|

Jesus Segurola, Iñaki Bastarrika eta Olatz Goibururekin, bere lana ezagutzera ematen duen erakusketan.argazkia: a.z.
Iñaki Bastarrika idazle urretxuarrak eta Olatz Goiburu margolari legazpiarrak Euskeraren zuztarrak. Izadi eta gizaki arteko harremanetan lar esplikatu nahian liburua kaleratu dute eta izenburu bereko erakusketa ireki dute Zumarragako Itarte Etxean. Bi ekimen hauen helburua Jesus Segurola zumarragarraren euskararen sorrerari buruzko teoria azaltzea da.
Bere ustez, gure hizkuntza izadi eta gizakiaren arteko harremanetik sortua da. Euskaldunak, lehen hitzak osatzeko, naturak sortutako soinuetan eta irudietan oinarritu zirela dio. 1975ean, Lar liburua kaleratu zuen. Lehen lan hau osa-tzeko, 2001ean, Izadi eta gizaki arteko harremanetan lar publikatu zuen. Iazko azaroan, berriz, bere lana aurkeztu zuen Euskararen Jatorriaren I. Biltzarrean.
Urte asko daramatza hizkuntza aztertzen. "Euskarari buruzko liburu bat heldu zen nire eskuetara. Hitz guztiek zer edo zer esan nahi zutela agertzen zen bertan eta hortik hasi nintzen hitzak nondik zetozen aztertzen. Hala, ziur naiz euskara izadiaren eta gizakiaren arteko harremanetik sortua dela".
Adibide bat jartzearren, Segurolak eguzki hitza aipatzen du. "Garai bateko egizki hitzetik dator. Eg- aurrizkiak, txorien hegalek atera-tzen duten hotsean oinarritua, eguzkiaren ekialdetik mendebalderako hegaldia adierazten du. Iz- horrek, berriz, eguzkiari aurrez aurre begiratzen badiogu sortzen duen zuritasuna adierazten du".
Bere teoria ulertzen erraza ez dela onartzen du. Hori dela eta, oso gustura ageri da Bastarrikak eta Goiburuk bere lanaren muina modu errazagoan aurkezteko egin duten ahaleginarekin. "Batek edo bestek, ez nuela ezer aterako esan zidan. Ziurtasuna nuen nik, ordea!".
artisaua
Egungo txistuaren sortzailea
Ziurtasun berarekin lan egin du beste arlo askotan. Izan ere, Segurolak eskultura, pintura eta marrazketa ere jorratzen ditu. Bere lanen artean, Zumarragako trintxeran jarrita dagoen Txistulari eskultura azpimarratu behar da. Dena den, batez ere, bere txistuek egin dute ezagun Euskal Herrian. "40 urte beteak nituela hasi nintzen txistuak egiten, 60ko hamarkadan. Etxeko batek, halako gauzetako erraztasuna nuenez, txistu bat egiteko eskatu zidan. Jotzen ere ez nekien, baina Isidro Ansorenaren neurri batzuk eman zizkidan eta hala ekin nion".
Jose Inazio Ansorenarekin elkarlanean, instrumentu hau izen handikoen pare jartzea lortu zuen. "Nire txistu bat bere eskuetara iritsi zen. Jotzeko eskaintzen zuen erraztasuna gustatu zitzaion, berarengana joan nahi ote nuen galdetu zidan eta hala joan nintzen".
Gogor lan egin zuten txistua hobetzeko. "Larunbatero joan nin-tzen kontserbatoriora, bi urtez. Lehenengo afinazioa hobetu genuen. Ondoren, fa soila lortu nahian hasi ginen. Horretarako, txistua bi zatitan egitea nahi zuen. Azkenean, pieza bat bi zentimetro luzatuz, lortu genuen. Horri esker, egun txistuak edozein instrumenturekin batera jo dezake".
Segurolak mila txistutik gora egin dituela uste du. "Ikaragarrizko aldea zegoen txistu zaharretatik hauetara eta mundu guztiak berriak nahi zituen".
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902