
Jose Luis Alvarez Enparantza,'Txillardegi'.argazkia: ruben plaza
Donostia. Aralar datorren urtean ez da bakarrik aurkeztuko udal hauteskundeetara: jadanik azaldu du Ezker Batuarekin parte hartuko duela. Badirudi, indarkeriarik gabeko kontestu batean alderdi txikiak ez desagertzeko izan daitekeen irtenbideetako bat dela.
Aralar EBrekin koalizioan joatekotan da. Zer deritzozu?
Nik pentsatzen dut hor Aralarrek Batasunarengana hurbildu behar duela . Badakit zaila dela, Aralarrek batzuetan hartu duen posizio kritikoak ez baititu gauzak erraztu. Normalena ezker abertzalea elkartzea da eta ezker abertzaleak bi adar ditu: Herri Batasuna eta Aralar. Beraz, nik uste dut EB-Aralar koalizioa ez dela egokia eta Aralarrek bakarrik joan beharko lukeela. Edo, bestela, berriz ere diot koalizio estrategikoa Batasuna-Aralar dela.
Indar txikia den heinean, Aralar ez desagertzeko taktika bat izan daiteke biolentziarik gabeko hauteskunde kontestu batean.
Beraiek egin dituzte kalkuluak eta agian horretan arrazoia dute. Hemen, gauzak dauden bezala frente espainiarrarekin, abertzaletasuna azpimarratu behar da eta ez ezkerzaletasuna.
Beraz, zuk ez duzu uste Aralar desagertzeko arriskua dagoenik bakarrik joatekotan.
Kontu hori dela eta, Aralarrek arazo zaila du, izan ere, espazio politikoa dagoena baita. Askotan esan izan dut nik hemen beharko litzatekeena Kataluniako ERC bat dela: ezkertiarra, sozialismoaren aldekoa, dogmatismorik gabea eta esperientzia komunistetatik distantzia batera dagoena.
Hala ere, momentuz behintzat, Aralar Ezker Batuaren eskutik ikusiko dugu 2007ko udal hauteskundeetan. Zein etorkizun ikusten diozu koalizio honi?
Ez diot etorkizun handirik iragar-tzen EBrekin bakarrik, baina talde orokorrago batean bai. Hor dagoen tradizioa eta hor dauden pertsona batzuk urte askotan sozial-inperialista hutsak izan dira. Orain, hortaz, Aralar hauekin azaltzea taktika bada ere, nire ustez errakuntza bat da. Dena den, ni ez naiz inor, militante soil bat naiz, eta erabakitzen dutena onartzea dagokit. Bataz beste ados nago. Nire adinarekin, 77 urte ditut jada, politika kontuak onena distantziarekin begiratzea da Euskal Herriarentzat, hika-mika politikoetan sartu gabe. Gazteei utzi behar zaie protagonismoa.
Nola eragiten dio koalizio honek Aralarrek duen imaginari?
Nik uste dut gauzak, behintzat, ez dituela argitzen. Aralar bere nortasunik gabe gelditzen da. Horiek badute beren konpromisoa. Baina badirudi Aralar definitu gabe gelditzen dela.
Koalizioaren kontua alde batera utzita, egunero esnatzen gaitu prozesuaren inguruko berriren batek, azkena ETA eta Gobernuaren arteko bilera. Zer iritzi duzu?
Hemen ez dago prozesurik. Pasa den abenduaren 20an jakin zen bilera bat egon dela, eta hori da eman den lehen pauso positiboa ETAk su etena iragarri zuenetik, orain dela bederatzi hilabete.
Zer deritzozu Zapaterok egin duen kudeaketari?
Benetan txarra izan da, desastre bat. Batez ere azken bideo hori izugarria izan da, "guk ez dugu ezer egin" edo "guk PPk baino gutxiago egin dugu" planteamenduarekin. Gero beraiek argudiatzen dute hori Espainiarentzat eginikoa dela. Hortaz, hemen herri bat dagoela ahazten du PSOEk, tentsio handiarekin gainera. Esango nuke Zapaterok gaizki jokatu duela. Nik uler dezaket arazo zaila duela eta bere lehen kezka PPren garaipen posiblea dela. Hori Espainia mailan, baina hemen arazo nazionala duen herri bat dago eta ez gaituzte kontuan hartzen.
Badirudi krisi edo blokeo une batean aurkitzen dela bake prozesua. Zure ustez Zapaterok gaizki kudeatu badu, zer egin beharko luke berriz ere prozesua bideratzeko?
Lehenik eta behin Partiduen Legea delakoa kendu. Hori ezin daiteke izan. Batasunak izena aldatuko balu, agian aurkezteko aukera izango lukeela entzuten da. Baina hori ez da arazoa. Lege hori sobran dago eta hala diote baita jurista espainolen talde batek ere. Zapaterok, beraz, lege hori ezabatu behar du, eta gero gerokoak.
Orduan zuk uste duzu Batasunak 2007ko hauteskundeetan egoterik izango duela?
Ez dakit, baina gertatzen dena gertatzen dela, hautagai zerrendak aurkezten hasi dira eta, beraz, berandu dabil Batasuna. Nik uste dut zerbait egiten saiatuko direla, beti baitaude trikimailuak, baina lege horren baitan ez dago zer eginik.
Gobernuak etsiko ote du azkenean?
Ez du ematen. Garbi utzi du gai hori "ukiezina" dela.
Prozesuarentzat kaltegarria dela uste duzu?
Dudarik gabe. Hori izango litzateke Gobernua eta ETAren arteko mahaia eratua dagoela Batasunari esatea, baina bestea ez dela posible egon beharko luketen batzuk falta direlako. Eta betikoarekin gaude: ezin da negoziatu talde terrorista batekin, baina gero Gobernua ETArekin biltzen da berriz ere. Kontradikzioak dituzte, beraz.
Blokeo une honetan ETAk aurrera pausurik ikusiko ez balu, zuk uste duzu berriz ere armak hartzea posible dela?
Oso zaila da. Herri honek ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen badu, agian, orduan bai. Hala ere, ETAk badaki zein Europan bizi garen eta hau ez dela Txetxenia.
Orduan nola interpretatzen duzu azaroan ETAk Frantzian burutu zuen lapurreta?
Ez du esan nahi erabiliko dituztenik. Nire ustez presio edo demostrazio kontua da. Badakit arrisku-tsua dela, baina ETAk horrekin frogatu nahi duena da horrelako gauzak eta handiagoak egin ditzakela. Borroka armatua utzi badute, ez dela akabatuta daudelako.
Kale borroka ere bakearen biderako oztopo da eta batzuen ustetan ezker abertzalearen kohesio falta erakusten du.
Kale borroka hau ez da ulertzen logika akademikoan, baina bai politikoan. Gauzak ez dira mugitzen eta badirudi adarra jotzen ari direla. Ezker abertzaleko jendeak presionatzeko duen modua da, ez zuzenean, baina bai zeharka.
Beraz, kohesionatuta dago eta kale borroka Batasunaren tresna bat da.
Ezin da demostratu, baina presioa egiteko erabili dutela esan daiteke.
Azkenean blokeoa gaindituz gero eta prozesuak aurrera jarraitzekotan, zer gertatuko da ETArekin?
Lehenik eta behin, prozesuak aurrera jarraitzen badu autodeterminazioa onartu dutela esan nahi du. Nik uste dut, beraiek esan izan duten bezala, armak uzteko gogoarekin daudela inor baino gehiago. Orain dela hamar bat urte zera esan zuten: "Guk ez dugu borroka egin etxera bueltatzeko minimoa gabe", hau da, autodeterminazia gabe. Nik uste dut une horrek behin betiko tregua bat ekarriko lukeela.
Politikan sartzeko aukerarik egongo litzateke?
Ez dakit. Irlandako adibidea ikusita, bai McGuire eta bai Adams biak izan dira IRAkoak eta gero politikan sartu dira. Autodeterminazio prozesua onartzen badute, eta borroka armatua utziz gero, balio dutenak agian sartuko dira politikan.
Bestalde, presoak ere protesta moduan gose grebak egiten ari dira. Nola eragin dezake honek bake prozesuan?
Nik uste dut oso larria dela. Iñaki de Juana hilko balitz, hori oso arriskutsua izango litzateke. Euskal Herrian izan zen hildako bat, Crespo Galende bizkaitarra. Bestela, ez da izan Euskal Herrian hildakorik Irlandan egon zen bezela. De Juanaren kasuan, lehen puntua bere sententzia anulatzea izango litzateke. Horrek guztiak ematen du tentsioa eta tentsioan edozer gauza gerta liteke. Radikalizazio bat dakar.
Presoen papera zein da prozesu honetan?
Nik uste dut beste askok baino esperientzia gehiago dutela iritzi bat emateko momentu honetan.
Krisiaz hitz egiten dugunean, partiduen mahaia oraindik eratu gabe izanak ere zerikusia badu. Gainera PPk ez du Batasunarekin batera eseri nahi. Zer gertatuko da?
PPrekin ez dago zer eginik. Ez dut uste etsiko dutenik. Beraiek ikusten dute Estatuan jendea beraiekin dagoela eta Zapateroren beldurra, hain zuzen, hori da. Espainian zer dagoen konturatzen da.
Luzerako joko du, beraz, bake prozesu honek?
Nik baietz uste dut. Gainera ez dut uste partaide guztiekin izango denik. PPrekin, behintzat, ez dut uste bat- batean atzera egingo dutenik, batez ere jakinda jende askok txalotzen diela Espainian, baita PSOEko askok ere.
Hortaz, ez zara baikorra prozesuak eraman dezakeen ibilbidean.
Ez naiz Zapaterorekin fidatzen. Nik nahiko nuke bake prozesu honek aurrera egitea, baina ez dut arrazoirik ikusten baikorra izateko. Orain arte izan dugun berri on bakarra bildu direla da.
Zer berri entzun beharko genuke prozesua aurrera doala ikusteko?
Autodeterminazio prozesua hemendik edo handik bideratuta dagoela. Hori ez dagoen bitartean, ezkorra naiz.
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |