ditu honelako esaerak; lehen arazoa ezagutzea da eta bigarrena horietako bakoitzak zer erran nahi duen ikasi ondoren erabiltzea, behar denean eta behar den bezala erabiltzea. Hor egoten da koxka.

buscar vivienda en gipuzkoa
miles de casas y pisos en navarra
MIRARTECultura
JUAN ZELAIA
Recibe máxima distinción de Durango por la defensa de la cultura vasca
SUSCRÍBETE
BOLETÍN DE TITULARES DEL DÍA
Introduce tu dirección e-mail y recibirás cada mañana los titulares más importantes en tu correo

Haznos tu página de inicio | Visite también www.noticiasdealava.com | www.noticiasdenavarra.com

© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA · Tel 943 319 200 · Fax Administración 943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902

Enlaces patrocinados: Inmobiliarias | Disfraces | Agencias de publicidad | Tiendas de electrónica | Cirugía estética | Inmobiliarias | Asesorías | Peluquerías | Muebles | Clínicas | Seguridad | Mudanzas | Viajes | Hostales | Taxis | Hogar | Hoteles | Cerrajeros | Farmacias | Rótulos | Armarios | Trabajo | Hosting |
Ocio en Gipuzkoa | Hoteles en Madrid | Hoteles en Barcelona |