
German Muruamendiaraz, Kalitatea Fundazioko zuzendaria, eusko labeldun produktu sorta bat alboan duela.argazkia: utzitakoa
donostia. Baserrian jaio eta hezi zen German Muruamendiaraz. Agian horregatik, euskal elikagaiak "oso onak" izan daitezen lanean aritu da beti, baita orain ere.
Mahai gainean dituzuen kalitatezko produktu horiekin, zer nolako menua osatuko zenuke uda garaian?
Urtaro honetan Gernikako piperrak izan litezke sarrera eder bat, eta baita tomatea ere. Gero, bi aukera dauzkagu: hegaluzea eta oilaskoa. Biak asko gustatzen zaizkit.
Elikagaien mundu zabalean, zer esanahi dauka zuzentzen duzun fundazioarentzat "kalitatea" hitzak?
Gure egitekoa, alde batetik, jatorria bermatzea da; elikagaia nondik datorren, horrek balio handia dauka eta. Era berean, kalitatea neurgarri egiten saiatzen gara. Izan ere, askotan erabiltzen dugu termino hau eta irakurketa desberdinak izaten ditu. Hori lortzeko, produktu bakoitzak bere ezaugarriak izaten ditu eta horiek lantzen saiatzen gara.
Gizarteak beste ezaugarri batzuk ere eskatzen ditu, ordea.
Kalitatea bermatzeaz gain, kontsumitzaileek osasun aldetik jakiak kontrolatzea eta jarraipena egitea nahi dute. Gainera, produktua benetakoa izan behar da, iruzurrik gabekoa.
Eusko Labeldunak izan arren, gizarteak duda izaten du zenbait produkturen jatorriaren inguruan.
Ziurtagiriak daraman zenbakiarekin hori bermatuta dago. Ikusten ditugun balizko iruzurrak kontrolatzen lan handia egiten dugu.
Eusko Labela, nekazaritza ekologikoa, jatorrizko izendapenak... ez al dute jendea nahasten?
Kalitatea Fundazioa erakunde bat da. Gure egitekoetako bat Eusko Label marka kudeatzea da, baina horretaz aparte beste produktu ba-tzuk ere ikuskatzen ditugu: jatorrizko izendapenena -txakoliñaren hiruak, adibidez-, ekoizpen arrazonatuarena eta ekoizpen ekologikoarena. Nahiko saltsa sortzen da produktu hauen artean, agian denbora gutxi daramagulako eta hobe komunikatzen ikasi behar dugulako.
Kalitatezko elikagaiek kalitatezko ekoizleak eskatzen dituzte. Baserriko kulturak estandar horiek lortzea erraztu al du?
Merkatu babestu batetik merkatu globalizatu batetara igaro gara. Hasieran gauzak oso zailak izan ziren, prozesu horrek suposatzen duen guztiak baserritarren artean erresistentzia handia sortu zuelako. Baina gauzak bideratzen joan dira. Ekoizleek esfortzu handia egin behar izan dute. Ohiturak aldatzeaz gain, kuotak ere ordaintzen dituzte.
Euskal Herriko baratze eta mendietako produktuak gaur egungo merkatura egokitu al dira?
Azaleraz herri txiki bat gara eta baserri txikiak izan dira gure produkzio eredua, orografia aldapatsu batean. Bertako jakiak eskaini eta bertako biztanleen eskaria asetzeko daukagun ahalmena oso mugatua da. Horregatik, elikagai batzuen eskaeraren %8a ekoizten dugu; haragiarekin, %50a; behi esnearekin ia eskaera guztia betetzen dugu. Eta hala ere, merkatuan dagoen konpetentzia oso handia da.
Elikagaiak esportatzeko asmorik ba al daukazue?
Gehienbat bertako merkatuetara bideratuak daude produktu hauek. Baina batzuk, Gernikako piperra adibidez, kanpora bideratzen ditugu, sukaldaritzan asko erabiltzen den produktu bat delako. Beste horrenbeste esan genezake Ibarrako piperraz. Baina salbuespenak salbuespen, produktu hauek hemen bertan daukate erantzunik onena.
Produktu ekologikoak bermatzea al da etorkizuneko bidea?
Arlo horretan eskaera handiagoa dago eskaintza baino. Beraz, hor badago lana egiteko posibilitate bat. Baina gizarteko multzo handienak eskaintzen diguna aurrez prestatutako janariak dira. Arlo honetan gure ohiturei gehiago eusten diegun arren, abiadura handiko mundu honek aurrez egindako produktuetara garamatza. Posible da kalitate altuko produktuak egitea alde horretatik ere. Ikerketa eta jakinduria eskatzen du horrek, eta horretan dihardugu.
Labeldun hegaluzea ere bermatzen duzue. Nola ikusten duzue sektore horren krisia?
Kezkaz ikusten dugu. Kofradietan eta portuetan produktua identifikatzea lortzea asko kostatu zaigu. Urte hauetan hezkuntza lana egin dugu, jendea ohitzen joan dadin. Arrantzaren munduak etorkizunik badu ziurtapenaren bidetik izango da. Baina ez hori bakarrik, lehengai hori lantzen badago tradizioa eta jakinduria Euskal Herrian. Kontserben arloan ere sartu nahi genuke.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |