
Andres Urrutia, Bilboko Plaza Barriko arkupetan.argazkiak: iban aguiniaga
bilbo. "Gauza batzuk aurreratu ditugu, beste batzuk oraindik egiteko dauzkagu, baina aurrera goazelako sentsazioarekin" dago Andres Urrutia. Argazkietan serio agertu ohi den arren, tratuan gertukoa eta atsegina da. Euskaltzaindiari eman nahi dion norabidea ere badirudi horrelakoa dela: akademiaren zientifikotasuna mantenduz, baina gizartearen egoerara gerturatuz.
Lehendakaritza zure gain hartu zenuenean Akademia gaurko egunetara egokitzeko asmoa azaldu zenuen.
Konturatu behar gara beharrezkoa dela gure garaietako eskabideei aurre egitea eta bide horretatik gauza batzuk behintzat beste nonbaitetik bideratzea.
Aste honetan ezagutarazi dituzuen estatutu aldaketek Euskaltzaindia gaurkotu beharra agerian uzten dute?
Zuzendaritzaren ikuspegitik, gaurkotzea beti ulertu izan dugu, estatutuen aldaketaz gain, egonkortasun finantzieroaren bidetik eta lan zientifikoa bultzatzearen bidetik. Beraz, ardatz bakarrarekin jokatuz motz geratuko ginateke. Alde batetik, alfer-alferrik bilatuko dugu beste pertsona batzuk gure egituran sartzea, baldin eta ez badute ekar-tzen euren lana eta konpromisoa, horren bitartez euskal gizartearen aurrean fruitu horiek gizartera-tzeko. Sarritan onartu izan da euskaltzain oso izatea ohore bat dela, eta hala da, baina zama ere bai. Gure deia ez da bakarrik ohorerako, gure deia lanerako ere bada. Eta are gehiago une honetan, ezaguna baita oso une garrantzitsua bizi dugula euskararen aurrerakada horretan.
Orain arte Euskaltzaindian presen-tzia gutxi izan duten zenbait arlotako euskaltzainak izendatu berri dituzue. Eremu berrietara zabaldu nahi al duzue?
Euskaltzaindiak, bere lanean, hizkuntzak berak bizi dituen egoerak behar ditu, eta egoera horien ordezkari izan litezke lanbide horietan adituak direnak. Hizkuntzak une honetan duen aberastasuna, gizartearen ikuspegitik, islatua egon behar da Akademiaren barnean. Sarritan kritikatu izan zaio Euskaltzaindiari Filologia eta Literatura bakarrik egiten dituela. Nik uste dut bi horiek egin behar dituela. Baina, horretaz aparte, zorionez, euskara beste leku askotan dabil. Administrazioan, komunikabideetan, idazleen obretan...
Ordezkari berri horietako batek, Bernardo Atxagak, "ikuspegi kritikoa" aportatu nahi zuela adierazi zuen. Orain arte kritika falta eduki al du Euskaltzaindiak?
Izendapen egunean horrelako gauzak beti esaten dira eta errespetagarriak dira. Baina ez da bakarra erakundearekiko kritiko dena. Burua bera ere kritiko da erakundearekiko eta bere buruarekiko. Kontua da kritika egiten denean jakin egin behar dela zer den onuragarria eta zer den baztertzeko modukoa. Kritika eguneroko gobernuarekin uztartu behar da, zuzendaritzaren kasuan. Onargarria eta aberasgarria da; beti izan dira eta egongo dira kritikak Euskaltzaindian. Kritikak bai, baina lana ere bai.
Erakunde zaharkitua dela pentsa-tzen dutenen iritzia zabaldua dago.
Topiko eta klitxe asko daude, eta horiei aurre egin behar zaie. Gure historia luzean urte eta erdi ez dira asko, baina pausu batzuk eman dira jada. Agerkari digitala sortu dugu eta bide horretatik gure presentzia areagotu egin behar dugu, baina gure akademikotasuna galdu gabe, zaila den arren. Euskararen ikuspegitik egin dezakegun lana dibulgazioa da; inolaz ere banalizazioa. Gizarteratzea banalizazio hori bada, orduan ez. Baina gizarteratzea bada ireki jokatzea, dibulgazioa, zabaltzea… aurrera.
Lehen aipatu dituzun hiru ardatzetako bat, finantzaketarena, segurtatuta al duzue?
Norabidetuta dago, Eusko Jaurlari-tzarekin eta Foru Aldundiekin sinatu ditugun hitzarmenekin, Nafarroako Gobernuarekin urteroko protokoloaren izenpetzearekin, eta Iparraldean sortu berri den Office de la Langue Basque-rekin. Batez ere EAEn itxitako hitzarmenekin erreminta on bat daukagu aurreran-tzean ere behar den malgutasunez jokatu ahal izateko.
Ikusten al dituzu 'Wazemank' telebista programak Euskaltzaindian oinarrituta egiten dituen parodiak?
Gustura gainera! Behin telebistan agertzen den gure ordezkariarekin hitz egiteko aukera izan nuen eta laster nominan sartu beharko dugula agindu nion (barrez). Umorez hartu behar dira halakoak, bestela badirudi izen handiko erakunde baten aurrean kikildu egin behar garela.
Pertsonaia horrek agertzen duen hori, baina, jendartean asko entzuten den kexua da; hau da, euskararen inguruko legeak asko aldatzen direla.
Horrek badu bere arrazoi puntua eta hala onartu behar da. Baina hori esaten duenak sarritan ahaztu egiten du euskara orain gutxi arte batu gabe egon dela. Forma bateratu bat moldatu behar duzunean, batzutan asmatu egiten duzu eta beste batzutan ez. Hizkuntza guztietan halako araugintza gertatu izan denean, horrelakoak gertatu izan dira. Katalunian une hori bizi izan dute. Aspalditik daukagu irizpide bat: behin erabakia hartuta, premia oso nabarmenik ez badago, arauak ez aldatzeko. Aldaketak egiten dira batzutan, nahiz eta jendeak uste baina gutxiago. Aitzakia ederra izaten da ba-tzuentzat!
Erabiltzaileen zalantzak alde batera utziz, euskara "une garrantzitsuan" aurkitzen dela aipatu izan duzu.
Batasunaren bigarren belaunaldian gaude. 1968tik aurrera, hizkuntzaren eredu batua sendotu zuen, orain zabaltzen eta erabiltzen ari garena, arlo lingusistikotik kanpo beste zenbait arlotan. Horregatik behar dugu eremu desberdinetako jendea.
Zein paper jokatu behar du Euskaltzaindiak ibilbide horretan?
Gure zeregina gizarteari lanabes eguneratu bat eskaintzea da arlo horietarako, erabili ahal izateko gizarteak berez dituen gaurko fun-tzioetan. Orohar, euskaraz bizi eta euskara erabili ahal izateko, konplexurik gabe. Askoz gehiago, ikusten dugunean irakaskuntzan, komunikabideetan, eta abarretan, badabilela. Eta hori egiten ari garen neurrian ari gara normatibizazioa sortzen.
Orain arte jorratu gabeko arloetara zabaltzea da euskararen hanka osasuntsua. Baina beste euskarria, erabilerarena, ez ote da herrena?
Hori da paradoxa. Baina horrelako fenomenoak gertatzen dira. Nora goaz orduan? Beharbada orain arte ezagutu dugun errotze horren desagertzera eta beste modelo baterantz. Baina eredu horrek baditu bere aberastasunak.
Zein modelotaz ari zara?
Eredu horrek norabait eraman behar gaitu, gizarte hiru eledun batera izango da, baina naturaltasunez. Europako toki batzutan hiru hizkuntza erabiltzen dituzte arazorik gabe: nazioarteko hizkuntza, ingelesa, estatuko hizkuntza eta eskualdekoa. Beharrezko dugu horrelako eskema batera joatea baldin eta nahi badugu gure euskaldun nortasuna mantentzea. Euskaraz bakarrik bizi ahal izatea gaur egunean, ezinezkoa da.
Bat al zatoz egungo euskararen jatortasuna eta egokitasuna dudan jar-tzen dituztenekin?
Jatortasunari dagokionez, egia da. Nire alabengan ikusten dut hori. Beharbada ez dira hizkuntzaren ikuspegitik lehen zeuden ahalmen batzuk mantentzen. Baina berri ba-tzuk dauzkate: herritarragoak dira, eta beste tresna batzuk erabiltzen dituzte, askoz ere kriptikoagoak. Blogak, sakelekoak… Horrek ere bere espazioa beharko du.
Gaur egun indarrean dauden markoek, euskararen normalizazioa lortzeko bidean, hutsune asko dituztela dioten ahotsekin bat al zatoz?
Hobetzeko modukoak direla, dudarik gabe.
Badirudi egoera politiko berriak marko berri batera begira jarri ditzakeela alderdi politikoak. Euskararen kontua berriz planteatu beharko lukete errealitate politiko berri bat adosterako garaian?
Nik uste dut euskararen ikuspegitik guztiz oinarrizkoa eta garran-tzitsua dela, baldin eta kontsentsu batera heltzen baldin badira. Mesede gutxi egingo genioke euskarari baldin eta marko berri hori eraiki-tzen adostasun falta badago eta inposatze bat badago. Beti ere hizkun-tzari eragin diezaioketen kontuez ari naiz. Adostasun horren fruiturik garrantzitsuena izango litzateke euskararen presentzia eta etorkizuna. Euskarak politizazio mailaren ikuspegitik izan ditu bere gorabeherak, baina hizkuntza gizarte jakin batekin identifikatzeko ahaleginak ez dira onak.
Bestetik, askotan kritikatu izan da Nafarroako hizkuntza politika.
Eskatu digutenean, gure iritzia eman dugu, Nafarroko Parlamentuan, adibidez. Hortik aurrera, nafarrek erabaki beharko dute nolako hizkuntz politika nahi duten, horretarako ezarritako bideetatik.
Alde horretatik, nolako egoera bizi dute Iparraldean?
Aspaldiko partez Iparraldean badago gogo bat, nahiz eta ofizialtasuna oraindik eskuratu ez, gutxienez bermatzeko guztiz oinarrizkoa den gauza bat: euskeraren presentzia. Badago zer egin, baina badirudi norabide aldaketa bat dagoela.
Posible izango al da benetako gizarte elebidun bat sortzea?
Nik uste dut baietz, baina pausuak egoki emanda eta pazientzia historiko bat izanda. Epeka jokatu behar da horretarako. Oraindik batzutan amore ematen dugu, etsita ikusten dugu geure burua uste dugulako hamar edo hogei urteren buruan dena eginda egongo zela. Baina gizartearen barnean prozesuak geldoagoak izaten dira eta hizkuntzaren ikuspegitik gauzak geldoagoak izaten dira. Ikuspegi hori ez badaukagu, nahi dugunaren guztiz kontrakoa lor dezakegu. Euskaraz biziko garen galdetzen didatenean nik zera erantzuten dut: euskaraz ere biziko gara. Hor dago gakoa. Ez daukagu zertan baztertu hori, baliagarri zaigulako.
Euskarak konkista ditzake kanpotik datozen etorkinak?
Nire esperientzia Ondarruri lotua dago, eta han behintzat euskarak konkistatu ditu. Horretan lan handia egin behar da, Katalunian egiten ari diren bezala. Hemen ere pausuak ematen ari dira, baina sekjulako erronka dago, batez ere herri handietan, berez etorkin horiek ez direlako erraz integratzen.
Zein formula jorratu behar dira, zure ustez?
Katalunian egin duten formula zera da. Kataluniako kulturari eta hizkuntzari buruzko hurbilketa bat egitea, argitalpen batzuk ere egin dira. Bide hori, hasteko behintzat, ez litzateke gaizki etorriko. Hurreratze baten bidez, guk ere ezagutu dezagun beraiek zer egiten duten.
Eta euskal herritarrak izan eta ez dakitenak, nola erakar ditzake euskarak?
Euskara eta euskal kultura erakargarria egin behar ditugu. Euskaraz ez dakitenek ere jakin beharko lukete, batez ere hezkuntzaren bidez, euskarazko kultura bat, literatura bat, badagoela mundu bat, eta hori gure gizartearen kultura dela. Euskaldunok gaztelania edo frantsesaren mundutik eragina jasotzen dugun moduan.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902
Enlaces patrocinados:
Inmobiliarias |
Disfraces |
Agencias de publicidad |
Tiendas de electrónica |
Cirugía estética |
Inmobiliarias |
Asesorías |
Peluquerías |
Muebles |
Clínicas |
Seguridad |
Mudanzas |
Viajes |
Hostales |
Taxis |
Hogar |
Hoteles |
Cerrajeros |
Farmacias |
Rótulos |
Armarios |
Trabajo |
Hosting |
Ocio en Gipuzkoa |
Hoteles en Madrid |
Hoteles en Barcelona |