
Ziritik
ALE indarkeriak ez dio ezer onik ekarri gure arteko bizikidetzari. Alta, judikatura helburu politikoetarako erabiltzen duenak bakarrik dei diezaioke talde terrorista kutxazainak eta zaborrontziak erretzen dituenari. Zangotraba epaileak berak jartzen duenean, inork ez du penaltirik adierazten. Beste epai harrigarri batzuk ere izan dira. Gauza bat da mehatxuak zigorrik gabe uztea eta beste bat bi gutunengatik urteetako kar-tzela zigorra ezartzea. Gaur emango dute azkenean De Juana Chaos preso donostiarrari buruzko epaia. 80 egun daramatza azken gose greba honetan. Azkena diot, etxera joaten uzten badiote jaten hasiko delako, eta askatzen ez badute askoz gehiago ez dezakeelako bizirik iraun. Giza eskubideen aurkaririk krudelenak ere baditu bereak, eta judikaturak ez luke hori ahantzi behar. Espero dezagun aurki izango dela etxeko epelean. Berrikitan, egunkari bateko artikulua baliatuz, gutun bitxi bat idatzi zion Xabier Silveira bertsolariak De Juanari. Harenganako miresmen neurri gabea adierazten zion bertan. Hainbati harrigarri gertatuko zitzaion gutunaren azken zatia, euskaratik gaztelaniara eta hirugarren pertsonatik bigarrenena pasatuz gutunaren laburpen bat egiten baitzion De Juanari berari. Deigarri da Euskal Herriaren askatasunaren izenean halako ekintzak egin dituenak 20 urteko kaltzelaldian euskaraz batere ikasteko betarik hartu ez izana. Astelehenean Sabin Etxera deitu zuen Kalakako lankide batek, gure eztabaida-saiorako informazio eske. Telefonoa hartu zuenak ez zekien hitzik euskaraz, eta beste luzapen batera pasa zuen deia. Euskaraz zekienen batek erantzun ziola pentsatuko duzue. Ez ba! "Mejor en castellano, eh!", erantzun zioten. Dena delako horrek ere ez du euskaraz ikasteko adina asti izan, ez eta huts egiten duena bera dela ohartzeko adina zentzu ere. Horixe da norberak izan ez eta besteei eman dakiekeen gauza bakarra: lotsa.
K
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902