Diario de Noticias de Gipuzkoa

Iritzia

Geure eskola ikastola

por elias mendinueta alustiza enviar a un amigo imprima este texto texto normal texto medio texto grande

ASTE bukaera da eta aitarekin nago. Orain neuri tokatzen zait, berak nigatik umetan egin zuena berari zahartzaroan eskaintzea. Egoera honetan, familiarekiko dugun norabidea bakarra bada ere ikuspegi bikoitza du, seme-alabak eta aita. Aitarekin egoteak hausnarketarako parada eman dit. "Herri Urrats"-ekin eman genion hasiera eta Elorrioko lagunek Ibilaldiarekin aste buru honetan jarraibideari segida emana diote. Bost herrialdeetan banan bana bada ere denak batera Euskal Eskola Nazionalaren jardunbidea osatzen dugu. Gauzak horrela, ikastola bera eta datozen aldaketak ditut nire hausnarketaren jomugan. Gizartearen bilakaera ikusita aldaketaren aurrean nolako ikuspegi desberdinak bizi ditugun, jabetzen naiz. Arbasoei begira gure birraitona-amonentzat araua egonkortasuna zen. Gure bilobentzat berriz, aldaketa da onartutako araua. Eta tartean gauden oraingo gurasoak nola kokatzen gara aldaketaren aurrean?. Gure arbasoek izan zuten egonkortasunaren ilusioarekin bizi izan gara eta orain aldaketa araua dela ikasten ari gara. Euskal Herria hasi den aldi berri honetan aldaketaren aurrean kokatzen gara. Aldaketak, sarritan beldurrak eta ezinegonak sortzen dizkigu, baina horiek, markatutako helburuak lortzeko geure aldeko indar bihurtzeko aukera badugu. Hori dela eta gure aitak umetatik seinalatzen zidan norabidea datorkit gogora berarekin nagoen honetan. Hau da, norabidean tinkotasuna izatea eta egoera berriei aurre egitean malgutasunez jokatzea. Norberak sinistu eta bultzatzen duenarekin tinkotasuna; eta elkarlanean, bideak eta erritmoak errespetatzeko malgutasuna, konpromisoan norbera aurretik ibiliz. Aitari bereziki estimatu diodan irizpidea da eta geure seme-alabentzako nahi dudana. Aldi berri honetako hezkuntzaren egoeraz hausnarketan sakontzen jarraituz, ikastolako ibilbidean jaso dudan eskarmentutik, badaude kontutan hartzea nahiko nituzkeen zenbait irizpide. Horregatik publikoki konpartitzea erabaki dut, bakoitzak ondo deritzona jaso dezan, lehendabizi etxekoei eskaria luzatuz eta gero politikari abertzaleei. Euskal Herriak/Nafar Estatuak geure egitura juridiko -politiko propioen azken aztarnak galdu zituenetik gaur arte, azken ehun urteetan, herritarrok gabiltza geure hezkuntza propioaren saiakera egiten. Hau da, herritarren eskutik ikastolen sarea aurrera ateratzen. Bitartean, denbora berean, auzoko estatuek beraien hezkuntza sistemak, Administrazioetatik bermatzen ari dira bakoitzak bere konstituziopean dagokion lege eta egiturak gauzatuz. Beraien Administrazioak definitzen dituen publiko eta pribatuetan herri identitatea bermatzeko martxan jartzen duten sistema osoa. Euskaldunok ez daukagunez lurralde osorako administrazio propiorik, euskal herritarren eskutik daramagun eskola sare propioak ezin du izan ez publiko eta ez pribatua. Geure sarea da. Herri honek horrela ulertzen duelako mimatzen du proiektua altxor berezi bezala. Eta hori adierazteko bost aldiz azaltzen da herria ikastolen festetara, berea sentituz eta horrela aldarrikatuz bere presentziarekin. Beraz, ikastolek badute herriaren babesa. Herri honen identitatearen bermea izateagatik jasotzen du babes hori eta horregatik, garaia heldu da ikastolak bere burua inoiz baino argiago definitzekoa, funtzionamenduan baino gehiago, herri honi egiten dion ekarpenean oinarrituz. Aukera aparta ematen digu Euskal Curriculumaren lanak, urrats berri bat emateko, geure identitatearekin konprometituta eta horrek suposatzen duen erantzukizunarekin jokatuz. Adituek argi diote aldaketa egiterakoan kontzentzua baino beharrezkoagoa ikuspegia dela. Hori da guk jokatzen duguna une honetan eta norbere buruarengan konfiantza osoarekin aurrera egiteko ordua iritsi da. Euskal Eskola Nazionalaren motorra dira ikastolak eta horretarako Euskal Herri mailako erakunde indartsu bat nahi dut ikastolentzat. Ausardiaz eta harrotasunez azaldu behar du bere burua. Lidertza indartsua behar dute ikastolek. Motorra izateaz gain, norabide argia markatuko duena, ausardiaz arituko dena, ingurukoak entusiasmatzeko gaitasunarekin eta akordiorako jarrerarekin. Ikastolen elkarteko logoan dagoen iturriaren metaforaz baliatuz, urari eman behar diogu bidea tuberietara hainbeste dedikatu gabe. Nolanahi ere eman bide urari, ikastolak bizigarria behar dutelako. Horregatik nire lehenengo eskaria etxekoentzat da, beraiengan konfiantza dudalako. Urrats kualitatiboa ausardiaz emateko ordua iritsi da. Aurretik ondo eginda dagoenetik zer ikasia badugu, sortzaileek ez zuten itxoin denok bat ipini arte. Nahi zutenekin aurrera egin zuten, denbora gehiago behar zutenak errespetatuz eta ateak beti ere zabalik utziz. Orain, curriculumarekin ikastolaren sarea birsortzeko aukera dugu. Bukatzeko, oraindik politikari batzuengan ere konfiantza mantentzen dudanez, beraiei zuzendutako eskari zuzena egiten ausartzen naiz. Politikari abertzale bezala animatzen zaituztet ausartak izatera eta ikastolara eramatea zuen seme-alabak. Hor, guraso bezala konprometituta beste edozein gurasoen pare isileko lanean aritzea ongarria izango zaigu zuei eta guri. Eta, batik bat, akordioak egiterakoan, ikastola ekimen sozialeko erakundea den errespetutik egitea eskatzen dizuet. Hori arrazoi garbi bategatik, herri honek, bere eskola, ikastola duelako eta beste eszenatoki bat lortu bitartean, sare propioa dugun hau, indartsu mantentzearen erantzukizun partekatua dugulako. Euskal Herria-Nafar Estatuaren Eskola Nazionala eta Unibertsitate propioa egiteko estrategikoa deritzot, une honetan egin behar dugun jardunbide berrian, hezkuntzari dagokionez, herri ekimenetik aritzea burujabetasun osoarekin, esparru politikoarekin nahastu gabe. Elkarrekin egitea ezinbestekoa dugu eta elkarren errespetutik egitea hil edo bizikoa.

buscar vivienda en gipuzkoa
miles de casas y pisos en navarra
DEPORTESCiclismo
ARMSTRONG
El estadounidense anuncia su presencia en el Giro
SUSCRÍBETE
BOLETÍN DE TITULARES DEL DÍA
Introduce tu dirección e-mail y recibirás cada mañana los titulares más importantes en tu correo

Haznos tu página de inicio | Visite también www.noticiasdealava.com | www.noticiasdenavarra.com

© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA · Tel 943 319 200 · Fax Administración 943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902

Enlaces patrocinados: Inmobiliarias | Disfraces | Agencias de publicidad | Tiendas de electrónica | Cirugía estética | Inmobiliarias | Asesorías | Peluquerías | Muebles | Clínicas | Seguridad | Mudanzas | Viajes | Hostales | Taxis | Hogar | Hoteles | Cerrajeros | Farmacias | Rótulos | Armarios | Trabajo | Hosting |
Ocio en Gipuzkoa | Hoteles en Madrid | Hoteles en Barcelona |